ERREPORTAJEA | Arabako lurralde desoreka areagotzen
Arabar ekonomian gero eta pisu handiagoa du Gasteizek, gainontzeko udalerrien kaltetan.
Ezer baino lehen, ekonomiaz arituko bagara, esan beharra dago lurralde baten jarduera ekonomikoa neurtzeko Barne Produktu Gordina (BPG) dela munduan gehien erabiltzen den adierazlea. Funtsean, kontzeptu honek adierazten duena da zenbateko balioa duten enpresen jardueraren ondorioz lurralde zehatz batean sortutako ondasun eta zerbitzuek. Dena den, lurralde baten garapena badugu aztergai, geroz eta aditu gehiagok nabarmentzen dute BPGak ikuspegi zurrunegia eskaintzen digula. Hala eta guztiz ere, gaur gaurkoz, ez dago adierazle sendoagorik lurralde baten jarduera ekonomikoa neurtzeko. Horren guztiaren jakitun, datozen lerroetan EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeak argitaratu berri dituen BPGari buruzko datuak aztertuko ditugu, Arabako lurraldearen ezaugarriak ezagutzeko funtsezkoak dira eta.
Gasteizek Arabako BPGaren %72,6 pilatzen du
EUSTATen azken datuen arabera, Arabako BPGaren %72,6 Gasteizen sortzen da (2019). Bestela esanda, gainontzeko udalerriek batera —hau da, lurraldearen %91ean— Arabako BPGaren %27,4 soilik sortzen dute (datuok ez dute Trebiñu aintzat hartzen). Ez hori bakarrik, Gasteizek duen nagusitasuna 2008ko krisialdi ekonomikoaz geroztik areagotzen ari da eta, hamar urtetik gora igaro ostean, datuek ez dute joera aldaketarik iragartzen. Kontrara, bilakaera aztertuz gero, udalerri mailako BPGari buruzko datuak existitzen direnetik, hiriburuaren nagusitasuna inoizko handiena da egun. Hiriburuaz gain, bertako ekonomiaren erreferentzia geografiko nagusiak Laudio, Amurrio eta Legutio dira eta lau udalerriok, orotara, Arabako BPGaren %83,4 metatzen dute. Beraz, datuek erakusten dute Arabako zati txiki batean pilatzen dela BPGaren zati handiena.
Atzera egin dute Arabako Kantaurialdeak, Gorbeialdeak eta Mendialdeak 2008az geroztik
Bilakaerari dagokionez, 2019 urtean Arabako BPGa 12.695 miloi eurokoa izan zen, aurreko krisialdi ekonomikoaren azken urtean (2008) baino 1.273 milioi euro gehiago (prezio arruntetan). Datu hori eskualdeka aztertzen badugu hazkundea esanguratsua izan zen Lautadan, batik bat Gasteizen. Aldiz, epealdi berean nabarmen jaitsi zen BPGa Arabako Kantaurialdean (59,3 milioi euro gutxiago), Gorbeialdean (-32,8 milioi) eta Arabako Mendialdean (-5,1 milioi).
Udalerri mailako datuei erreparatuta, Arabako 28 udalerritan handitu zen BPGa epealdi horretan eta 23 udalerritan jaitsi, mapak erakutsi bezala. Aldaketak non eman ziren aletuta, BPGaren hazkunde-tasa positibo garrantzitsua izan zutenen artean daude Berantevilla, Iruraiz-Gauna eta Harana; aldiz, jaitsiera esanguratsua izan zuten, proportzioan, Zanbranak, Lezak, Alegria-Dulantzik, Artziniegak, Bastidak eta Zigoitiak. Aurrera begira, momentuz 2020 eta 2021 urteetarako udalerri edo eskualdetarako daturik ez badago ere, 2020 urtean, osasun larrialdia medio, Arabako BPGaren uzkurtze maila 2009 urtekoaren bikoitza izan zen. Hortaz, aurreikustekoa da lurralde osoan atzeraldi esanguratsua eman izana.
Arabar Errioxak du biztanleko BPG handiena; Kantaurialdeak, txikiena
Arabaren bestelako ezaugarri batzuk mahaigaineratzeko biztanleko BPGa edo BPG per capita deritzon adierazlea aztertuko dugu jarraian. Lurraldeko BPGa biztanle kopuruaz zatituta lortuko dugu biztanleko BPGa eta ondasun eta zerbitzuen sorrera bertako herritarrekiko proportzioan emango digu. Milurteko hasieratik biztanleko BPG handiena duen eskualdea Arabar Errioxa da eta 2019 urtean zifra hori biztanleko 64.200 eurokoa izan zen. Urte berean Araba osoko biztanleko BPGa nabarmen apalagoa izan zen, 38.600 euro/biztanleko, hain zuzen ere. Kontrako muturrean, biztanleko BPG txikiena zuen eskualdea Arabako Kantaurialdea izan zen: 35.500 euro/biztanleko.
Ondorengo mapak biztanleko BPGaren udalerri mailako argazkia erakusten digu.
Zifra altueneko udalerriak Berantevilla (181.100 euro/urtean), Legutio (144.300 euro/urtean), Laguardia (129.800 euro/urtean), Eskuernaga (106.400 euro/urtean) eta Bernedo (105.100 euro/urtean) dira; halaber, Asparrenak, Lantaronek, Samaniegok eta Eltziegok ere biztanleko BPG esanguratsua dute. Aipatzekoak dira azken udalerri hauek, biztanle kopuru murritza izanagatik, inguruan industria gune edo jarduera garrantzitsua metatzen dutelako. Kontrako egoera bizi dute Zalduondon, Aramaion, Zanbranan, Kuartangon edo Barrundian. Bertan biztanleko BPGa ez da urtean 16.000 eurora iristen eta horrek nabarmen mugatzen ditu udalen diru-sarrerak.
Frankismo garaiko lurralde desorekak zuzentzetik urrunago gaude
Bukatzeko, aipatzekoa da Arabak kokapen geografiko estrategikoa duela Europa eta Afrikaren arteko igarobidea den heinean. Ikuspegi makro batetik, A-1, AP-1 eta AP-68 errepideek lurraldeari konektibitate aparta eskaintzen diote eta, bereziki A-1 errepideak, bertako jarduera ekonomikoaren gune nagusiak elkar lotzen ditu (Jundiz, Arasur, Forondako Air Park, Galzar, Asparrena-San Millan…). Hala eta guztiz ere, datuei erreparatuta, ardatz horren garapenak hiriburuaren nagusitasuna indartzen jarraitu du.
Atzera begirakoan, 1960 eta 1970eko hamarkadetan frankismoak hiriburuaren hazkunde ekonomikoa, urbanistikoa eta demografikoa bultzatu zen eta, ondorioz, zeharka eragin zuen landa eremuaren despopulazioa. Orobat errealitate horrek sendo dirau gurean gaur arte, datuek erakusten duten moduan urrun baikaude frankismoaren azken bi hamarkadatako desarrollismoak Araban errotutako lurralde desorekak zuzentzetik. Esate baterako, Araba bezalako lurralde txiki batean Jundizen tamainako industria gune handi bat izateak (Europako industria gune handienetako bat da) nabarmen murrizten du Arabako beste lurralde askoren garapen aukera.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!