Bueltan dira «Martxoak 3» elkarteak Gasteizko langile-memoria ezagutzeko antolatutako bisita gidatuak
Gasteizko langile-memoria ezagutzeko bisita gidatuei ekin diete berriz ere Martxoak 3 elkarteko kideek. Osasun-krisiari egokitutako neurriak direla eta ibilbidean aldaketak egin behar izan dituzte eta bisitak ezingo dira San Frantzizko eliza barruan elkarteak duen espazioan amaitu.
Hiru hilabeteko etenaldiaren ostean jarduerari berrekin diote Martxoak 3 elkarteko kideek eta Zaramaga auzoan zeharreko bisita gidatuak eskaintzen hasi dira berriz. Martxoaren 7an eskaini zuten azkenengo bisita gidatua. Pandemiaren eraginez dagoeneko erreserbatuta zeuden 10 bisita gidatu bertan behera utzi behar izan zituzten.
2016an hasi ziren bisita gidatuen bidez Zaramaga auzoa zeharkatzen duen Memorial interaktiboa ezagutzera ematen, 1976ko sarraskiaren 40. urteurrenean. Bisitek arrakasta handia izan dute lau urte hauetan zehar eta elkarteak «oso positibotzat» jotzen du hauen garapena. Dagoeneko 5.000 pertsonek baino gehiagok egina dute bisita gidatua. Azken urtean webgune espezifiko bat jarri zuten martxan ekimenari bultzada berri bat emateko.
Gaur bertan, ekainak 4, ekin diote berriz bisita gidatuak eskaintzeari eta hauek doakoak eta hirueledunak izaten jarraituko dute. Uztailean eta abuztuan bisitak eskainiko dituzte ere.
Osasun-neurriei egokitutako bisitak
Hainbat aldaketa egin behar izan ditu «Martxoak 3» elkarteak bisitak osasun-neurriei egokitzeko. Ibilbidean zehar erabiltzen dituzten mp3 gailuetarako entzungailu propioak ekartzea eskatu diete bisitariei. Bisitan maskara eta eskuetarako gela erabiltzea ere gomendatzen dute elkarteko kideek. Bisitari kopuruan ere aldaketak egin dituzte, 14 pertsonako taldeak osatuko dituzte, gidariarekin batera 15 pertsona orotara.
Aldarrikapenak mahai-gainean
Bisitek izango duten aldaketa nabarmenena hauen bukaera lekua izango da. Orain arte San Frantzizko eliza barruan elkarteak duen areto txiki batean bukatu izan dira, elizaren katekesi gela zaharrean. Gela honek eliza osoaren azaleraren %5 hartzen du bakarrik eta segurtasun distantziak mantendu ahal izateko Martxoak 3 elkartearen M3moria Gunean bukatuko dute ibilbidea.
Elkartearen iritziz aldaketa honek mahai-gainean jartzen du, betse behin, San Frantzizko eliza Memoria eta Giza Eskubideen zentro bilakatzeko beharra. Elkarteak gogorarazi du eliza 2014an itxi zizkiola ateak erlijio-jarduerari eta «Gasteizko gizartearen gehiengo zabal batek» partekatzen duela Memoria eta Giza Eskubideen zentroa irekitzeko eskaera.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!