“Aiaraldeko l. Azoka Soziala” aurkeztu du Ekintzen Faktoriak, bizitzeko alternatibak plazaratzeko Erabiltzailearen aurpegia
Otsailaren 24 eta 25ean egingo da «kontsumitzen duguna gara, bizitzeko alternatibak» lelopean. Aiaraldea Ekintzen Faktoriak antolatuko du egitasmoa, Gardea industriaguneko 4-8 pabilioian. Faktoriako lehen ekintza publikoa izango da, eta bizitza zein kontsumo alternatibak plazaratzea izango du helburu, eskualdean mota horretako proiektuak elkarlanean garatzeko topagune bihurtzea azoka.
Aiaraldea.eus bidez
Indartsu hasiko Aiaraldea Ekintzen Faktoriak bere ibilbidea. Aurkeztu du dagoeneko bere lehen ekintza publikoa: Aiaraldeko I. Azoka Soziala. Otsailaren 24 eta 25ean egingo da zita, eta bizitza zein kontsumo alternatibak izango ditu hizpide, mota horretako proiektuak garatuko baititu Faktoriak aurrerantzean.
Egitarau oparoa
Egitarau anitz eta oparoa prestatu dute otsaileko azken astebururako. Larunbatean tokiko ekoizleen eta proiektu eraldatzaileen azoka egingo dute. Aurkezpen maratoia ere prestatu dute, bizitzako hainbat esparrutan eragiten duten egitasmoak ezagutzera emateko: moneta sozialak, etxebizitza komunitarioak, energia berriztagarriak, eskola jantokiak, banku eta kreditu entitate etikoak… Makina bat ekimenen berri izateko parada egongo da, eskualdean antzeko proiektuak garatzeko inspirazio iturri izan daitezen.
Umeen espazio propioa
Gainera, umeek euren espazio propioa izango dute, hainbat ekintzekin. “Txef” txikien topaketa izango da horietako bat: haurrek osagaiak bilatu beharko dituzte azokan, gerora bazkaria prestatzeko. Halaber, ogia ekoizteko tailerra edukiko dute, besteak beste. alabaina, jarduera horietan parte hartzeko aurretik izena eman beharra dago.
Moneta propioa
Tokiko eta garaiko produktuak ekoizleen eskuetatik zuzenean eskuratzeko dira larunbateko azokan. Salerosketak, baina, ez dira euroen bidez gauzatuko. Txanpon propioa izango du azokak: «Aikoa». Moneta sozial berezia izango da, euroarekin trukatzean, pertsona bakoitzak «aiko» kopuru ezberdina jasoko duelako: errenta baxuena duten herritarrek jasoko dute txanpon gehien, egunerokoan ematen diren ezberdintasun ekonomikoak arintzeko.
Bazkalostean dokumental proiekzioak eta mahai-ingurua izango dira nagusi. Iluntzean amaituko da jardunaldia, eskualdeko hainbat musikariren saio inprobisatuarekin.
Truke azoka, igandean
Igandean, aldiz, truke azoka atonduko dute Faktorian. “Kontsumo eta truke eredu ezberdinak probatzea izango da egitasmoaren xedea”, azaldu du azokaren antolakuntzan murgildua dagoen Garrastatxu Landaluzek. Parte hartu nahi duen orok aurretik eman beharko du izena, “eramaten diren objektuak egoera onean egotea izango da baldintza bakarra”.
Landaluzeren hitzetan, hiru modu egongo dira trukerako. “Truke-zuzena” izango da horietako bat: bi pertsonek gauzak elkarren artean partekatzea, alegia. Eskaintza “monetarizatzea” izango da bigarren aurkera, “aiko” txanpona baliatuta. Horrez gain, “truke-librerako” gunea eratuko dute: “Objektu bat utzita beste bat hartzeko aukera egongo da txoko horretan”.
Umeek ere parte hartu ahal izango dute ekimenean, beste haur batzuekin edota helduekin eurena konpartituta. “Haurrak guztiz libreki jardutea da helburua, euren irizpide propioen arabera jokatzen utziz”, erantsi du Landaluzek. Dinamika batzuk egingo dituzte horri begira, “euren menpekotasuna txikiagotzeko”.
Antolatzaileek nabarmendu dute gauza “ez-materialak” ere aldatu daitezkeela azokan. “Zerbitzuak eskaini ahalko dira, beste zerbitzu edo objektu baten truke”.
Ekimenak harrera ona izango duelakoan dago Landaluze: “Herrik herri gabiltza eragile eta norbanakoei azokaren nondik norakoak aurkezten, eta nabari da horrelako egitasmoekiko interesa dagoela eskualdean”.
