«Emakumea bizitza da, askatasuna da» -Maialen Kortabarria eta Igarki de Robles-
Martxoaren 8ko mobilizazioen ajea nagusi den honetan, azken kronika honen bitartez Öcalanen Aldeko Nazioarteko Martxa Luzean (Otsailaren 1tik 11ra) parte hartu zuten Hala Bediko kideak emakume kurduen askapen borrokaren berri eman dute. Martxan zehar ikusitako praktika eta antolatzeko erak, jasotako formakuntzak eta TJK-E antolakundeko militante bati eginiko elkarrizketa du hizpide kronikak.
Ozen oihukatzen zen leloa. Eta ozen burrunbatzen zuen inguruko kaleetan eta hormetan. Baina are ozenagoa zen oihartzuna gure barrunbean eta burmuinean. Leloak duen garrantziaz oharturik geunden. Lelo horrek, finean, kurduen borrokaren zerizanarekin lotzen gintuen: bizitzaren aldeko borrokarekin. ‘Jin, jiyan, azadi!’ da garrasia. Emakumea, bizitza, askatasuna, hurrenez hurren. Kurduen borrokan hiru hitzak, hiru kontzeptuak elkarlotuta daude. Ezin da egon askatasunik, bizitza librerik, emakume askerik gabe.
Nahiz betidanik landu, kurduen askapen mugimenduak azken hamarkadan hartu du feminismoa lan-ildo nagusitzat. Abdullah Öcalanen gogoetatik eratorritako Konfederalismo Demokratikoa emakumearen askapenerako borrokarik gabe ezin da ulertu. Ez du zentzurik. Paradigma ideologiko eta filosofiko honen arabera, iraultza emakumearen askapena da. Hau da, emakumea askatzen den heinean beste modu batera antolatuko eta eraldatuko dira harreman sozialak eta beraz zapalkuntza patriarkala eta modernitate kapitalista deuseztatzen joango dira. Emakumea bizitzaren, askapenaren, iraultzaren abangoardia da.
Feminismoa hezurmamituz bidea egiten
Oinarri ideologiko honi kasu eginez, ‘Jin, jiyan, azadi!’ leloa oihukatzeaz gain Öcalanen Aldeko Nazioarteko Martxan baziren feminismoaren garrantzia ikustarazten zuten praktika konkretuak: martxaren buruan bakarrik emakumeak joan ahal ziren, ibiltariok eramaten genituen ikur gehienak emakume kurduen antolakundetakoak ziren. Lo egiteko emakume eta gizonak banatzen gintuzten. Horrela egun osoan zehar gune mistoetan egon ostean, emakumeek gune eta une propioak izateko aukera zuten: botere-harremanik ez egoteko guneak, hain zuzen.
Praktika feminista hauei jarraiki, egoera zailen aurrean ahalduntzeak egon ziren. Martxako 7. egunean, turkiar faxisten erasoek benetan bortitzak suertatu zirenean, eraso hauek behartuta Sarre-Union herriko gizarte-etxe batean itxita eta isolatuta egon ginen. Tentsioak tentsio, martxako emakumeak asanbladan bildu ziren eta erabaki garrantzitsua adostu zuten: autodefentsaren bidea hartuz, bere segurtasuna eta martxako kideen segurtasuna bermatuko zuten.
Martxako antolatzaileen (KCDK-E, Europako Elkarte Demokratiko Kurduen Biltzarrak antolatzen zuen martxa) antolaketa eredua kurduen askapen mugimenduko antolaketa moduaren ispilu bezala balio izan zitzaigun. Horrela, antolakunde kurduen ardura postuetan ardura-kidetza praktikatzen dela egiaztatu genuen. Hau da, ardura karguak emakume eta gizon bana osatzen dutela. Erabaki-markoetan, gainera, emakumerik ez badago, ezin da erabakirik hartu. Emakumeen eta feminismoaren ikuspuntua beti egon behar da presente eztabaida eta erabaki politikoetan.
