Manu Bendala: bertsolari andaluza
“Haizeak bidali du hanndikan onuntza / Geroztik hemen dabil gure andaluza"
Testua: Manu Bendala
Argazkiak: Conny Beyreuther
Artikulu originala: bertsozale.eus
Hala dio Txirritaren bertsoak: hemen dabilela zuen andaluza, haizeak hona bidali zuenetik. Hamar urte daramatzat nik zuen artean, orain dela hamar urte Andaluziatik honaino ekarri baininduen hegoaldeko haizeak. Ez dakit hori “aspaldi” edo “orain dela gutxi” den. Urte hauek luze edo motz pasa zaizkidan esatera ez naiz ausartzen. Baina bai biziak izan direla esan dezakedala. Orain dela hamar urte maletak egin eta Sevillatik Euskal Herrira abiatu nintzen.
Egia esan, hamaika motibok bultzatu ninduten etortzera: lana, pertsonak, kultura… Bizitzera etorri baino lehen udatan etortzen nintzen autismoa duten pertsonekin udalekuak egitera. Berehala harrapatu ninduen hemengo giroak, hemengo jendeak, eta bai… hemengo hizkuntzak. Libretatxo bat izaten nuen beti aldean, lagunei etengabe galderak egiten nizkien, eta han apuntatzen nituen hitzak, esaldiak eta esanahiak. Unibertso berri bat ezagutzen duen umetxo bat bezalaxe, liluratuta lehen unetik.
Ez nuen denbora luzerik behar izan haizeak harrapatzen eta honaino ekartzen uzteko. Argi nuen aukera bat eman nahi niola Euskal Herriari, luzerako izango zen edo ez jakin gabe. Munduko nire bazterra agian hemen ezkutatzen zela esaten zidan barneak, eta ezin nuela egiaztatzeko aukera pasatzen utzi. Horregatik, maletak ilusioz bete eta bazter horren bila etorri nintzen.
Gaur egun, argi dago hau dela munduko nire tokia, barneak arrazoia zeukan. “Euskal Herri osoko bazter guztietan, etxean aurkitzen naiz, amaren besoetan”. Orain dela hamar urte espero ez nituen aldaketa asko izan dira nire bizitzan; orain dela hamar urte espero ez nuen pertsona naiz. Beraz, haizeak nahi duen adina putz egiten jarrai dezala, baina hemen manten nazala.
Sevillan sortu nintzen ni
han ditut nire anaiak
amona eta amatxo
trianera hain alaiak,
haizeak behin aldatuta
nire zain ziren garaiak
euskaraz eta bertsotan
dira orain nire nahiak.
“Ama del alma querida”
bota zuen Xabi Paiak
“abuela eta abuelo”
ondo esanda Jon Maiak;
ahotik sendotzen dira
berriak diren sustraiak
Euskara da euskaldun egiten gaituena…
Iritsi bezain laster ulertu nuen ezinezkoa zela euskara Euskal Herririk gabe eta Euskal Herria euskararik gabe ulertzea, berehala ulertu nituen Xalbadorren Herria eta hizkuntza bertsoak, Mikel Laboaren kantaren bidez ezagututa “Herria da gorputza, hizkuntza bihotza / bertzetik berextean bitarik bakotxa / izaite horrendako segurra hil hotza”, hizkuntzara hurbildu beharra sentitu nuen, euskal kultura hobeto ulertzeko, herriaren parte sentitzeko. Horrela hasi nintzen euskaltegira joaten eta ikasten nuen apurra beti erabiltzen. Zenbat eta gehiago hurbildu hizkuntzara, gero eta maiteminduago nengoen. Eta luze eman gabe argi nuen euskaraz bizi nahi nuela.
