De Miguelen koartada berria, edo euroak nola bihurtu pezeta
Euskal Herrian inoiz epaitu den ustelkeria kasu handiena berriz ere abian da. Fiskalarekin akordiorik lortu gabe, astelehenean hasi zen deklaratzen Alfredo de Miguel auziko akusatu nagusia. Bere kontrako akusazioak ukatzeaz gain, EAJko Arabako buruzagi ohiak hainbat koartada harrigarri atera zituen poltsikotik, komisiorik ez zuela eskatu ziurtatzeko.
Auzia lehertu zenetik hona dozenaka peritu eta lekukok hitz egin dute makina bat informazio eskuan, eta duela egun gutxi erruduntasuna onartzeko zorian ere izan da Alfredo de Miguel, fiskalarekin akordioa lortzearen ordainetan. Baina astelehenean, denbora honetan ezer gertatu ez balitz bezala, hasierako argumentuei eutsi eta bere kontrako akusazio guztiak ukatu ditu burukide ohiak.
Beste behin, El Diario.es-eko Iker Rioja kazetariari esker dakizkigu epaiketaren xehetasun garrantzitsu asko, beste medio handiak ofiziozko albiste hotzak ematera mugatu baitira. Hala, De Miguelek bi koartada erabili ditu ustezko komisio eskaerak justifikatzeko.
Deklarazio luze eta antzeztuan –Gonzalo Susaeta bere abokatuaren galderei bakarrik erantzungo die– azaldu du Ainhoa Alberdi lekuko nagusiari eskatutako dirua –“kutxatilatik pasatzea”– ez zela komisioa, baizik eta ISO kalitatezko ziurtagiria lortzeko ustezko lan batengatik 30.000 euro zor zizkiola haren enpresak. Bestetik, e-posta batean azaltzen den “gurea 100-ean utziko dugu” esaldia, ez omen ziren 100.000 euro, baizik eta etxebizitza batean alokairuan zuen maizterrak zor zizkion “100.000 pezeta” edo 600 euro.
Akusatuen frontean arrakalak irekita, epaiketa lehertzear
Orain arteko monotonia hautsiko duten norabide aldaketak egon daitezke hemendik aurrera De Miguelauziko epaiketan. Hilabetez etenda egon dira auzi-saioak, Josu Izagirre fiskala akusatuekin negoziatzen aritu baita euren erruduntasuna onartzea zigor eskaerak jaistearen truke.
Asteleheneko saioan jakinarazi duenez, akusatuen zati “garrantzitsu” batekin akordioa lortu du, eta orain ikusteko dago akusatu horien deklarazioak nola eragingo duen gainerakoengan. Fiskalak ez duena argitu da zeinekin lortu duen akordioa eta estrategia hori buru-haustea izaten ari da Susaeta abokatuarentzat; deklarazioen ordena aldatzea ere eskatu du, baina beste akusatuen defentsek eta epaimahaiak berak ez dute halakorik nahi izan.
Izan ere egoera berri honekin, Alfredo de Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohi eta ustezko ustelkeria sarearen buruei egozten zaizkien delituak –dirua zuritu, legez kanpoko komisioak jaso eta hirigintza operazioekin iruzur egitea, besteak beste– frogatzeko datu eta testigantza gehiago azalerazi daitezke epaiketan zehar.
Ustekabean leher daitekeen zelai minatua bihurtu da De Miguel auzia.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!