«Energia txute bat behar dugu, ondo pasatu eta elkarrekin gozatu»
Miren Lapitz eta Eneko Bermejo, '¡Que no nos quiten lo bailao!' ekimeneko kideak | Martxoaren amaieran aurkeztu zen ¡Que no nos quiten lo bailao! Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko ekimena, sareetan zabaldutako bideo baten bitartez. Bizi dugun krisiari gobernuek eta administrazioek emaniko erantzuna kritikatu zuten, eta mugimendu herritarrena goraipatu. Ordutik hona lanean aritu dira ekimeneko kideak, ekainaren 5eko zita prestatzen. Larunbatekoa mobilizazio, aldarrikapen eta gozamen eguna izatea nahi dute. Ekimeneko kide Miren Lapitz eta Eneko Bermejok idatziz erantzun dituzte ARGIAren galderak. through Argia.eus | Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1
Zer da ¡Que no nos quiten lo bailao! Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko ekimena, eta nortzuk ari zarete bultzatzen?
Kalean jaiotako dinamika bat da hau, kontzentrazioen artekoa, hainbat herri mugimenduko lagun eta bizilagunen arteko hausnarketa konpartitu ostean sortutakoa. Frustrazio eta tristezia sentsazio orokortuaren aurrean zerbait egiteko beharra sentitu genuen, energia txute bat izango zena, elkarrekin gozatzeko une bat eskainiko ziguna, eta ideia horrekin abiatu ginen. Egia da, denbora aurrera joan ahala eta jendearekin konpartitzen joan garen heinean, planteamendua bera aldatzen eta gorpuzten joan dela. Baina hilabete hauetan ideia argi batzuen gainean eraiki dugu dinamika: alde batetik, azken urte honetan herri mugimenduak egindako lana goraipatzea; bestetik, gobernu ezberdinetatik egin den kudeaketa salatzea; eta, azkenik, elkarrekin gozatzeko aukera ematea.
COVID-19aren aurrean gobernu eta administrazioek “arduragabekeriaz” jokatu dutela diozue. Zergatik, zertan?
Argi geratu da zein den haien lehentasuna, kapitala erdigunean jarri dute, bizitzak alde batera utziz. Guztiok ditugu buruan langilez goraino betetako autobus edo metroak, umeek ezin zutenean parkeetan jolastu. Mercedeseko langileek lana uzteko hautua egin arte lantegien produkzioa bere horretan mantentzea zen lehentasuna. Txalo asko eman dituzte baina diru gutxi osasungintza aurrera ateratzeko. Langileon eta herritarron ekimena izan da pandemia honetatik gizarte moduan salbatu gaituena. Gainera, debeku eta inposizio bidez aplikatu dituzte neurri berriak, azalpen gutxi emanez eta pedagogiarik gabe.
Gasteiz mailako ekimena da zuena. Nola baloratzen duzue zehazki Gasteizko Udala eta Gorka Urtaran alkatea krisi honi ematen ari diren erantzuna?
Oro har, Eusko Jaurlaritzak eta estatuak hartutako jarrera birproduzitu du Urtaranen udal gobernuak ere, baina azpimarratu nahiko genituzke Olarizuko etxegabetzea, neurrigabeko isunak eta jazarpen poliziala mozal legea baliatuz, edo gaztetxean emandako identifikazioak, adibidez. Udalak krisi egoera hau baliatu du bere politika neoliberalak aurrera eramateko.
Agintarien “arduragabekeriaren» aurrean herritarren jarrera eta ekimenak txalotu dituzue: zaintza sareak, langileen edo tabernarien ekimenak, mobilizazioak… Zer irakasgai atera daitezke horietatik, aurrera begira?
Kolektiboan erantzuten dugunean indartsuagoak gara eta arazoei aurre egiteko baliabide gehiago ditugu. Galdetu diezaiotela Tubacexeko langile bati nola sentitu den Aiaraldeako herriaren babesa jaso ostean. Pandemiak inoiz baino ageriago utzi du kapitalismo heteropatriarkalaren interesak zeintzuk diren, eta egoera sanitarioa hobera eginik ere krisi sistemiko batean murgilduta jarraituko dugu. Beraz, zaintza, autogestioa, elkarlana… erdigunean jartzea ezinbestekoa da.
Azken urteko bizipenak gogorrak izan direla eta egoera larria dela diozue, baina dantza eta ospakizun kutsua eman diozue ekainak 5eko deialdiari. Zergatik?
Egoera oso larria bizi izan dugu, gizarteak orokorrean oso gaizki pasa du eta gertakari latzak eman dira. Sufrimendu hori aitortu eta horri aurre egiteko herritarrok egin dugun esfortzua goraipatu nahi dugu. Baina tristezia eta frustrazioa nagusi den honetan, horri buelta ematen hasteko unea dela iruditzen zaigu. Energia txute bat behar dugu, ondo pasatu eta elkarrekin gozatu.
Mugimendu herritarrengana jo duzue ekainaren 5ean parte hartu dezaten. Zer proposatu diezue, eta zer erantzun jaso duzue?
Lehenik, hainbat eragilerekin eta mugimendurekin bildu ginen dinamika bera azaltzeko eta haien iritzia jasotzeko. Horrez gain, dinamikarekin bat egin eta haien aldarria plazaratzeko gonbita luzatu diegu, horretarako espazioa eta denbora eskainiz, eguna bera hamaika aldarrikapen eta kolorez margotzeko. Oro har harrera ona jaso du ekimenak, baina egia da egoera honek modu ezberdin askotan eragiten duela, eta horren arabera erantzun ezberdinak jaso ditugu.
Zer egitarau prestatu duzue ekainaren 5erako?
Goizean mugimendu herritarren aldarrikapenek hartuko dituzte kaleak. Eragile bakoitzak elkargune bat antolatu du plaza batean. Gehienak goizeko11.30etatik 12.30etara izango dira. 13.00etan aldarrikapen horiek guztiak batuko dituen mobilizazio orokorra abiatuko da San Anton plazatik, eta manifestazio formatua izango badu ere, sorpresatxo batzuk prestatu ditugu ondo pasatzeko eta gozatzeko. Eguna aldarrikapenez, dantzaz, musikaz eta jolasez beteko dugu, beti ere segurtasun neurriak kontuan hartuz.
Ekainaren 5aren ondoren, ¡Que no nos quiten lo bailao! Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko ekimenak segida izango du?
Herri mugimenduko espresio eta sektore ezberdinetan lanean eta borrokan jarraitzea da dinamika honen jarraipenik onena, hori baita dinamika honen helburuetako bat.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!