Elkarbizitzaren hautuan berretsi dira presoen eskubideak defendatzeagatik epaituko dituzten arabarrak
Irailean 11/13 prozeduraren baitan epaituko dituzten bost arabarrek lehen agerraldia eskaini dute. Epaiketa "erabat anakronikoa" dela salatu dute.
Irailaren 16an hasiko da Auzitegi Nazionala epaitzen euskal preso politikoen eskubideen alde egindako lana. Guztira, 47 herritar epaituko dituzte, tartean, bost arabar: Ane Zelaia, Gorka Gonzalez, Egoitz Lopez de Lacalle, Nagore Lopez de Luzuriaga eta Izaskun Abaigar.
Lehenengo biei 14 urte eta erdiko espetxealdia eskatzen du Fiskaltzak; Lopez de Lacalleri 12 urteko espetxe zigorra; eta Etxerat elkarteko Nagore Lopez de Luzuriagarentzat eta Izaskun Abaigarentzat 11 urteko espetxealdi bana. Bai, Herrira, Jaiki Adi eta Etxerat mugimenduetakoak, edo bitartekariak eta euskal presoen abokatuak izateagatik eseriko dira epailearen aurrean, besterik ez.
Eskualde ezberdinetan salaketa lanak hasi diren honetan, hiru auziperatuk bost auziperatuen izenean lehenengo agerraldia egin dute Gasteizen ostegunean. Bertan, kasuaren nondik norakoak eta haiek nola dauden eman dute jakitera prentsa-gosari formatua izan duen solasaldian.
Epaiketa «anakronikoa»
Epaiketa kontestualizatzeko, euskal presoen eskubideak oraindik urratuak daudela gogoratu dute: «Dispertsioak bere horretan dirau edo larriki gaixorik dauden pertsona espetxeetan daude oraindik», gogoratu du Lopez de Luzuriagak.
Zentzu honetan, epaiketa «erabat anakronikoa» dela salatu du Gonzalezek, elkarbizitzaren eta konponbidearen aldeko apostuan berretsiz.
«Terroristak fabrikatzeko manual bat topatu zidatela esan zuten telebistan, baina sari ezberdinak jaso dituen DVD bat baino ez zen», esan du Lopez de Luzuriagak prozesu guztiak maila pertsonal eta politikoan izango dituen kalteak aipatzeko. «Ondo ezagutzen dugu espetxea, besteak beste, gure senideak bisitatu behar izan ditugulako. Badakigu zeinen gogorra den».
Beste datu bat ere eman dute jakitera. Lehenengo sarekadatik -Herrira- sei urte bete dira eta ordutik, Arabako bost auziperatuetatik lauk seme-alabak izan dituzte, epaiketak ere maila pertsonalean nola eragingo dien ulertzeko baliagarria izan daitekeen datua.
Eta beste zifra bat hurrengoa da: 350.000 euro suposatuko die epaiketak lekukoak, garraioa, abokatuak eta bestelakoak kontutan hartzen baditugu. Hau da, auziperatu bakoitzeko 7.500 euro guztira, Arabakoen artean 42.500 euro. Honi aurre egiteko ere dinamika ezberdinak martxan daudela eman dute jakitera, jasotzen ari duten elkartasuna eskertzearekin batera.
Dinamika ezberdinak martxan
Datorren ostegunean, uztailaren 4ean, 5ak Gasteizen dinamikaren aurkezpen publikoa izango da.
Mobilizazioei dagokienez, bi zita nabarmendu dituzte: irailaren 14an, Euskal Herri mailako manifestazioa Bilbon eta iraileko lehen asteburuan tokian-tokikoak, Gasteizko kasuan, irailaren 7an.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!