[ARGAZKI GALERIA] Sarraskitik 47 urtera, martxoaren 3ko aldarriak bizirik dirau Gasteizko kaleetan
Milaka pertsona mobilizatu dira "Bizi-baldintzen suntsiketaren aurka", martxoaren 3ko sarraskiaren omenez sindikatuek eta biktimen elkarteak deitutako manifestazioan.
Euskal Herriko gehiengo sindikalak, ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuek, urtero bezala, omenaldia eta manifestazioa antolatu dituzte Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiaren urteurrenean. Foru Plazan bukatu da arratsaldeko manifestazioa.
Bizi-baldintzen suntsiketaren aurka, etorkizuna bermatzeko oraina borrokatzen lelopean egin dute aurten mobilizazioa sindikatuek eta biktimen elkarteek, bizitzaren garestitzearen aurrean mobilizatzeko beharra aldarrikatuz.
Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu manifestazioan. Horietako bat manifestazio bitartean atxiki dute. Bestea Foru Plazan, manifestazio bukaeran. Atxilotuetako bat Aramaiokoa da, eta Zeanurikoa bestea. Hainbat izan dira identifikatuak. Gazte Blokeak iragarri du mobilizazioak egingo dituztela atxiloketak salatzeko.
1976ko martxoaren 3a, greba orokor eguna Gasteizen, Espainiako Polizia Armatuak sarraskia egin zuen: Zaramagako Asisko San Frantzisko elizaren barruan biltzarra egiten ari ziren milaka langileei gas negar-eragileak jaurti zizkieten poliziek, indarrez aterarazteko; eta, elizaren ate bakarretik irteten ziren eran, bi mila tiro baino gehiago egin zizkieten poliziek. 150 lagun zauritu zituzten, eta hil egin zituzten Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda langileak (baita egun batzuk geroago Basaurin eta Tarragonan hildako Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Anton ere).
Urtemuga hau, 47.a, San Frantzisko eliza Memoria Zentro bihurtzeko ekimenaren inguruko berriek markatu dute. Izan ere, onartu berri dituzte Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Garak instituzioek proposatutako Memoria Zentroaren estatutuak. Elkarteek presio handia egin behar izan dute Jaurlaritzak eta Udalak ez aldatzeko 2021ean sinatu zuten kolaborazio-hitzarmena, biktimen parte hartzea bermatzen duena.
«Euskal Herri osoan, zerbitzu publiko eta bizi baldintza duinak»
Sindikatuek, lehenbizi, justizia eta erreparazioa eskatu dituzte biktimentzako. Bestalde, Euskal Herri osoan «zerbitzu publiko eta bizi baldintza duinak defendatzeko beharra» aldarrikatu dute.
«47 urte geroago, klase kontzientziak ulertarazten digu batzarrak eta herri mugimenduak antolatzeko arrazoi berberek indarrean jarraitzen dutela gaur egun ere. Kontzientzia horrek berak gogorarazten digu langileriari ez digutela ezer oparitu, eta lortu dugun guztia antolakuntzari eta borrokari esker lortu dugula», adierazi dute sindikatuek. «Bizitzaren garestitzearen aurrean, mobilizazioak eta borrokak antolatzen ari dira lantokietan eta kaleetan, langile klasearen erosteko ahalmena defendatzeko, 1976an bezala».
Zerbitzu publikoen desegitea ere salatu dute, ildo beretik. «Osasun sistema publikoa desegitearen kontra» egin diren mobilizazioak ekarri dituzte gogora, baita 2022an hezkuntza publiko, euskaldun eta propio baten alde eta Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren aurka antolatutako protestak ere.
Pentsiodunen mugimenduaren borrokari ere egin diote aipamena. «Gaurko pentsiodunak 1976ko grebalariak direlako, borrokan jarraitu behar dugu, pentsioak guztionak direlako eta justizia soziala direlako», nabarmendu dute.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!