Horregatik, nahiz eta oso pertsona harroa ez izan, gaur egun oso harro esaten dut euskalduna naizela; euskaraz bizi naizelako, hautu pertsonala hartu nuelako eta egunero hartzen jarraitzen dudalako. Berdin da non jaio, euskalduna naizela ezin da gaur egun kolokan jarri, euskarak ni definitzeko indarra daukat, zer naizen, nortasuna emateko baimena eman diot hizkuntzari, eta hori ez da gutxi. Zenbat arrazoi duen askotan erabiltzen dugun leloak: “Euskara da euskaldun egiten gaituena”.
Hala hasi nintzen eta hala jarraitzen dut. Euskal Herrian luzaroan egongo nintzen jakin gabe ere, euskaltegian, pisukideekin eta lagunekin joan nintzen ikasten; kalean, erabiliz batez ere. 2015ean Donostian lanean ari nintzela, eszedentzia eskatu nuen barnetegi batera joateko (Maizpide), nire ikasketa prozesuari bultzada handi bat emateko eta erabat euskaraz bizitzeko aukera izateko.
Garagardoa izan zen, noski,
ikasi nun lehengo hitza
gero, borrokan, agertu ziren
subjuntibo ta baldintza,
baina klasean armak hartuta;
hiztegia ta lapitza,
kalean beti mingaina libre
“Manu, zu euskaraz mintza”;
lotsa galduta aurkitu nuen
unibertso baten giltza.
Hortik Gasteizera, eta AEKn irakasle izateko aukera sortu zitzaidan. Euskararen munduan lan egitea? Zelako abentura! Hori bai ez nuela espero honaino ekarri ninduenean hegoaldeko haizeak! Ezetz esan ezin zitzaion beste aukera bat. Beraz, nuen plaza finkoa utzi eta aurrera! Ez naiz damutu ezta segundo batean ere. Zein opari ederra, nire bizitzan, euskararen munduan lan egitea! Egunero gozatzen eta ikasten dut. Gainera, euskarak asko eman didanez, horrela zerbait itzultzeko aukera daukat. Horretaz gain, badaukat aukera ikasleei esateko posible dela zerotik hasi eta euskara ikastea, euskara maitatzea eta euskaraz bizitzea. Kariñoz eta pasioz eginez gero, dena da posible; baita euskara bizitzaren ardatz bihurtzea ere.
Portzierto, ahaztu egin zait komentatzea AEKn lan egiteko egindako lan-elkarrizketan bertso bat botatzen ausartu nintzela. Ordurako bertsoak jada presentzia zuen nire bizitzan.
Eta bat-batean… bertsoa!
Gasteizera bizitzera joatea (lehen Gipuzkoan bizi nintzen) eta bertso eskolan izena ematea batera iritsi zitzaizkigun, 2015eko urtea bukatzean, hain zuzen. Baina bertsozaletu, aurretik egin nintzen.
Orain gogoan daukat ikusi eta entzun nuen lehen bertsoa. Ordura arte kontu ezezaguna zen. Euskaltegiko irakasleak Miren Amurizaren bideo bat jarri zigun klasean.
Berehala maitemindu nintzen ikusten eta entzuten ari nintzenarekin; Miren berarekin, ahotsarekin, doinuarekin, errimen jolasarekin, bertsolari figurarekin, eta esaten, egiten eta transmititzen zuenarekin. Memento hartan argi bat piztu zitzaidan buruan eta barrutik etortzen zitzaidan oihartzun bezalako bat entzun nuen, gaur egun oraindik errepikatzen den ahots bat: “Hara… nik ere hori egin nahi dut”. Euskaraz kantatu, inprobisatu, transmititu, barruan eramaten denari ahotsa eman. Hain urrun ikusten nuen! (eta oraindik ere oso urrun ikusten dut Mirenek egiten duena egiteko gai izatea). Miren izan zen, kontziente izan gabe, bertsoa aurkeztu zidan pertsona, bertsolaritzaren lehenengo atea aurrean jarri zidana eta irekitzeko jakin-mina piztu zidana. Une hartan ez nekien urte batzuen buruan ate hori hainbeste zabalduko zitzaidanik.
