Aguraingo eta Arraia-Maeztuko EH Bilduko udal taldeek alegazioak aurkeztu dizkiote Iturrietako zentral eolikoari, proiektua bertan behera uzteko
Sentitzen dute EAJko udal-gobernuek lurraldearen alde batera utzi izana, proiektu honen aurrean.
Aguraingo eta Arraia-Maeztuko EH Bilduko Udal Taldeek Gobernuaren Ordezkaritzan erregistratu dituzte gaur Iturrietako mendietan proiektatutako zentral eolikoaren Ingurumen Inpaktuko adierazpenaren aurkako alegazioak. EAJri elkarrekin egiteko deia egin zion EH Bilduk bi udalerrietan duela hilabete bat baina bietan uko egin dio. Arraia-Maeztun, alkateak oraindik ez dio erantzun EH Bilduren eskaintzari; Agurainen, berriz, EAJren Udal Gobernuak erakutsi du prest dagoela udalerriko beste leku batean jartzeko Aguraingo lurretan dauden hiru errotak —guztira 15 haize errota proiektatzen dira—. “Zoritxarrez, ez dugu ikusi prozesu horretan laguntzeko inolako borondaterik. Esan genuen elkarrekin indartsuagoak izango ginela zentzugabekeria horren aurka, eta hori berresten dugu”, esan dute Raul Lopez de Uraldek eta Ruth Ibisatek, EH Bilduren Aguraingo eta Arraia-Maeztuko bozeramaileek, hurrenez hurren.
Nabarmendu dutenez, Aixeindarrek aurkeztutako eskaeran ziurtatzen da parke hori ingurumena babesteko eremuetatik kanpo dagoela, edo paisaiak edo bestelako ingurumen balioak murrizteko guneetatik kanpo. “Hori erabat faltsua da”, nabarmendu dute. Izan ere, Iturrietako Mendiak Europako Natura 2000 Sarean sartutako Kontserbazio Bereziko Eremu batean daude eta interes handiko 49 espezietan eragina izango luke. Gainera, Babes Bereziko Eremua da hegazti nekrofagoentzat eta haien elikadurarako. Handik 900 metrora, Arabako bi Muladarretako bat dago, Analamediko Muladarra hain zuzen. Horrez gain, paisaia aldetik interesa duen eremua da eta mendizaletasuna eta turismo potentziala ditu. Hortik, GR 282 artzaintzako bidea igarotzen da eta monumentu megalitikoak eta ehiza-aprobetxamenduak ditu. Gainera, lurzoru ezegonkor batean kokatuko litzatekeela detektatu da.
Baina hori guztia alde batera utzita, EH Bilduk energia berriztagarrien hedapen arduratsua eskatzen du, eta Eusko Jaurlaritzari plan argi bat eskatzen dio, helburuak eta epeak ezarriko dituena eta bazterketa-eremuak zein izango diren zehaztuko duena. Bien bitartean, EH Bilduren ustez, babes politiko zabala duen plan bakarra Mugarri Plana da, Iturrietako mendiak bazterketa-eremu deklaratzen dituena.
Era berean, ingurumenaren eta paisaiaren gaineko eragina eta biodibertsitatearen galera batera hartu behar dira kontuan, eta, EH Bilduren ustez, zentral eoliko horren eraginek ez dute konpentsatzen energia berriztagarrien ekoizpena. “Uste dugu errentagarria ere izan daitekeela Iturrieta bezalako ingurumen-sentsibilitate handiko lekuetatik kanpo”, esan dute Lopez de Uraldek eta Ibisatek.
Azkenik, proiektu honek gizartean sortu duen erantzun zabala nabarmendu dute. Dagoeneko 26 toki-erakunde eta beste 24 gizarte-eragile agertu dira aurka. Horretaz gain, Mendiak Aske plataformak 15.000 alegazio baino gehiago jaso ditu.
Kuartangok eta Erribera Goitiak Arkamoko zentral eolikoari egindako alegazioak
Bestalde, Kuartango eta Erribera Goitiako udal taldeek ere alegazioak aurkeztu dizkiote Arkamon beste zentral eoliko bat eraikitzeko Aixeindarrek planteatu duen proiektuari. Kasu honetan ere, Natura 2000 Sarean sartuta dago, bereziki zaindu beharreko eremu gisa. Halaber, 2002an onartutako Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorial zaharkituan, kokaleku hori Eusko Jaurlaritzak bere garaian proposatutakoen artean ingurumenaren gaineko eragin handiena zuena zen, 100etik 73 eskalan.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!