Arana klinika errefuxiatuen harrerarako egoitza izango da, Espainiako Gobernuak aginduta
Errefuxiatuen harrerarako lan egiten duten erakundeek kritikak egin dizkiote proiektuari, "ghetifikazioa" eragin dezakeelako. EAEko alderdi politikoen artean aurkako eta aldeko iritziak entzun dira, aurrekanpaina garaian. Gasteizko alkatea eta EAJ aurka agertu dira eta EH Bilduk errefuxiatuei harrera egiteko udal baliabide "deszentralizatu eta hurbilekoen" alde egin du.
Gasteizen errefuxiatuentzako nazioarteko harrera-zentro bat sortzeko proiektua lizitatu du Espainiako Gobernuko Migrazioen Estatu Idazkaritzak. Astelehenean jakinarazi zuten, erabakia orain hilabete batzuk hartua zuen arren Gobernu Zentralak, eta EAEko kargu eta alderdi politikoen artean askotariko iritziak entzun dira egun hauetan, aurrekainpaina garai betean.
Errefuxiatuentzako nazioarteko-harrera zentro bat ostatua, mantenua eta premiazko eta lehen mailako laguntza psikosoziala emateko establezimendu publikoa da, asiloa eskatzen duten edo errefuxiatuta edo lekualdatuta dauden pertsonak artatzeko, baldin eta baliabide ekonomikorik ez badute.
Gasteizekok (estatuan gehiago egin nahi dituzte) 350 lagun hartzeko gaitasuna izango du. 14,1 milioi euroko aurrekontua aurreikusi dute Estatuko Aurrekontu Orokorretan. Proiektua otsailean esleituko da eta lanak uztailean hasi. Zentroa 2024ko uztailean irekitzea aurreikusten du Gobernuak. Ondoren, faseka jarriko da martxan.
Errefuxiatuen harrerarako lan egiten duten erakundeek kritikak egin dizkiote proiektuari,«ghetifikazio-arriskua» dagoelako. Hala adierazi du Radio Euskadin Caritaseko Ramón Ibeasek, eta zentroak «atzerritarren barneratze-zentroekin (CIE) antzekotasun gehiegi» dituela azpimarratu du.
Urtaran aurka, EH Bildu «udal baliabideen alde»
Urtarrilaren 16an egin zen publiko Arana egoitza zaharrean errefuxiatuentzako harrera-zentroa egiteko proiektua. Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea, izan zen iritzia ematen lehenetarikoa: erabaki «unilaterala» dela eta aurkakotasuna adierazi zuen. Esan zuenez, uztailean jakinarazi zion Gizarte Segurantza eta Migrazio ministerioak asmoa eta aurka zeudela esan zioten Madrili orduan. Egoitzari dagokionez, alkatearen ustez, hiriak «ez du behar» horrelako errefuxiatuen harrera zentrorik.
Ildo berean mintzatu da Beatriz Artolazabal (EAJ) Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua ere. Artolazabal litzateke, konpetentzia Eusko Jaurlaritzak jasoko balu -EAJk eskatzen duen eran-, Immigrazioaren eskumena lukeen sailburua. Gainera, Gasteizko alkategai izango da datozen hauteskundeetan. Urtaranekin batera esan duenez, horrelako zentro handi batek «ghetifikazioa» eragin dezake eta migratzaileen arretarako «euskal ereduak» ez luke «makrozentroekin» funtzionatu behar, «zentro birdimentsionatu eta arreta indibidualizatuan» oinarrituta baizik.
Iruzkin horien aurrean, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Eneko Andueza PSEko buruak «xenofobia» eta «elektoralismoa» egotzi dizkio EAJri. Anduezak Arana klinikan egingo den errefuxiatuen zentroaren «beharrezkotasuna» defendatu du, esaterako, Ukrainako gerra piztu ondoren sortutako larrialdi egoerak artatzeko. Nabarmendu du, gainera, ez dela politika migratorioen karian hartutako erabakia: «ez gara etorkinez ari, errefuxiatuez baizik». Proiektua Europako direktrizei jarraiki egin dela ere azaldu du, ez Espainiako Gobernuaren iniziatibaz.
Gasteizko EH Bilduk, bere aldetik, adierazi du «udalerriek lehen harrera errazteko baliabideak» izan behar dituztela. Hala ere, uste dute baliabide horiek «deszentralizatuak eta hurbilekoak» izan behar dutela eta makrozentroetan oinarritutako eredua ez dela egokia: «Argi eta garbi apustu egiten dugu baliabide txikiagoen, deszentralizatuen eta udal-mailan pentsatuen alde, arreta- eta inklusio-prozesuak ahalik eta hurbilenetik bultzatzeko», adierazi du Rocio Viterok.
Koalizioak, era berean, «harridura» adierazi du PSEk eta EAJk, proiektuaren jakitun izan arren, ez duelako adierazpenik egin orain arte.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!