Auzitegi Gorenaren zain egon gabe, elkartasuna saretzeari ekin dio ‘Ankerkeriari Stop!’ plataformak
Asanblada irekia egin zuten asteazkenean Amurrion, Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratze agindu posible baten aurrean elkartasuna eta erantzuna antolatzen hasteko. Duela 10 hilabete jaso zuten bi gazteek Auzitegi Nazionalean lau urteko espetxe zigorra, eta abokatuek helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean. Bono laguntzak saltzeari ekingo diote kostu ekonomikoei aurre egiteko. through Aiaraldea.eus | Aimar Gutierrez Bidarte
Asanblada egin zuten asteazkenean Amurrioko San Anton plazan, eta dozenaka lagun bertaratu ziren. / Aiaraldea.eus
10 hilabete igaro dira Auzitegi Nazionalak lau urteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zienetik Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrei. Sententziak «lehergarriak egiteko elementuak gordetzea» egozten die bi gazteei. Defentsak epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean, eta Barbado eta Zelaiaren absoluzioa eskatu.
«Une batetik bestera ebatzi daiteke Auzitegi Goreneko epaia» azaldu zuen ANkerkeriari STOP! plataformak atzo Amurrioko San Anton plazan egindako asanblada irekian. Dozenaka herritar bertaratu ziren, bi gazteen aldeko elkartasuna antolatzeko sortutako plataformak egindako deialdiari erantzunez. Bertan, datozen aste eta hilabetetako ekimenak diseinatzeari ekin zioten.
Hiru eszenatoki posible aurreikusten dituzte: Gorenak lau urteko kondena berrestea, fiskaltzak prozesu judizialaren hasieran eskatutako 8 urteko espetxe zigorra onartzea edo defentsak eskatutako absoluzioa gertatzea. «Edozein unetan azaldu daiteke albistea, ezin dugu aurreikusi datorren astean edo hilabete barru izango den. Horregatik, ezinbestekoa da prest eta antolatuta egotea, Galder eta Aitorri gure babes guztia helarazteko», azaldu zuten plataformako bozeramaileek.
Elkartasuna saretuz
Ia hiru urtez luzatu den prozesuak ekarri dituen kostu ekonomiko handiei aurre egiteko dinamika jarriko dute abian aurrena, bi gazteen kasuari oihartzuna emateko beste egitasmoekin uztartuz: «Ezinbestekoa da gaia kalean egotea, ahalik eta jende gehienek Galder eta Aitorren egoera zein den ezagutzea».
Horretarako, elkartasun bonoak jarriko dituzte eskualdeko herri guztietan salgai, bai eta abenduan zehar egon daitezkeen data eta ekintza esanguratsuetan ere: merkatuak, mobilizazioak, jaialdiak… Bonoek 20, 50 edo 100 euroko kostua izango dute. Hurrengo egunetan emango dituzte xehetasun gehiago.
Hurrengo asanblada ireki bat ere jarri dute dagoeneko, egoeraren berri eman eta lanak herritarren artean banatzeko. Asanblada abenduaren 9an izango da, 19:00etan San Anton Plazan.
Hitzordu gehiago jarri dituzte ere, pankartak eta propaganda prestatzeko nagusiki, bai eta epe laburrean sortu daitezkeen kontuei erantzuna emateko ere. Gauzak horrela, azaroaren 26an Zabaleko ikastetxean elkartuko dira, arratsaldeko 17:30etan, pankartak egiteko. Abenduaren 2an ere bigarren zita bat jarriko dute.
Galder eta Aitorren kasua
2019ko otsailean atxilotu zituen Ertzaintzak Barbado eta Zelaia, Auzitegi Nazionalaren aginduz. Sei hilabete egon ziren preso Darocako (Zaragoza) espetxean, 2019ko abuztuan baldintzapean eta epaiketaren zain aske geratu ziren arte.
Aurtengo urtarrilean izan dira epaituak bi gazte arabarrak. Jose Perals fiskalak (Altsasuko gazteen kasuko berdinak) 8 urteko espetxe zigorra eta 7 urteko baldintzapeko askatasuna eskatu zuen bi gazteentzat. Angela Murillo izan zen epailea, Bateragune auzia zuzendu zuena.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!