EGITARAU OSOA
OTSAILAK 24, LARUNBATA
10:30 // Azokaren irekiera ekitaldia
Aikoaren, azokako moneta sozialaren aurkezpena
HAURRENTZAKO JARDUERAK
10:30-14:00 Tailer eta jolasak haurren espazioan
10:45-14:00 // Txef txikien topaketa azokako ekoizleen lehengai ekologikoekin, 4-12 urte bitarteko haurrei zuzendua
11:30 // Ogi tailerra labe mugikorrean eta hamaiketakoa
PROIEKTU ERALDATZAILEEN AURKEZPENAK
11:00 // Moneta sozialak
11:15 // KOOP57 -Finantza etiko eta solidarioa eskaintzen duen erakundea-
11:30 // FIARE -Banku etikoa-
11:45 // Koop Fabrika -Ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko programa-
12:00 // Azokako ekoizleak
12:15 // Goiener -Energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba-
12:30 // Izarkom -Euskal Herriko Telekomunikazio Operadore Kooperatiboa-
12:45 // La Borda -Sants auzoko (BCN) etxebizitza kooperatiba-
13:00 // Oreretako gazteentzako etxebizitza komunitarioak
13:15 // Olgeta -Haur zein helduentzako jolaserako baliabide zerbitzua-
13:30 // Ekoizleen aurkezpenak
13:45 // Bertakoa indartuz -Larrabetzuko elikadura burujabetzaren aldeko ekimena
14:00 // Eskola jantokiak: Jangurie
14:15 // Dame veneno kanpainaren aurkezpena
14:30 // Azokako Clowndorioak, Badut konpainiaren eskutik
15:00 // BAZKARIA -Haurrak eta helduak- eta produktuen azalpena
HAURRENTZAKO JARDUERAK
16:00 // Tailer eta jolasak haurrentzako espazioan
17:00 // Askaria
17:30 // Ipuin kontalaria
16:30 // Urduña, etorkizunera bueltan II. partea dokumentalaren estreinaldia
-Urdunako Trantsizio agroekologikoa eta herriak elikadura burujabetzarantz egiten ari den bidea, jasotzen dituen dokumentala (22min)-
17:00 // Mahai-inguru irekia: “Eskualde baten autoeraketa ekonomia sozial eraldatzailearen eta elikadura burujabetzaren norabidean”
Beñat Irasuegi -Olatukoop sareko kidea, ekonomia sozial eraldatzailea-
Miren Prieto -Lakari kooperatibako kidea, agroekologia-
Amaia Oleaga -Talaios kooperatibako kidea, feminismoa-
19:00 // Kontzertu inprobisatua eskualdeko hainbat musikariekin
OTSAILAK 25, IGANDEA
09:30-10:30 // Truke postuen antolaketa (parte hartzeko izena eman beharra dago).
10:30-15:00 // Truke merkatuaren irekiera, espazioen eta denbora trukerako dinamikaren azalpena
10:00 // Haurren jolasgunearen irekiera (15:00ak arte egongo da irekita)
10:00 // Garagardo tailerra:
“Aiaraldea” garagardoaren lehen ekoizpen txikia egingo da. Tailerrak 6 ordu inguruko iraupena izango du
eta parte hartzeko izena eman beharko da.
10:30 // Truke oparien jolasa
11:30 // Arropa birziklapen tailerra
12:30 // Egurrezko jostailuen tailerra haurrentzat, Felix Pikatzarekin
13:30 // Energia berriztagarriak sortzeko tailerra
15:00 // Truke Egunaren amaiera
Ondorengo eragile eta ekoizleek parte hartuko dute azokan:
- REAS EUSKADI
- OLATUKOOP + TALAIOS
- KOOP FABRIKA
- BATURA
- KOOP57
- FIARE
- IZARKOM
- GOIENER
- BERRIZTU
- EKHIA
- LA BORDA KOOP (Bideo-konferentziaz)
- HIRITIK AT
- TRUCAREC
- FELIX PIKATZA
- OLGETA
- BERTAKOA INDARTUZ
- JANGURIE
- VSF-JUSTIZIA ALIMENTARIA
EKOLOGIKOAN LAN EGITEN DUTEN TOKIKO EKOIZLEAK
- LAUDIONEGIN
- ARRAULTZAK, SALDA: OILOBIDE
- OILASKOAK: OLETA
- OGIA: MONIKA ETA EDORTA
- MERMELADAK ETA ZUKUAK: TOLOGORRI
- KONTSERBAK: ALBERTO CAMPO
- EZTIA: IÑIGO MACIAS
- PASTA: LAU HAIZE
- GAZTA + TXAKOLINA: IKER ULIBARRI
- TALO EKOLOGIKOAK: JULEN HERNANDEZ
- IZA OKINDEGIA
- JON LEKANDA
- TXEMI ATXA
- ZAIRA NEGUTEGIA
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!