«Beldurrak uxatu nahi ditugu eta zentroa bideragarria dela jakinarazi»
Gasteizen errefuxiatuentzako nazioarteko harrera-zentro bat sortzeko proiektua lizitatu du Espainiako Gobernuko Migrazioen Estatu Idazkaritzak. Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko Asier Bengoarekin hitz egin dugu.
Gasteizen errefuxiatuentzako nazioarteko harrera-zentro bat sortzeko proiektua lizitatu du Espainiako Gobernuko Migrazioen Estatu Idazkaritzak. Erabakia orain hilabete batzuk hartu zuen Gobernu Zentralak.
Errefuxiatuentzako nazioarteko-harrera zentro bat ostatua, mantenua eta premiazko eta lehen mailako laguntza psikosoziala emateko establezimendu publikoa da, asiloa eskatzen duten edo errefuxiatuta edo lekualdatuta dauden pertsonak artatzeko, baldin eta baliabide ekonomikorik ez badute.
Gasteizekok (estatuan gehiago egin nahi dituzte) 350 lagun hartzeko gaitasuna izango du. 14,1 milioi euroko aurrekontua aurreikusi dute Estatuko Aurrekontu Orokorretan. Proiektua otsailean esleituko da eta lanak uztailean hasi. Zentroa 2024ko uztailean irekitzea aurreikusten du Gobernuak. Ondoren, faseka jarriko da martxan.
Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba taldeak berriki eman du iritzia zentroari buruz. Besteak beste, bost neurri zehatz planteatu dituzte errefuxiatuen zentroak harrera «integral eta duina» eskaini dezan: zentroa zabaltzea ez modu aislatuan, baizik eta hirian errefuxiatuentzat egokitutako bizitegi-baliabideen multzo batekin batera; gaur egun hutsik edo gutxiegi erabiltzen diren titulartasun publikoko higiezinak berrerabiltzeko plan orokor baten arabera kokatzea; haren irekiera udaleko eta urte anitzeko plan operatibo batekin batera onartzea, bertako egoiliarrentzat hezkuntza-, osasun- eta gizarte-baliabideak bideratu eta antolatzeko; auzoan esku-hartze komunitarioko programa bat aurkeztea; eta zentroa ireki ondoren, auzo-elkarte, erakunde, ikastetxe eta osasun-zentroek parte hartzen duten elkarrizketa mahaiekin koordinatuta kudeatzea.
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kidea da Asier Bengoa. Azaldu digunez, taldearen autua zentroarekiko eztabaidaren fokoa aldatzea izan da. EAJ eta PSEko politikariak «zentroa bai edo ez», edota «euskal arreta ereduaz eta estatukoaz» eztabaidatzen aritu dira eta, Bengoaren ustez, eztabaida «bahitu» besterik ez dute egin. Izan ere, zentroa egin egingo da eta eredu batez edo besteaz eztabaidatzean, ez dute edukirik eta neurri zehatzik ematen.
«Oso baldar ari da jokatzen Ministerioa, eta baita PSOE eta PNV ere. Inork ez zekien ezer honi buruz. Ustekabean etorri zaie eta ahal izan duen bezala atera da bakoitza, konturatu diren arte bien kalterako ari direla. Azkenean, eztabaida bulego batean, atea itxita, ematea erabaki dute eta publikoki esan dute hori», azaldu du Bengoak. Gehitu duenez, horrek are opakoagoa egin du prozesua eta salatu du ez dutela apenas informaziorik zentroak izango dituen ezaugarriei buruz.
Horregatik, bere kabuz ikertzen aritu da OEE. Estatuko beste gisa bereko harrera zentroak gertutik ezagutzen dituzten pertsonekin bildu dira, baita horrelakoetatik igaro diren errefuxiatuekin ere. Azkenean, testigantza zuzenen bitartez ondorioztatu dute zentroak «seguruak» direla, Bengoaren hitzetan. Nabarmendu du, hala ere, haiek ere deskonfiantza izan zutela hasieran.
Horregatik, argi dute Gasteizen lan pedagogikoa egiteko unea dela orain; zentroa egongo den lekutik gertu dauden auzoetan, batez ere. Helburua da «beldurrak uxatzea» eta auzokideei zentroa «bideragarria» dela jakinaraztea, horrela, zentroaren aurkako mezu alarmista eta arrazistak neutralizatzeko.
Bengoak uste du, gainera, «auzoa aberastu» egingo duela, eta garrantzitsua izango dela komunitatean integratzea eta auzokideak inplikatzea.
Pedagogia lana egitea helburu, OEE Arabako taldeak Vallekas auzoko elkartearekin egin zuen kontaktua, harreman estua baitute bertako errefuxiatuen harrera zentroarekin, azken ia 40 urteetan. Bengoak salatu duenez, baina, gobernu zentralak ukatu egin die zentrora sarrera, arrazoi politikoengatik. Horregatik, mahai-inguru informatiboa egin zuten joan den ostegunean Aranako gizarte-etxean, eta hizlari izan ziren Pepe Molina, Vallekaseko auzo-elkarte bateko arduraduna, eta Caty Maribel Lopez Honduraseko errefuxiatua.
Lan horrekin jarraituko du OEEk datozen hilabeteetan. Bermatu nahi dute, besteak beste, zentroa auzoetan integratu dadila eta esku-hartze komunitarioko programa batekin uztartu dadila. Borondate politikoa eskatzen dute, oro har, «plan baten baitan» eraiki dadin zentroa.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!