Hortik aurrera, tarteka joan zen agertzen bertsoaren figura. Maizpide barnetegian hilabeteak eman nituen euskara ikasten eta euskal kulturara hurbiltzen; han saio batzuk gozatzeko aukera izan nuen. Gogoan dut German Urteaga edo Ane Labaka (beste batzuen artean) hango bertso-afarietan edo udako saioetan deskubritu nituela.
Bertsoaren funtzionamenduaren barruan (ariketak, neurria, errimen familiak) asko sakondu gabe, eta nahiz eta gauza asko ez nituen ulertu (euskara maila zela eta), gero eta erakargarriagoa iruditzen zitzaidan bertsolariek egiten zutena; “miresmena” zen buruan nuen hitza. Zein polita zen hitz malabaristak ikustea eta entzutea, zein polita zen apaingarririk gabe (ahotsa, gorputza, kantaera besterik ez) errimaz errima, erori gabe ibiltzeko eta aurrean, ondoan eta atzean zegoena hunkitzeko zuten gaitasuna. Hori zen arreta gehien deitzen zidana, eta, zorionez, horrek jarraitzen du izaten arreta eta miresmen gehien deitzen didana.
Halaxe animatu nintzen lagun batzuekin 2013ko Bertso Txapelketa Nagusiko finalera joaten, han kantatu behar zuten bardoak apenas ezagutu gabe (Maialen Lujanbio izan ezik), finalaren mekanismoa eta egin behar zituzten ariketak ere ezagutu gabe, eta doinu asko lehenengo aldiz entzunez. Euskara ulertzeko gai nintzen, baina aitortu behar dut gauza askok ihes egiten zidatela… Baina berdin zion, traba guztiak desagertu ziren BECera sartu bezain laster. Izugarria izan zen dena! Banekien bertsoa kontu hunkigarria zela, baina ezin nuen imajinatu ere egin han aurkitu nuen emozio-olatua: giroa, magia, oihartzunez betetako isiltasunak, zirrarak, bertsolari eta publiko arteko harremana… olatua ez, tsunami bat, hitzaren inguruan dantzan. Hamalau mila lagun, bakoitza bere errealitate propiotik bertsolarien kantuetatik eta ikuspuntutik munduari zabaltzen. Oholtza eta azken harmaila arte distantzia fisiko luze bat izan arren, bakoitzaren belarrietara kantatzen ziguten.
Hala piztu zitzaidan barruan gar txiki bat, eta denbora eman zuen barruan piztuta, asko erre gabe baina piztuta… su bihurtu arte.
“Sua… txispa bat aurrena, berotzen duena eta bi begiradek sortzen dutena”.
Barnetegiko abentura bukatu ondoren haizeak Gasteizera eraman ninduen. Handik hilabetera AEK-ko glotodidaktika ikastaroa egiteko aukera sortu zitzaidan, eta aurrerago, lan egitekoa ere bai. Baina hasieran, batez ere bi kezka nituen buruan. Alde batetik, euskara ikasten jarraitzea (titulu batek nahi zuena esan ahal zuen, baina argi nuen asko nuela oraindik ikasteko… eta zorionez, badakit gaur egun oraindik gero eta gehiago dudala) eta, beste alde batetik, leku bat aurkitzea harremanak euskaraz egiteko.
Gasteizko Udalak urtero hamaika ikastaro eskaintzen ditu, Gizarte Etxeetan egiteko. Ikastaroen eskaintza eskutan erori zitzaidan, eta han zegoen: “Bertso lantegia”. Aukera ezin hobea giro euskalduna ezagutzeko eta euskalduntze prozesuaren abentura jarraitzeko: sormena lantzeko euskaraz, burua azkartzeko, lexikoa ikasteko… euskalduna sentitzeko.
