«Buruan genuena diskora eramatea lortu dugu»
Negu-usaina nabari da Gasteizen. Aire hotza, aire freskoa eta, batik bat, aire berria. Montaukek bigarren diskoa argitaratu du, Geruzak. Beñat Goitiak geruza askoz betetako lan hotz eta trinkoa dela dio. Igartzen da, eta badakigu: iritsi da negua.
Gorka Peñagarikano | Argia.eus bidez
Urriaren amaieran Geruzak (Erraia, 2018) argitaratu zenuten, zazpi kantaz osatutakoa. Zein dira diskoaren geruza horiek?
Lehenengoa Bilaketan (autoekoizpena, 2016) deitu zen, nahi genuenaren bila baikenbiltzan. Geruzak aldiz, ibilbidearen deskribapen bat bezala da. Bilatzen hasi, lehen diskoarekin oinarria finkatu eta enbor horri geruzak jarri. Kontzeptu aldetik hori zen asmoa. Produkzio aldetik kapa asko ditu, eta horiekin guztiekin esentzia topatu dugu.
Berrikuntzetako bat diskoetxean dago, Erraia zigilua darama. Zer da Erraia?
Gasteizen lagun artean sortutako diskoetxea da. Izaki Gardenak, Joseba B. Lenoir eta Montaukek, hirurok sortu dugu. Autoekoizpenean oinarritzen gara, eta talde moduko bat osatu dugu. Lan egiteko moduak batzen gaitu, metodologia bera dugu. Durangora elkarrekin joan ginen, eta kontzertu asko batera eman ditugu, baita emango ere. Elkarlanerako sortutako taldea da izatez, indar biltze bat, autoekoizpenak dituen zailtasunei aurre egitea errazago egitea helburu duena.
Bilaketan lehendik egindako kantak musikatzetik etorri zen. Geruzak bi urteren ostean etorri da. Jarraikortasuna eman nahi izanagatik, presiopean aritu zarete?
Abestiak bi urtetan joan dira sortzen, inolako presiorik gabe. Hori du autoekoizpenak: ez duzu ezer sinatu eta ez duzu konpromisorik, zeurekin baino ez. Helburu moduko bat jarri genuen: diskoa bi urtetan kaleratzea. Lehen urtean, Bilaketan diskoa aurkeztu eta kontzertuen joan-etorriak tarteko, ez genuen apenas denborarik izan. Bigarren urtean sortu da gehienbat.
Izaki Gardenak taldeko Libe Garcia de Cortazar eta Jon Basagurenen laguntza izan duzue zenbait kantatan. Zer moduz joan da?
Modu naturalean sortu da, ez zen gure hasierako asmoa. Erraiarengatik hurbiltasuna eta laguntasuna izan dugu haiekin. Emakume ahots bat sartu nahi genuen abesti batzuek bazutelako ukitu horren beharra, eta Libe izan zen. Niretzat biak dira erreferente, eta ilusioa egin zidan.
Aurreko diskotik hona, zertan hobetu du Montaukek?
Lehen diskoa egitean hasiberriak ginen, lehen aldia baitzen. Bigarren honetan bagenekien jada zer zen estudio batean sartzea, zer lan eskatzen duen aurretik. Produkzio lana garrantzitsua da; bost egun dituzu estudioan eta zenbat eta gehiago egin aurretik, orduan eta emankorragoak dira. Kantak oso landuta eraman genituen, hori izan da Montaukek izan duen hobekuntza nagusietako bat. Musikalki ere gauza berriak sartu ditugu. Sintetizadoreak, elektronika… eta buruan genuen hori musikara eramatea lortu dugu.
Montauk New Yorkeko lurmuturra da. Zergatik izen hori?
Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria irakurtzen nenbilela otu zitzaidan. Nobelaren barruan beste nobela bati buruz hitz egiten da, Max Frisch idazle suitzarraren Montauk. Besterik gabe, izena dotorea dela iruditu zitzaidan, fonetikoki batik bat. Montauki buruz ikertu nuen, eta harritu egin ninduen. AEBetako armadak base bat jarri zuen han, lurmuturrean, ikerketa psikologikora bideratutakoa. Egiten zituzten gauzak interesgarriak iruditu zitzaizkidan, misteriotsuak, eta ondo zetorkion izena taldeari.
Itzali da Berlin izan da lehen aurrerapen kanta, orain arteko entzutetsuena. Zer du Berlinek, Gasteizek ez duenik?
Euskaldun gazteok, batik bat gasteiztarrok, badugu nolabaiteko lotura Berlinekin. Europako hiri alternatiboa da, dekadentzia ukitua duena, eta badu zerbait euskal gazteria erakartzen duena. Lagun batekin egon ginen han. Aski ezaguna den Berlingo gaua ezagutu genuen, eta bazuen misterio zantzu hori. Eta kanta sortzera eraman ninduen, xarma berezia duelako.
Munduaren alde honetan abestian, honela diozue Libek eta zuk: “Bizirauteko ahaleginean, munduaren alde honetan”. Zein dira bi mundu horiek?
Itsasoa lurraren espaziora pasatzen dela proposatzen da, eta lehen lurra zena orain itsaso bihurtuta dagoela. Gaur egun behartuta gaude edozein egoeratara egokitzera. Mundua alderantziz jartzen denean, bizimodu horretara egokitzea besterik ez dugu, hori egitera kondenatuta gaude. Mundu zoro bat irudikatzen da abesti horretan. Anfibioak aipatzen dira, uretan eta lurrean bizirauteko gai diren pertsonen gisan. Zera adierazi nahi da, behartuta gaudela edozein egoerari aurre egitera eta egokitzera.
Kantek badute abstrakzio puntu bat.
Lausotasun handia dute. Zuzenean ez dio entzule guztiei kolpe bera ematen. Bakoitzak nahi duena uler dezake. Oinarrian, azkenean, hori dago; entzunaldi gehiagorekin jendea kapa horiek deskubritzen joan daitekeela, bakoitzak nahi bezala. Kanten izaera mugagabeak kantak luzatzeko ahalmena eman digu, kontaketa narratibo bat egitekoa eta interpretatzekoa. Hori egin dugu sare sozialen bitartez; kanta bakoitzari egun bat eskaini eta horri buruz idatzi, ilustrazio baten laguntzaz.
Beldurrez eta kezkaz jositako pertsonaia baten larruan jartzen da entzulea.
Sarritan musikariok maitasunaz mintzo gara, nahiz batzuk modu orokorragoan aritu edo esplizituago edo inplizituago agertu. Baina denetan dago kezka, beldurra eta maitasuna. Lehen diskoarekin alderatuta, bide beretik doaz kantak, baina badago ukitu baikorrago bat, nahiz eta oraindik ere badagoen konnotazio negatibo bat. Hoztasuna transmititzen dugula esango nuke, baina aldi berean etxearen berotasuna ere bai. Aldebikotasun horretan dago gure esentzia. Hoztasun horri buelta emateko aukera bat ematen du diskoak, dantzarako edo laguntasunerako bultzatzen duena.
Zuzenekoetarako prestatzen ari zarete. Zertan, zehazki?
Diskoari eman beharreko beste interpretazio bat da zuzenekoa: nola islatu geruza horiek denak bi eskurekin. Aitor Garcia de Vicuña olagarro baten antzera dabil, gitarrarekin eta sintetizadoreekin, bata eta bestea jotzen. Orain zuzenekoetarako aukeraketa bat egin behar dugu, zer eta noiz jo, erakutsi nahi duguna erakutsi ahal izateko. Kontzertuek diskoa baino zuzenago behar lukete izan, eta gordinago eta zikinago arituko garela esango nuke.
Albiste hau aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu Hala Bedirara. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!