[Iritzia] “BDZ, zilegitasuna irabazita duen ariketa internazionalista” – Igor Goikolea –
“BDZ, zilegitasuna irabazita duen ariketa internazionalista”
– Igor Goikolea –
Abenduaren 29an Maccabi Tel Aviv saskibaloi talde israeldarra Gasteizen egongo da, Euroligako partida jolasteko Baskoniaren aurka. Urte askotan zehar, boikota egin zaio talde honi: manifestazioak, kontzentrazioak, mural zein ikurrinak zelaian bertan … Hala ere, ez da beti erraza izan. Ezin ahaztu Mossadek Araba Arena zelaia goitik behera hartu zuenean eta Daviden bi izar zelaian jarri zituen hura; probokazioa ere presente izan da Gasteizen. Probokazioa eta inpunitatea.
Boikot hau ez da Gasteizko zeozer zehatza izan, mundu mailako Palestinarekin elkartasunez abiatutako “BDZ” kanpainaren baitan kokatu behar ditugu ekimenok: Boikot, Desibertsio eta Zigor kanpaina. Izan ere, nazioartean egin dezakegun ekarpen internazionalista nagusietako bat (nagusia ez bada) da BDZ.
Urte batzuk pasatu dira jada Israelgo Estatuaren aurkako boikot, desinbertsio eta zigorren aldeko kanpaina martxan jarri zenetik, Hego Afrikako “Apartheid” erregimena nazioartean isolatzeko kanpaina luzearen eredua hartuta. Beraz, ez da Palestinan asmatu, historia dauka. Palestinako 170 erakundek bultzatu zuten, Palestinako espektro politiko osoak sostengatuz, ezberdintasun ideologikoen gainetik. Zalantzarik gabe, kanpaina hau herri palestinarrak berak bere borrokaren aldeko mugimendu solidarioei eskaintzen dien tresna da.
Kanpainak hiru ardatz nagusi ditu:
– Boikota. Produktu eta zerbitzu israeldarrei boikota, akademia- eta kultura-boikota barne. Azken honek, Estatu israeldarra nazioartean Estatu moderno eta demokratiko bezala promozionatzeko, akademikoek, artistek eta kirolariek daukaten paper berezia salatzen du. Ekimenak ez du bilatzen boikota era pertsonalean. Estatu sionistaren enbaxadoreak bezala aritzen direnei bideratuta dago. Euren ustezko aktibitate aseptikoaren atzean Estatu horren finantzazioa eta sostengua jasotzen dutenak eta Israelen irudi positiboa zabaltzera eta okupazioren gaia ekiditera konprometitzen dituzten klausula bereziak sinatzen dituztenei dago bideratuta, hain zuzen ere.
– Desinbertsioa. Herri palestinarraren eskubideen zapalkuntzan parte hartzen duten enpresen finantziazioa, beren produktuen erosketa eta zerbitzuen kontratazioa bertan behera uzteko bideratuta, bai sektore publikotik baita pribatutik ere. Desinbertsio kanpainaren adibide nagusiak Veolia, Alstom edo Eden Springs enpresen aurka burututakoak dira.
-Zigorra. Nazioarteko instantzietan Estatu sionista zigortua izan dadin bideratuta.
2005ean, jendarte palestinar zibilaren deialdian jaso zen: “Estatu israeldarrak Herri palestinarraren autodeterminaziorako eskubidea onartu arte BDZ kanpaina mantenduko da”. Gainera, honetan sakontzeko deia egin zuten orduan, “okupazioa eta kolonizazioa bukatu, harresia desegin, Estatu Israeldarraren barruan dauden palestinarren eskubideen berdintasuna onartu eta errefuxiatu palestinarren buelta bideratu arte”.
Kanpainaren helburua desitxuratzeko saiakera batzuk egon dira, baina, zorionez, ez du nazioarteko eragile guztien babesa izan. Gehien erabilitako akusazioa antisemitismoarena izan da, Europako populazioaren zati handi batek judutarrekiko duten erruduntasun eta zor historikoaren sentimenduaz baliatuz. Okupazioa bera desitxuratzeko argudio errazena da hau. Hala ere, kanpainaren bultzatzaileek oso argi azpimarratu dute: “kanpainak ez du zer ikusirik erlijio kontuekin. Zapaldutako herri baten eskubideen aldeko borrokarekin dauka zerikusia”. Ezin dugu ahaztu zapalketaren erantzulea Estatu Sionista bera dela, judaismoa bere oinarri nagusi bezala ezartzen duen heinean. BDZ bultzatzen dutenen artean erakunde eta pertsona ez erlijiosoak baita fede ezberdinetakoak ere badaude, judutarrak barne.
Zilegitasuna kentzeko saiakerek ez dute ekidin aurrerapauso garrantzitsu batzuk ematea. Entitate publiko batzuek Veolia eta Alstomekin sinatzear zituzten milaka milioi euroko kontratuak bertan behera uztea adibide nagusietako bat da, enpresa frantses hauek Jerusalem eta kolonia sionisten arteko tranbia – linean parte hartzeagatik. G4S segurtasun enpresa britainiarraren kontratu galerarena ere adibide argia da: kartzela-sistema sionistari eta check-point sareari hornikuntza emateagatik boikotetatu dute. Co-Operative Group supermerkatuetan sare britainiarrak produktu israeldarrak inportatzeari utzi behar izan zion ere.
Akademia – eta kultura – boikotari dagokionez, Pink Floyd edo Stephen Hawking bezalako izen handiek Israelen emanaldiak bertan behera uztea erabaki zuten, BDZren zabaltzea eta ikuspena handituz. Kanpainak hartu duen garrantziaren beste adierazle bat Kanpo Harremanetarako Ministerioan kudeatzetik (nagusiki Israelen aldeko nazioarteko propagandaren finantziazioa handitzen) Alderdi Estrategikoen Ministerioaren kontu bat izatera pasatu izana da.
Emaitza zehatz hauek erakusten dute, seriotasunez eta iraunkortasunez garatuta, boikota tresna eraginkorra dela. Estatu sionista oso boteretsua da militarki baina ez dago prestatuta halako borroka molde honi aurre egiteko. Horregatik jarri dira behin baino gehiagotan urduri Gasteizko erakustaldi internazionalisten aurrean. Palestinan bertan, argi adierazi diete bertaratutako brigadistei: “BDZri esker Israelekiko negozioak finantza-arrisku bat izaten hasi dira”. Poztekoa.
Argi izan behar dugu. Garatu dezakegun Palestinarekiko elkartasunik eraginkorrena, herritik herrira elkartasun – harremanak eraikiko lituzkeen Euskal Herri libre bat lortzea da, zalantzarik gabe. Ostean, nola ez, BDZ kanpaina bultzatzea da. Herri palestinarraren gehiengoaren deialdiaria erantzutea da kontua, begirada epe ertain – luzean jarrita, arlo guztietan (ekonomia, diplomazia, kultura, kirola, hezkuntza, ikerkuntza…) arituz erregimen sionista nazioartean isolatzeko. Hain zuzen ere, herri palestinarraren kanporatzean, okupazioan eta Apartheid-ean oinarritzen den erregimen espantsionista eta arrazista. Bakarrik modu honetan gatazka historiko honi irtenbide bat emango zaio, era berean, inperialismo estatubatuarrak eta europarrak zonaldean duen eskuhartzea ahulduz. Abenduaren 29an, Gasteizen ere, «Israeli Boikot», ez dago beste aukerarik.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!