Gogoan daukat lehen klasera joan nintzeneko oroitzapena (2015eko azaroaren astelehen batean), zalantzaz betea eta bidean behin eta berriro neuri buruari esaten: “Baina zu, flipatua! Nora demontre zoaz? Nola joango zara bertso eskola batera oraindik dakizun euskara menderatu gabe, ba?”. Bidean behin baino gehiagotan pentsatu nuen hobe nuela buelta eman eta ridikulua ez egitea. Baina konturatu nintzenerako jada klase barruan nengoen, “Bertsosaltsa” bertso eskolan. Aurrean, Felipe Zelaieta bertsolari eta maisua, 8ko txikiei eta nagusiei buruz hitz egiten, neurri, poto, hankaluze eta ez dakit zenbat hitz gehiago. Ondoan, oso jende jatorra, batzuk errimak elkartzeko gai zirenak eta beste batzuk ni bezain galduta. Binaka jarri eta “txakurra” hitza hartuta errima batzuk pentsatu, esaldiak egin silabak neurtuz, baina hori baino lehen erabaki behar nola bukatu nahi… eta bota!
Ai ama!! (orain etxean daukat erabili nuen papera: “muturra”, “agurra” eta “beldurra”). Onartu behar dut klase denboran bitan edo hirutan pasatu zitzaidala burutik hurrengo egunean ez bueltatzeko ideia (hala egin zuten egun hartan ni bezain galduta zeudenek), baina txispa jada berotuta zegoen eta han agertu nintzen berriz hurrengo astean ere, eta hurrengoan, eta hurrengoan… Sekula ez zait berriz ideia hori burutik pasatu.
Bertso-maisuak behin esan zidan
“bota bertso bat, mutiko”
ta hasi nintzen koplarik kopla
eta zortzikoz zortziko,
orain badakit bertsoaren sua
ez zaidala itzaliko;
duela urteak esanez gero
ez nuke nik sinetsiko.
Astez aste bertsoaren funtzionamendua ulertzen joan nintzen, errimak klasean eta nire kasa lantzen, etxean bertsoak entzun eta entzun, Euskal Herriko bertsolariak ezagutzen… Euskararekin gertatu zen moduan, konturatu baino lehen jada ez zegoen ihesbiderik; maiteminduta nengoen. Astero agur bat prestatuta eramaten eta pixkanaka klasean zeozer botatzera ausartzen. Urte batzuk lehenago piztu zitzaidan txispa hark txispa izateari utzi zion, dena berotzen duen su bihurtu zen berehala.
Felipek berehala jaso ninduen hegapean, eta konfiantza zein babesa eman zizkidan (gauza bera jarraitzen du egiten gaur egun), hasieran zorrotz eta serio zuzentzen zidan arren, beti nire bertso-aitatxo moduan ikusten dut. Egun, asko lasaitzen nau bere ondoan kantatzeak, babestuta sentitzen bainaiz, eta, zorionez, berarengandik oraindik badut zer ikasi (asko, gainera). Pentsatu nahi dut berak ere nigandik baduela zer jaso, bertso teoriari edo gaitasunari buruzkoa agian ez, baina bai nire gogoaz kutsatzea.
Bera hasi zen ni Kakiturri elkartera eramaten. Han Gasteizko “beteranoen” bertso eskola elkartzen da astero. Bertan Asier Otamendi, Juaristi, Rikardo, Beitto, Rico eta beste bertsolari eskarmentatu batzuk ezagutzeko aukera izan nuen. Hasieran, unibertso bat zegoen haien eta nire artean kantatzeko unean. Gaur egun oraindik badago kalitatezko edo gaitasunezko aldea, baina eskertzen dut haiekin praktikatzeko eta haiengandik bertsotan ikasteko dudan aukera. Aitortu behar dut batzuetan oso ezberdinak garela pentsatu ohi dudala, baina egon dira eta beti egoten dira prest ni hobetzeko haien harri-koskorra jartzeko. Eskertzekoa da.
