Añana eskualdeko lehen bertso eskola jaio da, Zaballako espetxean
EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak sustatzen duten ikerketa sarietako bigarrena eman diote proiektuari: "Bertso-eskola Zaballako espetxean: presoen, espetxeen eta bertso-mugimenduaren arteko eragina".
Berrogei urte igaro dira Arabako lehenengo bertso-eskolak sortu zirenetik. 1982. urtean Gasteizen eta Aiaraldean jaio ziren lehen bertso-eskolak, eta luzea izan da ordutik egin duten ibilbidea. Egun, dozena baino gehiago dira bertso-eskolak Araban, eta milaka bertsolaritza ikasten ari diren pertsonak, dela hezkuntza formalean zein bertso-eskoletan.
Añana eskualdeko lehen bertso eskola, EHUk eta Bertsozale Elkarteak saritua
2022a mugarri izango da arabar bertsolari eta bertsozaleen historian, lehen bertso eskola sortu baita Añana eskualdean. Zehazki, Langraitz Okan jaio da bertso eskola berria, Zaballako espetxean, eta hogei preso baino gehiagok hartzen dute parte.
Lau arabar bertsolariren ekimenez abiatu da proiektua: Oihane Perea, lau urtez Arabako txapelduna eta bertso-eskoletan urteetan aritua; Iñaki Viñaspre, 2004tik Arabako Bertsolari Txapelketan finalista, 2019ko txapelduna, Arabako Bertsozale Elkarteko irakaslea eta Hala Bedi irratiko Bertxoko irratsaioan aritua; Ruben Sanchez Hizpidea magazineko kolaboratzailea, irakaslea eta idazlea; eta Izar Mendiguren, kazetaria eta bertso-eskoletako irakaslea.
Arrakastatsua izaten ari da ekimena: hogei preso baino gehiagok hartzen dute parte Zaballako bertso-eskolan.
Berriki, gainera, saritu egin dute proiektua. Bigarren saria eman dio EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak sustatzen duten ikerketa sariketak Pereak, Viñasprek, Sanchezek eta Mendigurenek aurkeztu duten lanari: «Bertso-eskola Zaballako espetxean: presoen, espetxeen eta bertso-mugimenduaren arteko eragina».
Bertsolaritza Araban
80ko hamarkadan, Araban lehen bertso-eskolan sortu ziren garaian, Abel Enbeita izan zen sustatzaile nagusia.
Juan Mari Iriondo Txusta, aurten zendua, izan zen arabar bertsolaritzaren beste bultzatzaile handietako bat. Txusta taberna gobernatu zuen Begoña Lopez de Muniainekin batera, hiru hamarkadaz. Hura izan zen Gasteizko bertsolaritzaren habia urte luzez, asteroko bertso eskolarena, bertso saio eta afariena, bilerena… Lehen bertsozale haiek taberna konpartitu zuten langile batzordeekin, grebalariekin, Hala Bedirekin, hainbat herri mugimendu eta joera politikorekin. Gasteizko Txusta tabernan eta Aretako Tunel jatetxean astero-astero elkartzen ziren kantuan Gasteiz eta Aiaraldeko bertsozaleak, Ruben Sanchezek bertsolari.eus atarirako egindako erreportajean jaso duenez.
Belaunaldi, proiektu eta saio asko igaro dira ordutik Araban. Gaur egun, dagoeneko, 150 bertso-saio inguru antolatzen dira urtean Araban, Hezkuntza Arautuan milaka haur eta gaztetxok ikasten dute bertsolaritza dozenaka ikastetxe eta institutu ezberdinetan, eta bertso eskolak dozena baino gehiago: Laudion, Amurrion, Izarran, Murgian, Muruan, Legution, Aramaion, Gasteizen, Agurainen, Zalduondon, Araian, Arraia-Maeztun, Kanpezun eta, orain, Zaballan.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!