ELKARRIZKETA | Iñigo Leza (Arabako Mendiak Aske): «Trantsizio ekologikoaren aitzakiarekin gure mendiak eolikoekin bete nahi dituzte»
Puri-purian dagoen gaia da krisi ekosozialarena. Euskal Herrian hautsak harrotu diru Statkraft multinazionalak bi parke eoliko eraikitzeko asmoak: Araba eta Gipuzkoako mugan, Aramaio eta Eskoriatza artean bata, eta Azpeitian bestea. EH Bilduk begi onez ikusi du enpresa norvegiarraren proiektua. Mikel Otero parlamentariak «eskema oligopolistatik» aldentzen den formula dela esan du, baina «kostuak» ere izan ditzakeela.
Kontrako ahotsek diote industrializatu gabeko guneak babestu egin behar direla, trantsizio energetikoa ez dela lurra suntsitzeko aitzakia, eta alternatibak badirela. Arabako Mendiak Aske plataformako Iñigo Lezari elkarrizketa egin dio Julen Mendizabalek, Hala Bedi Irratiko Hizpidea magazineko esatariak.
Zer da Arabako Mendiak Aske?
Orain dela urte batzuk sortu zen Araban, mendietan eoliko asko egin nahi zituztenean. Berriro berpiztu da orain dela lau urte, gutxi gora behera, berriro asmo horrekin etorri direnean. Arabako Mendiak Aske plataforma bat da komunalaren defentsan, mendien defentsan eta, batez ere, lurraldearen defentsan. Esan dute gure atzean alderdi politikoren bat dagoela, baina argi dago ezetz. Plataforma bat gara, lurraren defentsan ibiltzen dena.
Hortaz, plataforma independente herrikoia zarete. Zein da zuen helburu zehatza? Mendiak ez industrializatzea al da?
Bai, hori da. Trantsizio ekologiko eta energetikoaren aitzakiarekin dena suntsitu nahi dute. Industrializatu gabe gelditzen zaizkigun apurrak suntsitu nahi dituzte: gure mendiak eta lursailak bete nahi dituzte eoliko eta fotovoltaikoekin. Ez dituzte erabili nahi edo ez dituzte erabiltzen poligono industrialak edo dagoeneko antropizatuta dauden espazioak.
Zalaparta sortu da Norvegiako Statkraft enpresak Euskal Herrian egin nahi dituen lau parke eoliko dela eta, EH Bilduren postura dela eta… Zein da zuen iritzia?
Gure ustez EH Bilduren adierazpenek bide ematen diete egun planteatzen diren zentral eoliko guztiei. Esaten dute Statkraft enpresa publikoa dela. Hori ez da egia. Euskal Herrian Statkraft ez da enpresa publiko bat, norvegiar estatuaren enpresa bat da. Norvegiako estatuak funts bat dauka enpresa horretan eta funts hori Iberdrolaren hirugarren akzioduna da. Eta funts hori dago BBVan, Santanderren, Inditexen, Caixabanken, Telefonican, Applen, Microsoft, Amazonen, Facebooken, Googlen… Statkraft ez da enpresa publiko bat eta horrelako adierazpenek ez dakit zer ezkutatu nahi duten.
EH Bilduk hori esan eta gero Fagorreko arduradun bat ere agertu zen ekimen horiek interesgarriak direla. Baina kooperatiba horrek, MCCk, parte hartzen du Araban egin nahi duten zentral fotovoltaiko erraldoian, 200 hektareakoa. Guk ez dugu ulertzen zergatik ez dituzten jartzen plaka horiek beraien poligonoetako teilatuetan. MCCk hektareak eta hektareak ditu.
Akats handia iruditzen zaizkigu EH Bilduren adierazpena eta Fagorrena, eta atzera egitea espero dugu.
Proposatzen duzuena da, beraz, Euskal Herriko ingurune biziduna artifizializatu beharrean dagoeneko artifizializatuak daudenak erabiltzea?
Bai. Argi izan behar dugu sistema sozioekonomiko hau, kapitalismoa, ez dela bideragarria pertsonentzako eta ingurugiroarentzako. Aldatu egin behar da. Oso garrantzitsua da lurraldea defendatzea, kapitalismoak emango dituen azken kolpeak oso latzak izan daitezkeelako gure mendi eta lursailentzako. Hor ekoizten da jaten duguna. Zaintzen ez badugu etorkizunean ez dugu izango.
Puri-purian egon da eztabaida Araban parke eoliko berria proposatu dutenetik. Komunikabideetan sarri aipatu da. Jarri al da harremanetan inor Arabako Mendiak Askerekin?
Bai. Elkarrizketak egin dizkigute zer pentsatzen dugun jakiteko EH Bilduren posturaren inguruan. Aramaioko EH Bildu zentral eoliko horren kontra jarri zen orain dela hilabete batzuk. Zentral eoliko hori da Statkraftek jarri nahi duena. Ez dakit zer gertatuko den orain. Azpeitian esan dute ondo ikusten dutela. Oraindik ez dago dena itxita, baina horrelako adierazpenak ez dira onak gure mendiak babesteko. Beste leku batzuetan ere gauza oso latzak egiten ari dira energia berriztagarrien izenean, British Columbian, adibidez.
Ekotopaketak ospatu dira joan den asteburuan. Eragile berri bat sortzearen beharraz aritu dira, krisi ekosozialari aurre egiteko. Zer eskatuko zeniokete eragile berri horri? Zein dira egoerari aurre egiteko ezinbesteko puntuak?
Lehenengoa, gelditzen zaizkigun eremu babestuak defendatzea, eremu naturalak babestea. Hori eta kapitalismoa iraultzea.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!