Haiekin Bertsotruk egitasmoan parte hartzeko aukera behin baino gehiagotan izan dut. Hala iritsi zitzaidan nire lehenengo plaza, nola ahaztu, bada?
“…eta oso gaizki ateraz gero, saiatuko naiz berriro”.
2016ko azaroaren 5ean, jendaurreko nire lehenengo saioa izan nuen, Azpeitian, Erniarritz bertso eskolarekin batera. Egun polita izan zela esanez gero, ez naiz gezurretan ari, baina sufritu egin nuela gozatu baino gehiago aitortu behar dut. Imajinatzen dut zaila dela norberak bere burua erabat prest ikustea jendearen aurrean kantatzeko, baina gaur egun argi daukat une hartan ez nengoela prest. Aurrean, 35 lagun inguru; Imanol Lazkano eta Beñat Lizaso, besteak beste. Bazkari luzea, oso luzea… amaigabeko bazkaria iruditu zitzaidan, eta ni gero eta urduriago jartzen. Kantatu aurretik oso urduri nengoen. Kantatu eta etxera joan besterik ez nuen nahi. Behingoz iritsi zen unea; ni, Felipe bera eta Serapio Lopezen artean; haien partetik, berriz, Eduardo Larrañaga, Haritz Etxeberria Ministro eta Iñaki Tolosa, azken hau lehen aldiz aritu zen jendaurrean.
Gogora etortzen zait Xabier Amurizak Zu ere bertsolari liburuan ematen duen aholku bat, halako egoeretan menperatuta dituzun doinuak erabiltzeko: “Auto batean ibiltzen ikasi eta gero aisa moldatuko zara besteetara. Bestela, karneta ateratzen ari denari auto berria ematea bezala litzateke”. Eta han nor eta neu, non eta hasierako agurrean menperatuta ez nuen doinu bat erabiltzen (pentsatzen nuen banuela, baina ez zela horrela azkar konturatu nintzen). Hasi bezain pronto, zast! hanka sartuta. Beraz, urduri ez, hurrengoa! Hala ere, saioak aurrera egin zuen, ofizio bat eginda, beste ariketatxo bat, oso giro ona eta oso gustura ezinezkoa iruditzen zitzaidan amets bat betetzen. Ederra plaza!
Gainera, agurreko doinuarekin nahasi egin nintzen, baina agurrean esandakoa oraindik ere gogoan dut.
Andaluziatik bertso mundura
duela gutxi egin nun igo
nahiz hasieran bakarrik jakin
lara lara lara liro
gaur nire txanda, lehenengo aldiz
barruan hainbat bertigo,
beraz, lagunok, izan pazientzia
rimatuko dut astiro;
ta oso gaizki eginez gero,
saiatuko naiz berriro.
Gaur egun konfiantza handiagoa daukat neure buruarengan. Prest ikusten dudala ez dakit esango nukeen. Baina, behintzat, gozatzeko sufritzeko baino gaitasun handiagoa dudala uste dut. Eta dena den, ahoa ireki eta lehen bertsoa bota aurretik, beti pentsatzen dut gauza bera neure kolkorako: “Lasai, Manu, gaizki ateraz gero, hurrengoan saiatuko zara berriro”. Horixe esaten nion neure buruari euskaraz solas egiten hasi nintzenean, zergatik ez bertsotan aritzeko orduan? Hanka sartzeko beldurrik ez, horrela ikasten da eta.