Emakumearen zientzia
Martxan zehar hainbat eskoletan parte hartu genuen, horien artean mamitsua izan zen Jineolojiaren inguruan jasotakoa. Kurdistanen Jiineoloji izeneko emakumeen zientziaren oinarriak borrokatzen daramatzate azken urte hauek. Emakumearen paradigma da Jineoloji eta hau emakumearen askapen borrokaren bitartez soilik garatu daiteke. Kurduen ustetan, egungo jakintza eta zientzia paradigma gizonen ikuspegitik eraikita dago, gizonen beharrak asebetetzeko eta emakumearen gaineko zapalkuntza bermatzeko. Paradigma hau gainditzeko, ezinbestekoa da Jineolojia garatzea, zientziak feminismotik deseraikitzea.
Gauzak horrela, Jinelojiak emakumea eta bizitza aldarrikatu eta hauen askatasuna lortzeko garatu beharreko prozesua lantzen ditu. Rojavan aurrera daramaten borrokan emakumeak hartu duen garrantzi eta lehen planoa dira urte askoan zehar borrokatutako emaitzetako batzuk. Labur esanda, borroka kurduaren abangoardian kokatzea lortu dute emakume kurduek. Ibilbidea luzea den arren eta Jineolojiren lanak garapen handiagoa eduki behar duen arren, aldaketak begi-bistakoak dira eta emakumearen askatasunaren borrokan jarraituko du mugimendu kurduak eta bereziki emakume kurduek.
Emakumea kurdu baten irribarrea
Emakume kurduak Kurdistanen antzera Europan ere antolatuta daude. Antolakundeen lanak berdinak ez badira ere, hainbat ezaugarri konpartitzen dituzte; kopresidentzia eta kontseiluen egiturak besteak beste. Europako emakumeen antolakunde nagusia TJK-E da. Emakume gazteek ere badute Jinen Ciwanên Azad izeneko antolakundea.
Europako TJK-E antolakundeko kide den emakume irribarretsu batek haien lana gertuagotik ezagutzeko aukera emanda, emakumeen askatasunaren aldeko borrokan gehiago murgildu gintuen. Bakurren jaiotako emakume honek esan bezala, ikasle garaian hasi zen herri kurduaren aldeko borrokan, eta garai hartan hasi zen mugimendua hurbilagotik bizitzen. Mugimendu kurdua ezagutu eta hasieran idaztera eta irakurtzera mugatzen bazen ere, ostean aktibismoa beste hainbat esparrutatik eraman zuen aurrera. Haien lana debekatua bazegoen ere, gogor egiten zuten kontra eta hainbat ekimen antolatzen zituzten; hala nola, Newroz eta manifestazio ezberdinak.
Emakume honen bizitza politiko aktiboak aldaketa jasan zuen espetxera sartu zutenean. 10 urte igaro zituen Turkiako espetxe batean preso politiko gisa, eta familia ere atxilo eraman zutela azaldu zigun. Espetxetik irtendakoan, ordea, debekatua zuen Turkiara itzultzea, beraz, Europara mugitu zen. Garai honek eragin handia izan zuen beragan, izan ere, emakumeen borrokara hurbiltzen hasi zen gertaera hauen harira. Espetxean Öcalanen lanak irakurriz, planteatutako oinarrietan emakumeak eta bere askatasunak duen garrantziaz jabetu eta “gizartearen askatasunerako emakumearen askatasuna ezinbestekoa da” ideian oinarrituz, Europako emakumeen antolakundean lanean hasi zen. Gizarte kurdua feudala dela kontuan hartuta, eta emakumearen zapalkuntza izugarria kontuan hartuta, garrantzi berezia hartu dute emakumeen borrokek mugimendu kurdu guztiaren baitan.
TJK-E antolakundeko kideen lanari dagokienean, aipatzekoa da bi pausu markatzen dituztela. Lehenengoa prozesu luze bezala identifikatzen dute. Orokorrean gizartearekiko lana egitean datza, etxeetan emakumeek jasaten dituzten egoeren inguruan aritzen dira lanean. Zapalkuntza ezberdinak jasaten dituzten emakume ezberdinekin egiten dute lan, hala nola, errefuxiatuak, arazo sozialak dituztenak zein identitate kurdua duten emakumeekin. Zapalkuntza bikoitz (zein hirukoitz) hauei aurre egiteko, informazio eta jakintza ezberdinak eskaintzen dizkiete, emakumearen askatasunak duen garrantzia zabaldu eta gizartean aldaketa bat baldintzatzeko. Emakumeen auto-antolakuntzaren garrantzia ere lantzen dute aurrez aipatutako emakumeekin, mintegi, bilera zein irakurketa tailerren bitartez. Bigarren pausua, emakumeentzako kontseilu zein komisio ezberdinak (kultura, ekintzak, diplomazia, gizarte arazoak…) osatzean datza.
