Elkarretaratzea deitu du pentsiodunen mugimenduak larunbatean Gasteizen
Egungo pentsiodunen mugimenduaren jaiotzaren IV. urteurrena dela eta, azken lau urteetako borrokaren aitortza eta balantzea egin nahi izan dute, baita egiteko eta erronka berriei heldu ere.
Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak elkarretaratzeak deitu ditu larunbaterako, urtarrilak 15, Euskal Herriko hamaika herri eta hiritan, egungo pentsiodunen mugimenduaren IV. urteurrena dela eta. Data sinboliko hori probestu nahi izan dute orain arte egindako lana balioan jarri eta lortutakoaren balantzea egiteko, eta baita egungo testuinguruak dakartzan erronka berriak plazaratzeko ere.
Arabako Pentsionistek Gasteizen konbokatu dute elkarretaratzea «Borrokatzeak merezi du! Pentsio publiko duinak» lelopean. Urrezko Zeledonen Plazan (Correos-en) izango da, 12:00etan.
2018. urtean hasi zuen ibilbidea pentsiodunen mugimenduak, pentsioen % 0,25eko igoeraren aurrean, gutxienez urte arteko KPIaren bidez eguneratzeko bermea eskatzeko eta pentsio publiko eta duinen eskakizuna aldarrikatzeko. Abiapuntu horrekin, «lau urteko borroka horrek merezi izan duela» berretsi du pentsionisten mugimenduak. Izan ere, besteak beste, PP alderdiak egindako erreforman ezarri zen Pentsioen Balorizazio Indizea aplikatzeari uztea eta Jasangarritasun-Faktorea indarrean jartzea atzeratzea lortu dute.
Era berean, urtarrilaren 15eko deialdiaren «garrantzi berezia» azpimarratu nahi izan dute, «egungo panorama zailaren aurrean». Berriki onartu den pentsioen erreformak, salatu dutenez, pentsiodunei % 3 «lapurtzen» die modu iraunkorrean (ez baitu KPIaren araberako igoera erreala bermatzen), erretiro-adina 67 urtera atzeratzen du, hasierako pentsioa kalkulatzeko urte kopurua handitzen du, %100erako kotizatutako urte gehiago eskatzen ditu eta lan-bizitza luzatzea saritzen du. Gainera, Belaunaldien Arteko Ekitate Mekanismoa jarriko du indarrean, Iraunkortasun Faktorearen ordezkoa.
Lan erreforma ere arbuiatu dute pentsio duinen aldeko eragileek, «enpresaburuen mugen eta ezarpenen aurrean, ez baitu prekarietateari behin betiko aurre egiten eta ez baititu enpleguen sorrera eta soldata duinak bultzatzen». Aipamena egin nahi izan diote, gainera, pandemiak agerian utzi dituen osasun-sistemaren eta sistema soziosanitarioaren «akats eta gabezia guztiei» eta, horien aurrean Osakidetzak, Osasunbideak, Gasteiz, Iruña eta Foru Aldundietako gobernuek egin duten pribatizazioaren aldeko politika salatu dute.
Egoera horren aurrean, pentsiodunen mugimenduak argi ditu urte berriak ekarri dizkion erronkak: «pentsioak KPI errealarekin errebalorizatzeko promesak, 1080ko Gutxieneko Pentsioa, genero-arrakala murriztea, legegintzaldiaren amaierarako gutxieneko soldata batez besteko soldataren %60ra ezartzea, eta lan-erreformen eta pentsioen alderdi negatiboak indargabetzea egiteke daude oraindik». Aldarrikapen horiek kalean mantentzeko asmoz egingo dituzte larunbateko elkarretaratzeak, eta eragile sindikal eta sozialen babesa izango dute.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!