Behin nobatada ordainduta, eta lehenengo plazako eskarmentua jasota, beste plaza batzuk oparitu dizkit bizitzak eta hainbat kantari ederren ondoan kantatzeko erregaloa ekarri dit haizeak. Bertsotruk egitasmoa dela-eta, beste bertso topaketa batzuk etorri dira, non bertsolari ederrekin errimak trukatzeko aukera izan dudan: Mikel Artola, Unai Mendizabal, Oihana Iguaran… Ruben Sanchez bertsolariarekin hainbat giro oneko plaza: bertso-afaria, bertso-sagardotegia, bertso-ardo dastaketa… guk bai jakin! Araba Euskarazen ere kantatzeko aukera izan dut, zalantzarik gabe orain arte bertigo handien eman didan plaza, Otamendi, Juaristi eta Aroa Arrizubietarekin. Aroa berarekin EuskarAbentura espedizioko gazteentzat Gasteizen zehar bertso bisita gidatua egin nuen. Oihane Perearekin ere kantatzeko oparia izan dut, Gasteizko jaietan presoen senideei urtero egiten zaien omenaldian; hunkigarria. Kristina Mardarasekin bertso pare bat trukatzeko aukera ere izan nuen elkarte batean. Hori bai pribilegioa!
Serapio eta Feliperekin egin nuen nire lehen plaza, eta batez ere Feliperekin —eta gero eta erosoago—, behin baino gehiagotan izan dut bertsoak botatzeko aukera: bertso-bazkariak, bertso-triki poteoak, bertso-meriendak… ematen du zaintzen garela! Nahiz eta ni bezalako kantari barazkijale batentzat askotan ez den hain erraza hainbat ohitura orekatzea.
Laburbilduz, bertsoak makina gauza eder ekarri dit, baina batez ere jende zoragarriarekin une politak partekatzeko aukera. Ba al da opari handiagorik?
Bat-bateko plazak ez ezik, zorionez, bertsoa hainbat lekutara eraman dezakegu. Ipuinen mundua oso presente izan da beti nire bizitzan. Ipuinzalea izateaz gain, batzuetan neure urratsak egin ditut ipuin-kontalari moduan; bai Sevillan, bai Euskal Herrian. Beraz, zergatik ez lotu biak? Bertso-ipuin kontakizun batzuk prestatu eta egin ditut. Batzuetan, umeei begira eskolaren edo Gizarte Etxeren batean, Nola dastatu ilargia? (Michael Grejniec) edo Koloretako Basajauna (Anna Llenasen Koloretako Munstroa ipuina euskal mitologiaren ukituarekin) ipuinak, besteak beste. Eta bestetan, umeei eta hain umeak ez direnei begira. Oso polita izan da Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi (Nulila López) eta Printze Txikia (Antoine de Saint-Exupéry) ipuinak bertsotan prestatzea eta ikuskizun bat egitea. Hunkigarria izan da, gainera, benetako artista batek marrazkien bidez nire bertsoei bizitza ematen zien bitartean, ikuspuntu pertsonal batetik kontatzea eta kantatzea.
Bidea, partekatuz gero, hobe!
2018a bertsoz betetako urtea izan da, zoragarria! Urtea mahai gainean zegoen oso erronka polit batekin hasi zen, Arabako Bertso Kuadrilla arteko txapelketarekin. Aukera ederra giro eroso eta dibertigarrian aurrerapausoak egiten jarraitzeko eta lagunen babesarekin “txapelketa” formatuan parte hartzera ausartzeko. Beraz, aurrera!
Oso esperientzia ona izan zen, gozatzeko modukoa. Bertso eskolakoak elkartu ginen, kantatzeko hiru prest: Felipe Zelaieta bera, Gari Sarriugarte Zaldibarko bertsolaria eta laguna (bera ere haizeak Gasteiz aldera ekarri zuen) eta beste zazpi bat lagun, taldeari eta antolatutako saioari forma eta kobertura emateko. Prestakuntza polita, klaseetatik kanpo askotan elkartuta entrenatzeko eta, nire kasuan, haiengandik asko ikasteko.
Saio politak eta barregarriak, Arabako bertso-sarea indartuta, beste bertso-ero batzuk ezagututa… dena aldekoa. Halako formatuak beharrezkoak dira bertso mundura zuzenean hurbiltzeko, mundu honetan berria den jendea (nire kasuan, adibidez) modu aktibo batean parte hartzera animatzeko, eta bertsoak botatzeko ez ezik, gaiak prestatzeko eta aurkezteko ere, edo bertsoak puntuatzeko, edo lehenengo saio batera joateko ere bai.
