Borreroen inpunitatearen aurrean, preso politikoen duintasuna
Burua gora atera da Leonald Peltier kartzelatik, 49 urte preso egon ostean. 50 urte inguruan bazaude, begiratu atzera, txikitatik daukazun oroitzapen urrunenera. Handik hona milaka bizipen izan dituzu. Bitartean, jaio zinenetik gaur egunera arte Leonald Peltier kartzelan pasatu du zure bizitza hori osoa, bere eguneroko errutinazko bizipenekin. Urte bat gehiago, hilabete bat gehiago, aste bat, egun bat, ordu bat… Hala ere, gaixorik eta 80 urterekin kartzelatik ateratzean, burua gora atera da. Ipar Amerikako jatorrizko herrien erresistentziaren ikur nagusiak bere borrokari, bere herriari ez dio iruzur egin.
1976an atxilotu zuten Leonald Peltier, Amerikako Mugimendu Indigenaren kidea, enfrentamendu batean FBIko bi kide hiltzeaz leporatuta, berak bere errugabetasuna aldarrikatu eta epaia irregulartasunez beteta egon arren, testigantza faltsuak barne. Oso garesti ordaintzen da Estatuaren morroi armatuak hiltzeaz akusatua izatea. Blue lives matter (More than others. Of course). Ez, ordea, Estatuaren morroi armatuek herritarrak sarraskitzea. Izan ere, Pine Ridge sioux erreserban 60 pertsona baino gehiago hil zituzten, eta inork ez du ordaindu krimen horiengatik.
Duintasunaren sinbolo hori atxilotua izan zen urte berean, 1976an, beste borrokalari handi bat giltzapean sartu zuten, handik milaka kilometrotara: Brendan Bik McFarlane IRAko militantea. Orain, Peltier etxe barruko atxilotzera pasatu eta hilabete batera, otsailaren 21ean, Irlandako askatasunaren aldeko borrokaren ikurretako bat fisikoki amatatu zen. Bik McFarlane preso errepublikanoen borroka gogorrenaren protagonista izan zen, non 10 kidek heriotzaraino eraman zuten gose greba. Bere herriaren askatasunaren aldeko konpromisoan tinko mantendu zen bizitza osoan, barruan eta kanpoan, eta bere elkartasuna beste herrien borroketara helarazi zuen, tartean Euskal Herrira.
Bik McFarlanen heriotza fisikoaren berria zabaldu zen egun berean, beste preso politiko baten berria heldu zitzaigun: Europan kartzelan denbora gehien daraman preso politikoari baldintzapeko askatasuna onartzeko erabakia ekainera arte atzeratu dute. George Ibrahim Abdallah militante komunista libanoarrak 40 urte darama preso Estatu frantsesean. Bere militantzia harro mantentzen du, bere ziegako horman presente dagoen Che Guevararen begiradapean. 1999tik baldintzapeko askatasunean egon zitekeen, hango legearen arabera. Hala ere, 9 aldiz ukatu diote, ziur aski Amerikako Estatu Batuetako eta Entitate sionistaren presiopean. Izan ere, Parisen Mossadeko agente bat eta militar estatubatuar bat hiltzea leporatu zioten. Oso garesti ordaintzen da Estatu inperialisten zerbitzariak hiltzeaz akusatua izatea. Ozeanoko beste aldera bueltatuta, adibide nagusia daukagu Mumia Abu-Jamal. Pantera Beltza Alderdiko militantea espetxeratua izan zen polizia bat hiltzeaz leporatuta, lekuko batzuek presiopean testigantza faltsuak eman zutela gero aitortuta. Hasiera batean heriotzara kondenatuta, 44 urte darama Pennsylvaniako espetxe batean. Oso garesti ordaintzen da polizia bat hiltzeaz akusatua izatea, poliziaren inpunitatea araua den sisteman, izan Amerikako Estatu Batuetan izan demokratikoak omen diren Estatuetan. Euskal Herrian badakigu zerbait horri buruz. Gasteizen ere badakigu zerbait horri buruz, besteak beste, Martxoaren 3 bakoitzean mobilizatzean, poliziaren eta Estatuaren inpunitatearen aurrean ez ahazterik ez barkamenik oihukatzean. Tiro egin zutenak zein tiro egiteko agindua eman zutenak hilobira joan dira eta joango dira ordaindu gabe. “Hemos contribuido a la paliza más grande de la historia. ¡Muchas gracias!, ¡buen servicio!”.
Oso karrankaria izan arren, borreroen inpunitatearen zarata zekena eta iraingarriak ezin izan du herrien duintasunaren askatasunaren oihu tinko eta barea isilarazi. Ez kaleetan, ez oihan eta mendietan, ez basamortuetan, ezta zapaltzaileen ziegetan ere. Bizirik dagoen herriak ezin ditu inolaz ere kolektiboaren alde bizitza eta askatasuna eman dutenak ahanzturan galtzen utzi. Ziegetako barroteen artean iragazten den duintasun hori hainbat hizkuntzatan idazten eta ahoskatzen da. Doinu latinoa dauka Coloradoko kartzelan 20 urte preso mantentzen duten Simon Trinidad FARC-EPko komandante ohiaren ahotsak, inperiora estraditatua izan zenetik. Doinu latinoa dauka Abya Yalako zonalde ezberdinetako iraultzaile preso askoren bozak ere. Duintasuna arabiarrez ere idazten da, Entitate sionistaren tortura-zentroetan zein Maroko eta okupatutako Saharako kartzeletan ere. Duintasuna mapudungunez ahoskatzen da, kurdueraz, zein beste hizkuntza batzuetan Europan bertan ere. Azken egunetako adibidea daukagu Manuel Perez ere, Camarada Arenas, 32 urte gatibu egonda ukabila altxatuta atera dena. Duintasuna, nola ez, euskaraz ere adierazten da, hainbeste hamarkadetan zehar euskal preso politikoen ziega hotsetatik, baita askoz gutxiago nabarmentzen den euskal deportatu eta iheslarien urruntasunetik ere.
Bukatuko dut testu hau esaera aproposenarekin, José Martí kubatarrak idatzitakoa. Bera ere preso politikoa izan zen. Hain zuzen, kolonialista espainiarrek 16 urterekin kartzelaratu zuten eta, hanka girgiluz lotuta, harrobietan lan egitera behartu zuten, “El presidio político en Cuba” idazkian deskribatu zuenez. Geroago deportazioa ezagutu zuen bitan, bere herriaren independentziaren alde borrokan bizitza eman arte.
Honako hau idatzi zuen José Martík 1882an, gaurkotasun osoa mantentzen duena: “Ohorerik gabeko pertsona asko daudenean, beti daude pertsona batzuk askoren ohorea daukatenak. Pertsona horiek dira herriei askatasuna lapurtzen dietenen kontra aritzen direnak, azken finean pertsonei bere ohorea lapurtzea dena. Pertsona horiengan milaka pertsona biltzen dira, herri oso bat irudikatzen dute, gizakien duintasuna adierazten dute.”
Iñaki Etaio
Internazionalista
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!