[ARGAZKI GALERIA] Jarraipen zabala izan du Osakidetzako lehen greba egunak
Osasun publikoa defendatu eta murrizketen aurka mobilizatu dira ehundaka pertsona Gasteizen, eta baita Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste hainbat herritan ere.
Mobilizazio jendetsuak ikusi dira gaur Gasteizen, Osakidetzan deitutako grebaren lehen egunean. Txagorritxuko Ospitaleko Kanpo Kontsulten eraikina okupatu dute goizean, protesta gisa, eta eguerdian manifestazioa egin dute Santiago Ospitalean. Grebak jarraipen zabala izan du, sindikatuen arabera, zerbitzu minimoen ondorioz «greba egin zezaketen langileen % 50ak bat egin du deialdiarekin». Lehen Arretako Zerbitzuetan izan du oihartzun gehien, eta horrek «atal honetako egoera latza erakusten du», salatu dutenez.
ELA, LAB, Satse, SME, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute greba deialdia, eta goiz osoan zehar entzun dira murrizketen aurkako leloak, osasun publikoa indartzearen aldekoak eta Sagardui osasun sailburuaren dimisioa eskatzen zuten oihuak , beste aldarrikapen askoren artean.
Aldarrikapenak
Sindikatuek lehen mailako arretaren egoera nabarmendu nahi izan dute, «bereziki larria» dela iritzita. Aspalditik datorren arazoa da lehen arretarena, pandemia aurretik ere bi greba egun egin zituzten langileek, eta ordutik «murrizketak besterik ez» dira izan gobernuaren proposamena, sindikatuek salatu dutenez. Langile falta nabaria dela diote, batez ere familia medikuena, eta langileen ordezkarien esanetan ugaritu egin dira medikurik gabe eta ordutegi murriztuarekin diharduten EAGak (Etengabeko Arreta Guneak).
Langileen egoera «gero eta prekarioagoa» dela kritikatu dute sindikatuek. Eusko Jaurlaritzak berak 2021ean emandako datuek erakusten dute plantillaren erdia behin-behineko egoeran dabilela lanean, eta egindako lan eskaintza publikoek ez dute arazoa konpondu. Are gehiago, langile askoren egoera okertu egin dute, «hautaketa-prozesuak solapatu egiten direlako, eta, ondorioz, langileak aldi berean hainbatetan daudelako murgilduta». Gainera, azken urteetan emandako murrizketen ondorioz langileek erosahalmena galdu dute 2010etik hona.
Honen aurrean, sindikatuek «hautaketa eta esleipen prozesuak arintzeko» eskatzen dute, «behin-behinekotasuna % 8tik behera jaisteko» plangintza zehatza egitea, «2010etik galdutako erosahalmena berreskuratzea» eta «Lehen Arretarako inbertsioa handitzea, ratio duinekin kategoria guztietarako», beste eskaera batzuen artean.
Bihar beste greba egun bat izango da EAEko osasun publikoaren sektorean.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!