Antton Aranburu gasteiztarrak haren hirugarren lana aurkeztu du: ‘KAOS#KOSMOS’
Diskoak ez du CD itxurarik izango eta sarean deablde egongo da eskuragarri.
Antton Aranburu gasteiztarrak haren hirugarren diskoa argitaratu berri du: KAOS#KOSMOS disko bikoitza.
Badira zenbait urte Aranburuk bere bigarren diskoa argitaratu zuenetetik. «Aldaketa ugari izan ditut nire bizitza pertsonal eta profesionalean, eta hori guztia islatu nahi izan dut lan bikoitz berri honetan. Aitortu behar dut ez dela batere erraza izan horrelako proiektu bat gauzatzea. Ez du zentzu handirik disko bikoitz bat egiteak berehalakotasunak agintzen duen mundu modernoan; suizidio komertzial bat zalantzarik gabe. Baina nire nahia kantuok grabatu eta zabaltzea izan da, besterik gabe. Izugarri tematu behar izan dut neure Kaosa eta Kosmosa aurrera atera ahal izateko», azaldu du azken lanaren aurkezpenean.
Gaineratu duenez, «Pertseberantziaren Oda» ere izan zitekeen lan honen izenburua: «Merezi izan duelakoan nago».
Disko berri honek, ordea, ez du CD itxurarik izango, ezta binilo itxurarik ere. Hortaz sarean eskuragarri dagoen intangible bat izango da. Nahi duenak sarean entzun ahal izango du, eta nahi duenak Antton Aranbururen webgunearen bitartez deskargatu ahal izango du debalde. Bisita txartel itxurako PenDrive gutxi batzuk ere atera ditu Aranburuk, lagunen artean banatzeko eta nahi duenak eskura ditzan.
«Uste dut formatu fisikoak hilda daudela. Dudarik gabe CDa hilda dago eta hobe da olatu berria datorren moduan hartzea, haren aurka energia gehiegi xahutzea baino. Ez ditut kantuok grabatu itzulkin ekonomiko bat izateko. Ezta jendearen aitortza lortzeko ere. Barneko beharrizan batek eragin dit eta hortxe utzi nahi ditut nahi duenak beregana ditzan».
Disko bikoitza
KAOS#KOSMOS disko bikoitza da. «Dena entzun nahi izanez gero, patxada pixka bat hartu beharko duzu», aipatu du txantxetan. Lehenengo diskoaren izenburua ZABAL DADILA KAOSA da. Eta bigarrenarena: SOR BEDI KOSMOSA. Bien batura: KAOS#KOSMOS. 20 kantu biltzen ditu lan berri honek, 10 abesti disko bakoitzean.
Lehenengo diskoan pop eta rock kutsua duten kantuak jasotzen dira. «Neure barne kaosetik jaiotako kantuak dira». Bigarren diskoan, ordea, kantu geldo eta goxoagoak aurki daitezke, ekaitzaren ostean beti barealdia baitator. «Neure barneko kosmos lasaienetik sortutako abestiak dira».
Kantu gehienak aspaldi sortu zituela azaldu du Aranburuk. «20 ipuin idatzi ditut abesti bakoitzaren prologo gisa (euskarazeta gazteleraz). Literaturan egiten dudan lehen sartu-irtena da, soil-soilik kantu bakoitza bere testuinguruan kokatzeko eta kantugintzaren generoari ikuspegi zabalago bat emateko nahiarekin».
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!