AHTaren inbertsio ekonomikoak premiazko beharretara bideratzea eskatu dute
Gehiengo sindikala, auzo zein herri ekimenak, eta kolektibo ekologistak, feministak zein kulturalak atxikitu dira Orain Ardura manifestura: "AHTrako inbertsio ekonomiko guztia premiazko beharretarako erabiltzea eskatzen dugu". through Alea.eus
AHTaren aurkako herri mugimenduen ekimenez, Hego Euskal Herriko sektore eta alor anitzeko kolektibo ugarik Orain Ardura ekimena abiatu eta hiriburuetan aurkeztu dute astearte honetan, talde eta norbanakoen babes zabalarekin.
Gasteizko Txagorritxu ospitalean egindako agerraldiaz gain, Iruñean, Donostian eta Bilbon ere aldibereko aurkezpenak egin dituzte, «gehiengo sozialaren babesa izateko asmoarekin», eta aldarrikapen argi batekin: Covid-19ak eragindako krisiaren testuinguruan, AHTaren proiektuak gelditzea eta inbertsio ekonomiko hori «premiazko beharretarako erabiltzea»
Osasun sistema eta zerbitzu publikoak
«Nahikoa langile eta baliabide dituen» osasun sistema publikotik hasita, zerrenda luze bat plazaratu dute, azpiegitura handi horien gastuak birbideratzeko aukerei dagokionez: «Adinekoen, mendekoen eta hauek zaintzen dituzten pertsonen zaintza; pentsio duinak; oinarrizko diru sarrerak; kalitatezko hezkuntza publikoa; euskararen sustapena; elikadura burujabetzaranzko hautua; kalitatezko zerbitzu sozialak; zainketen balioztatzea».
Covid-19aren krisiak «gogor» kolpatu dituen sektoreetaz bizi diren pertsonak babestea ere proposatu dute: komertzio txikiak, kulturgileak… Eta, azkenik, «krisi ekologiko eta soziala kontuan izango dituen eredu ekonomiko berrien beharra» azpimarratu dute..
«Bizi dugun egoera honetan, arduraz jokatzeko eskaera da luzatu nahi duguna, pertsonen osasuna eta bizi baldintzak kolokan diren momentu honetan, baliabideak berauen ongizatea bermatzeko izan daitezen», adierazi dute.
15.000 milioi euro
Milioi biztanleko abiadura handiko tren kilometro gehien duen estatua da Espainia; baina erabilerari dagokionez, bidaiari ratio txikiena du kilometro bakoitzeko. Aurreikusitako AHTaren atal guztiak eraikiko balira, espainiar estatuko kilometro ratioa bikoiztuko lukete Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak.
Une honetan, ia 5.000 milioi euro gastatu dira Euskal Y-an eta Iruñea eta Castejon arteko lanetan. Gainera, beste proiektu batzuk ere mahai gainean daude: besteak beste, Miranda eta Gasteiz lotzeko lanak, Arabako Haranak zeharkatzen dituena; Iruñea eta Euskal Y-a lotzeko proiektua, Sakana eta Lautada zeharkatuko dituena; eta hiriburuetako AHTko sarrera guztiak.
Orain Ardura ekimenaren sustatzaileen arabera, 15.000 milioi euro inguruko kostua izango luke Hego Euskal Herriarekin lotura duten eta aurreikusita dauden AHTaren proiektu guztiak eraikitzeak. Etorkizun «zalantzagarriaren» aurrean, «iraganeko akatsak» ez errepikatzeko eskatu diete erakundeei.
Jendartearen erantzukizuna
2008an eztanda egin zuen krisi ekonomikotik hamabi urte geroago iritsi da Covid-19aren pandemia, eta Orain Ardura ekimeneko kideek lotura seinalatu dute: «Osasun eta zerbitzu sozial guztiak murriztuta, azken urteetako osasun-krisi handienetako batek munduko lehen postuetan jarri gaitu heriotza-tasan».
Osasun langileek zein egoitzetako langileek sufritutako lan baldintza «kaskarrak» eta jendartearen «portaera eredugarria» azpimarratu dituzte manifestuan, eta osasun krisiaren testuinguruan «elkartasun eta elkar babeserako» sortu diren hamaika ekimenak gogoan izan dituzte.
«Jendartea erantzunkizun handiarekin jokatzen ari da krisi larri honetan eta berak markatzen digu jarraitu beharreko bidea», adierazi dute.
Tren soziala
AHTaren lanak gelditzeaz gain, gaur egungo trenbideak hobetzea eta mantentzea, eta herri, hiri eta industrialdeak «hobeto komunikatzeko» tren soziala proposatu dute.
«Pertsonak zein merkantziak garraiatuko dituen tren bat nahi dugu, lurraldean gune isolaturik utziko ez duena eta edonorentzat ekonomikoki eskuragarria dena», laburbildu dute.
Atxikimenduen zerrenda zabala
Tokiko zein Euskal Herri mailako eragileen zerrenda luzearekin batera, gehiengo sindikalaren atxikimendua azpimarratu dute antolatzaileek. Izan ere, ELA, LAB, ESK, EHNE, STEILAS, Etxalde eta CGT sindikatuek ekimenari babesa eman diote, eta baita pentsiodunen mugimenduak eta mugimendu feministak ere.
Horrekin batera, kolektibo zein norbanakoak gonbidatu dituzte atxikimendua ematera Orain Ardura ekimenaren webgunearen bidez.
Jatorrizko albistea Alea.eus atarian argitaratua izan da eta Creative Commons lizentziaren bidez ekarri dugu gurera
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!