[ARGAZKI GALERIA] Milaka lagun mobilizatu dira Gasteizen osasungintza publikoaren alde
ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek mobilizazioak antolatu dituzte asteburuan EAEko hiriburuetan. Lehen Arretaren kolapsoa salatu eta kalitatezko osasun publikoa aldarrikatu dute. Eusko Jaurlaritzari neurri zehatzak hartzeko eskatu diote.
“Nik bai sinisten dut osasun publikoan. Baldintza duinen alde» lelopean mobilizazio jendetsua egin dute Gasteizen igandean. ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute deialdia, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Hiru hiriburuak kontuan hartuta, dozenaka milaka lagun mobilizatu dira Lehen Arretaren egoera jasangaitza salatu eta kalitatezko osasun publikoa aldarrikatzeko.
Asteburu honetako manifestazioa Araban azken hilabeteetan egin direnen jarraipena da, Lehen Arretako zentroetan elkarretaratzeak egin baitituzte astero langileek. Oraingoan, Osasun Sailak, Gotzone Sagardui buru, neurririk hartzen ez badu, greba orokorra egiteko aukera mahai gainean dela jakinarazi dute sindikatuek.
Osasun publikoaren egoera politika jakinen ondorio da: Osakidetzako Lehen Arreta kolapsatzen ari da, osasun sistema publikoa «desmantelatzen» ari direlako, aseguru pribatuen kontratazioa marka guztiak hausten ari den aldi berean. Egoera ez da horrela kasualitatez, Eusko Jaurlaritzak hori bultzatzeko ildo politikoa jarraitzen duelako baizik: «Erabaki politikoak dira, bestela ez da ulertzen kutsatze kopuruak maximoetan daudenean ordutegiak murriztea, bajak edo oporrak ez ordezkatzea eta bestelako neurri gehiago», azaldu dute sindikatuek.
Lehen Arretaren egoera Araban
Azken hilabeteetan egindako elkarretaratzeetan, Arabako Osasun Zentroen egoera «penagarria» dela azaldu dute sindikatuek. Urteak dira mobilizazio eta greba bidez murrizketen berri ematen ari direla: kontratazio berrien eza, bajan edo oporretan dauden langileen ordezkapenik eza, lan-karga jasanezinak edo San Martineko Etengabeko Arreta Gunea ixtea kasu. Egoerak okerrera baino ez du egin, eta «arazoak egiturazkoak» dira, «egungo osasun-krisia baino askoz sakonagoak eta zaharragoak». Hala ere, pandemiaren kudeaketak are sakonagoa egin du gabezia: «pandemia hau, kolektiboaren lan-baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien asistentzia-kalitatea are gehiago prekarizatzeaz gain, Osakidetzak murrizketak aplikatzeko eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko aitzakia ere bihurtu da».
Orain, pandemiaren seigarren olatu betean, hainbat neurri ezarri ditu Osasun Sailak. Besteak beste, “premia berezirik ez duten” Lehen Mailako Arretako kontsultak atzeratuko dituztela jakinarazi zuen Gotzone Sagarduy Osasun Sailburuak. Lehen Arretako langileek azaldu dute neurri horrek gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen jarraipenari eragiten diola eta areagotu egingo dituela herritarren arteko osasun-desberdintasunak. Itxarote-zerrendak ere nabarmen handituko dira.
«Konponbidea ez da osasun zentroetan asistentziari murrizketak ezartzea, baizik eta giza-baliabideak eta azpiegiturak areagotzea Covidaren seigarren olatu honek dakarren jarduera osasun zentroetatik kanpo egin dadin, eta zentroek duela hilabete batzuetatik hona egin ezin duten osasuna sustatzeko eta gaixotasuna prebenitzeko jarduerak garatu ahal izan dezaten», argitu zuten Lehen Arretako Batzordeko kideek joan den hilean egindako mobilizazio batean.
Oraingoan, eskatu dute, besteak beste, osasun sailaren aurrekontua handitzea Europar Batasunaren parera iritsi dadin, plantillak eta giza baliabideak indartzea, behar diren lanpostu berriak sortuz horretarako; behin-behineko langileak finko egitea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioak amaitzea; lan kargak arrazionalizatzea eta hutsune guztiak lehen egunetik ordezkatzea.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!