Baimenik gabeko zortzi pistola, karabina bat, hainbat bala eta hegazkin bonba bat topatu zituen Ertzaintzak Lezamako polizia nazional ohiaren etxean
Ezker Abertzaleko familia baten etxea tirokatzeagatik atxilotu zuten polizia nazional ohiak baimenik gabeko bederatzi arma, gerra materiala, ia lau kilo bolbora, 400 bala baino gehiago eta dozenaka arma erabilgaitz zituen etxean. through Aiaraldea.eus
Ekainaren 11n epaituko dute Lezamako polizia nazional ohi bat herri berean bizi den Ezker Abertzaleko familia baten etxea tirokatzeagatik. Berez, akusazio partikularrak 13 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatuko du armak eta lehergailuak gordetzeagatik. Fiskaltzak, ordea, bi akusazioak batu eta 7 urte eta erdiko espetxe zigor eskaera egingo du, gerra armak edukitzeagatik.
Izan ere, bitxia bada ere, akusatuaren kontrako epaiketan zigor eskaera txikiena dator tiroagatik, nahiz eta bala sukaldean sartu zenean, familiako bi kide zeuden barruan. Horrek hilabeteko espetxe zigor eskaera eragin du, kalteak leporatuta. Kartzeleratzeko arriskua egongo da, zehazki, inputatuak biltegiratutako arma andanagatik.
Gogoratu beharra dago, fiskalak kontatutakoaren arabera, Ertzaintzak etxea hirugarren aldiz bisitatu zuenean, polizia nazional ohiak berak aitortu zuela tiro egin izana etxebizitzaren kontra. Halaber, horretarako erabilitako arma (9 mm-ko STAR pistola) eman zien agenteei, zulo natural batean gorde baitzuen.
Dena den, ertzainek ez zuten soilik arma hori eraman, polizia ohiak askoz gehiago baitzituen etxean, guztiak baimenik gabe, armak edukitzeko baimen arrunta baino ez baitzuen. Erabilgarriak ziren armen artean bazeuden aipatutakoa, beste zazpi pistola eta karabina bat. Gainera, gehienek, seik guztira, ez zuten identifikazio markarik, hau da, jatorri ezezagunekoak dira.
Honako hau da elementu horien zerrenda:
- 9 mm pistola STAR serie zenbakiarekin
- 7,65 mm pistola STAR serieko zenbakiarekin
- 38 kalibreko errebolberra identifikaziorik gabe
- 38 kalibreko SPL errebolberra identifikaziorik gabe
- 32 kalibreko errebolberra identifikaziorik gabe
- 38 kalibreko errebolberra identifikaziorik gabe
- 44 kalibreko errebolberra identifikaziorik gabe
- 11 milimetroko pistola identifikaziorik gabe
- 43 kalibreko Remington karabina
Munizioa eta bolbora
Hori gutxi balitz, akusatuak ehunka bala eta kartutxo biltegiratu zituen etxean. Hainbat kalibretako balak eta kartutxoak zeuden kutxetan zein kargadoretan eta horietako 27 legez kanpokoak ziren. Hain zuzen, hiruk mozketak zituzten, sei manipulatuak zeuden (jaurtigairik gabekoak ziren, baina norbaitek bala jarri zien) eta beste 18 punta hutsekoak ziren (munizio mota hori ez da legala).
Metatutako munizioa hain ugaria zen, ezen ertzainek ez baitzuten dena zenbatu, eta 115 kartutxo identifikatu gabe geratu ziren. Edonola ere, honen berri eman zuten:
- 186 bala 9 mm-koak, 27 legez kanpokoak
- 75 kartutxo 7,62×51 mm
- 69 kartutxo 7 eta 8 mm
- 11 kartutxo 7×57 mm
- 11 kartutxo 38 kalibrekoak
- 100 kartutxo 22LR kalibrekoak
- 50 kartutxo 6,35 kalibrekoak
Horrekin guztiarekin batera, 3 kilo eta 883 gramo bolbora atzeman zituen Ertzaintzak hainbat ontzitan.
Gerra armak
Inputatuaren bildumaren barruan, dena den, gerra armak dira deigarriena. Gehienak erabilgaitzak dira, baina dauden bi hegazkin bonben artean, batek karga dauka: D1E lehergailua.
Kargarik ez dutenak honako hauek dira:
- 8 mortero lehergailu, 50 mm eta 81 mm
- 4 kanoi lehergailu, 59 mm
- 11 artilleria lehergailu
- Fusil granada bat
- Hegazkin lehergailu bat
Arma erabilgaitz gehiago
Polizia nazional ohiaren biltegiak, dena den, bazituen arma gehiago, guztiak erabili ezin direnak. Hala eta guztiz ere, bakarrak dauka horren ziurtagiria, beste guztiek ez:
- 12 pistola semiautomatiko 9 mm-koak
- 2 errebolber 32 kalibrekoak
- Errebolber bat 7,65 mm-koa
- Errebolber bat, 44 kalibrekoa
- 2 errebolber 38-SPL kalibrekoak
- 4 subfusil
- Karabina 1
- Eskopeta bat
- Zerraile fusil bat, Mauser
- 17 baioneta
Horietaz gain, miaketan hainbat armen 131 pieza agertu ziren, Mauser, Star eta CETME markakoak.
Agertutako arma mordoa analizatzeko Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren adituek eta peritoek parte hartu dute prozesuan.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!