Europako emakume kurduek jasaten dituzten zapalkuntzak areagotu egiten direla ere azaldu zigun TJK-Eko kideak. Errefuxiatu izanda, hizkuntzak, integrazioak eta burokraziak (Europan estatus arazoek sortzen dituzten egoerei dagozkienak) haien egoera gatazkatsuago bihurtzen dute. Familietan ere indarkeria da nagusi. Honetaz gain, haurrak eskolara eramaterako orduan integratzeko beharra dute, eta haien jatorrizko kultura eta Europakoa elkarlotzeko lana dute.
Erlijioari dagokionean gizarte kurdua ez da Europan bezain homogeneoa: yazidiak, alebiak eta musulmanak dira gizarte kurduko talde erlijioso guztietako batzuk. Bakoitzak bere kultura bizi eta gainontzeko taldeen ezberdintasunaz kontziente dira, beraz, errealitate bakoitzaren arabera antolatzen dira zentro kulturaletako kontseiluetan. Kontseilu kurduari dagokionean, errealitate ezberdinak ezagutu eta kontatzen dituzte eta proiektuen bitartez egiten dute lan (kooperatiben bidez esaterako). Kultura sustapenerako tailerrak ere egiten dituzte: musika, dantzak…
Emakumeak gizartean antolatzeko erabilitako egitura herrietan darabiltena dela azaldu zigun TJK-Eko kideak. Kontseiluetan antolatzen dira, eta kontseilu bakoitzak bere ordezkaritza izaten du modu konfederalean esparru ezberdinetan: diplomazia, kultura, ekonomia, prentsa… Kontseilu orokorretan ere kopresidentzia darabilte, eta espazio mistoez gain, emakumeak soilik erabakiak hartzeko espazioak ere badituzte. Honetaz gain, garrantzitsua da aipatzea emakumerik ez dagoen markoetan ezinezkoa dutela erabakirik hartzea.
Mugimendu kurduak egindako lanak gizartean baldintzatu dituen aldaketei buruz ere mintzatu ginen TJK-Eko kidearekin. Emakumearen egoera bizitzen ari den eraldaketa filosofia osoaren aldaketan oinarrituta dagoela argitu zigun lehenik eta behin. Kurdistaneko sistema konfederalismo demokratikoa da eta ideologia emakumearen askapena. Mugimendu kurduaren hastapenetatik emakumearen figurak izan duen garrantziak gaur egun arte iraun du. Paradigma aldaketak ere eragina izan duela azaldu zuen, estatu-nazio logikarekin amaitu eta estatuaren kontzeptua guztiz aldatzen baitu. Öcalanek paradigmaren erdian kokatzen du emakumea, beraz borrokaren protagonista dira . Aldaketa handiena estatuarekiko ikuspuntuan oinarritzen da, mugimendu osoak kuestionatu behar izan zuelako bere burua. Arlo guztiek jasan zuten aldaketa: ekologiaren kontzeptura hurbildu zen mugimendua, herriek egitura aldaketak jasan zituzten (kulturalki zein politikoki), hiriko bizitza ere aldatu zen, eta historian boterearen eta nazioaren garapenak aldaketak jasan zituen.
Azkenik, Euskal Herriari eta euskal emakumeei mezua bidali nahi izan zion TJK-Eko kideak: “Den lekuan dela herri borrokalari bat badago batera lan egiten indarra dago, eta bide ezberdina izan arren etsai eta helburu bera izateak batzen gaitu herri kurdua eta euskalduna. Zapaldutako emakume guztiak baturik estatuaren kontra egin eta antolakuntza eraikitzen hasiko garen momentua da, XXI. mendea emakumeen mendea baita”.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!