Justizia feminista, (in)justizia patriarkalarekin akabatzeko
Euskal Herri osoko herrialdeetan bezala, Mugimendu Feministak deituta, Gasteizen ere ehunka izan dira kalera atera diren emakumeak «(in)justizia patriarkala» salatzera. Guztira, 10 exigentzia jarri dituzte mahaiaren gainean Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean.
«Nazkatuta gaude. Ahotsa kentzen digute, gure eskubideak gutxiesten dituzte eta gu akabatzen ari dira, beraz, bai, nazkatuta gaude. Euskal Herrian, aurten, 7 emakume* erail dituzte, eta eraso matxistak egunetik egunera areagotzen dira». Euskal Herriko Mugimendu Feminista kalera atera da beste urte batez azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Gasteizko kasuan, ehundaka izan dira epaitegietatik abiatuta hiriburuko kaleak zeharkatu dituzten herritarrak.
Aurten, «(in)justizian» jarri nahi izan dute fokoa: «Ez dugu halako justizia patriarkalik nahi: ez gaitu babesten, epaitu egiten gaitu; ez ditu gure testigantzak sinesten eta erasotzaileak babesten ditu. Justizia feminista bat, horixe nahi dugu, eta erdigunean jar dezala emakumeok indarkeriarik gabeko bizitzak bizitzeko eskubidea».
Horregatik, aurtengo leloa: Injustizia patriarkalaren gainetik, saretze feminista. «Hemendik aurrera, ez dugu diskurtso hutsalik onartuko, ez eta posizionamendu faltsurik eta minutu bateko isilunerik ere, ez baitute ezertarako balio. Krimen matxistak gertatzen direnean, instituzioek arbuiatu egiten dituzte, baina, gero, ez dute behar adinako baliabiderik eskaintzen indarkeria deuseztatzeko, eta, ez hori bakarrik, ardura denona dela esaten dute oraindik ere, hala emakumeena nola gizonena. Ez dute konponbiderik ematen; guztiz kontrara, babesik gabe uzten gaituzte».
Ez da soilik justizia
Hau guztia, sistema kapitalista heteropatriarkalari eusteko behar-beharrezkoa den menderakuntza-sistema baten emaitza dela adierazi dute mobilizazioaren amaieran. «Hau guztia ez da justizian bakarrik gertatzen, beste arlo batzuetan ere gertatzen da: komunikabideetan, instituzio publikoetan, espetxeetan, sare sozialetan, aurrekontuetan…».
Honen aurrean, «baliabide gehiago eta minutu bateko isilune gutxiago» eskatu dituzte, hainbat exigentzia jarriz mahaiaren gainean.
- Hezkidetza ezar dadila, derrigorrezkoa eta unibertsala, eta, horren bitartez, berdintasunari buruzko sentsibilizazioa eta formazioa eman dadila hezkuntza-zentroetan, proiektu pilotuetatik harago. Irakasleei formazioa eman diezaietela, derrigor.
- Publizitate sexista kontrolatu eta zigor dadila, Genero-indarkeriaren kontrako Lege Integralean zehazten den eran.
- Lan-baldintza duinak eta behar adinako baliabideak eman diezazkietela indarkeria matxista jasan duten emakumeei arreta eskaintzen dieten langileei.
- Laguntza zehatza eskaini diezaietela indarkeria jasan duten eta instituzioetara laguntza bila jo duten emakumeei, eta behin betiko deusezta dadila emakumeen biktimizazio bikoitza.
- Indarrean diren urruntze-aginduak bete daitezela, eta, horretarako, gehiago kontrolatu ditzatela erasotzaileak, egoera salatu duten emakumeak tutoretzapean ipini beharrean.
- Genero-indarkeriari buruzko Lege Integralak biktima-izaera egiaztatzeko ezartzen dituen baldintzak alda daitezela, emakumeek babesa eta arreta jaso ahal izan dezaten nahiz eta salaketarik ez ipini.
- Emakumeen hitza zalantzan jartzen duten eta sinesten ez duten aurreiritzi matxistarik ez dadila onartu inongo instantziatan.
- Emakumeen aurkako indarkeria har dadila Giza Eskubideen urraketa gisa, hala ezartzen baitu Istanbuleko hitzarmenak.
- Baliabideak egokitu daitezela emakumeen beharren arabera, horretan eragina izan dezaketen askotariko diskriminazioak eta aldagaiak kontuan hartuz, hala nola adina, migrazio-egoera, jatorria, autonomia ekonomikoa eta aniztasun funtzionala.
- Indarkeria matxistaren aurkako paktuak egitean, politika feministak sortzean eta, oro har, berdintasuna lortzeko eta emakumeen aurkako indarkeria deuseztatzeko neurriak prestatzean, galdetu diezaiotela Mugimendu Feministari, eta kontuan har dezatela haren ekarpena, modu aktiboan.
Argazki Galeria | Hala Klik
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!