Bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia kontsumoa murriztu dezakeela ondorioztatu du Errekaleorren egindako ikerketa batek
EAEko eta Errekaleor auzo askeko energia kontsumoa kalkulatu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde batek, aztarna energetikoan eragiten duten faktoreak ezagutzeko.
Pertsona edo komunitate batek sortzen duen energia aztarna ez da soilik etxean edo garraioan kontsumitzen den energiaren araberakoa. Aitzitik, uste baino faktore garrantzitsuagoa da kontsumitzen ditugun ondasun eta zerbitzuak ekoizteko erabilitako energia: hau da, zeharka kontsumitzen duguna. Hori frogatzeko, Errekaleor auzo askeko eta EAEko energia aztarna alderatu dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group ikerketa-taldeek argitaratu berri duten ikerketa batean (Global Multi-Regional Input-Output methodology reveals lower energy footprint in an alternative community project, 2022).
Besteak beste, bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia kontsumoa (energia aztarna) murriztu dezakeela ondorioztatu dute ikerlartzaileek: izan ere, Errekaleor auzoko biztanleko aztarna energetikoa EAEkoa baino %24 txikiagoa dela kalkulatu dute (31.1 MWh eta 40.9 MWh biztanleko urtean, hurrenez hurren).
Energia aztarna
Energia aztarna (Total Primary Energy Footprint, TPEF) adierazlea erabili dute ikerketan. Horrek, etxebizitzetan, garraioan, industrian eta zerbitzuetan zuzenean kontsumitzen den energiaz gain, ezkutuko energia-fluxuak ere hartzen ditu kontuan. Hau da, herrialdeez ari bagara, beste herrialde batzuetatik, ondasun eta zerbitzu gisa inportatutako energia kontabilizatzen du.
Ondasun eta zerbitzuak, oro har, Hegoalde Globaleko herrialdeetan ekoizitu eta Ipar Globalekoetan kontsumitzen direnez, ezkutuko energia-fluxuak kontuan hartzen ez badira, kalkulatzen den Ipar Globaleko energia kontsumoa berez dena baino txikiagoa da eta, era berean, Hegoalde Globaleko herrialdeek benetan kontsumitzen dutena baino energia gehiago kontsumitzen dutela ematen du.
Errekaleor auzo askea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko aldea
Jasotako emaitzen arabera, Errekaleorreko biztanleen aztarna energetikoa txikiagoa da EAEko eta espainiar Estatuko biztanleena baino: %24 eta %14 txikiagoa, hurrenez hurren. Ikerlariek diote produktu eta zerbitzuetan txertatutako energia-fluxu ezkutua dela alde horretan eragiten duen faktorea: Espainiar Estatuko aztarna energetiko totalaren %81, EAEko aztarnaren %75 eta Errekaleorreko aztarnaren %66a da.
Horrela, ondorioztatu dute produktu eta zerbitzuen kontsumoa edo zeharka kontsumitzen den energia dela aztarna energetikoa baldintzatzen duen faktore nagusia, ez etxebizitza eta garraioan egiten den kontsumo zuzena. Izan ere, Errekaleorreko biztanleen aztarna energetikoa txikiagoa da, etxebizitzan eta garraioan kontsumitutako energia gehiago izanagatik ere. Errekaleorreko instalazio fotovoltaiko isolatutik datorren argindarra auzoko aztarna energetiko totalaren %0,6-a baino ez dela azpimarratu dute, zentzu horretan.
Nabarmendu dute, gainera, Errekaleor auzoko biztanleen artean ere badela energia aztarna aldatzen duen faktore bat: etxebizitza batean bizi den pertsona kopurua. Familia edo taldean bizi diren pertsonek % 33,5eko aztarna txikiagoa dute bakarrik bizi diren pertsonek baino.
Horrelako ikerketak, zertarako?
Estitxu Villamor ikerketaburuak Elhuyar aldizkariari azaldu dionez, ikerketa baliagarria da, batetik, aztarna ekologikoan eragiten duten faktoreen garrantziaz jabetzeko eta, bestetik, aztarna txikitzeko politika eraginkorragoak diseinatzeko.
Izan ere, egungo gizartearen kontsumo eredu mugagabeak energia eta baliabideen krisia eragin du jada eta ukaezina bilakatu da Iparralde Globaleko herrialdeen energia kontsumoa murrizteko beharra. Hala ere, proposatzen diren neurriek, oro har, etxebizitzetan kontsumitutako energia dute helburu, kontuan hartu gabe, ikerketa honek frogatzen duen bezala, eragin handiagoa dutela inportatutako zerbitzu eta produktuek eragiten dituzten ezkutuko energia-fluxuak bezalako faktoreek.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!