Gure kasuan bi saiotan parte hartu genuen (Agurainen eta Gasteizen), bakarkako zein taldekako ariketak, errima onak zein txarrak, gogotsu bezain urduri… baina, batez ere, irribarre ugari bertsoaren inguruan. Biba partekatzen diren bideak!
Eroso sentitu nintzen egindako saioetan, nahiz eta aspektu batzuetan neure burua nahiko berde ikusi. Baina iritsi nahi nuen punturaino iritsi nintzela ohartu nintzen: gai nintzela gehiago gozatzeko sufritzeko baino. Ez da gutxi! Horrek esan nahi zuen egindakoak merezi zuela aurrerantz pausoak ematen jarraitzeko. Argi daukat, hau gozatu eginbehar dela, gozamenaren iparra ezin dugula inoiz bistatik galdu.
18a… Manu Bendala!
Beraz, Kuadrilla Artekoa zela-eta, erabaki nuen hurrengo pausoa ematea; Arabako Bertsolari Txapelketako kanporaketan izena ematea. Pretentsio handirik gabe, baina ezta beldurrik ere. Bertsotan gozatzen dut, eta oholtza gainean barruko suaren tenperatura igo egiten zaidala onartu behar dut. Beraz, beti bezala, zergatik ez? Gainera, Araban oso giro eroso eta familiarra dugunez, jende berriak pausoa ematea garrantzitsua dela uste dut, eta nire kasuan, nire figura han agertzea positiboa izan daitekeela ere uste dut. Hau da, adinez heldua den norbait kanpotik etorri, euskara ikasi eta bertsotan hasi, oholtzara igo eta esatea: “Hemen nago, zergatik ez? Ezinezkoa ematen zuen amets bat betetzen… Mimoz, gustuz, gogoz eta pasioz eginda, dena dago gure esku”.
Bi kontuk, ororen gainetik, motibatzen ninduten izena ematera: neure buruari erronka polita jartzeak eta prestakuntzak, hainbeste bertso-lagunekin bidea partekatzeak eta guztiengandik ikasteak.
Eta buruan hitz argi bat sartuta: “duintasuna”, jendearen aurrean abesten dudan bakoitzean, zerbait duina egin, neure buruarekin konforme geratzeko lain.
Beraz, berriro jo eta ke jendearekin gozatzen eta ikasten; Felipe eta gure bertso eskolarekin, Juaristi eta Kakiturrikoekin, Serapiorekin, Garirekin, Iñaki Viñaspre eta Amaia zentroko bertso eskolekin (Kuadrilla Artekoak opari ekarritako harreman berriak). Hain zuzen ere, Kuadrilla Artekoan Viñaspreren bertso eskolarekin suertatu zitzaigun kantatzea, eta han ni bezalako debutantea eta ni bezalako bertso-zoroa ezagutu nuen: Beñat Garaio. Arabako Txapelketaren bidea partekatzea erabaki genuen. Bera ere lehen aldiz ari da parte hartzen, eta elkarri laguntza eta babesa eman eta ematen diogu, aurrez aurreko entrenamenduak eginez eta whattshapean ehunka audio trukatuz, bertso-amoranteak izango bagina bezala.
Kanporaketako saioa iritsi zenerako, nire helburua ia erabat beteta nuen, prestakuntza ederra eginda eta, batez ere, gozatuta. Aurrean, galtzekorik ez, 13 plaza jokoan (azkenengo 5 finalistek txartela jada lortuta)… Jakina, pasatzen saiatzeko gogoarekin, baina argi izanik nire lehenengo aldia zela eta egoera berri baten aurrean egongo nintzela. Duela ez hainbeste ezinezkoa iruditzen zitzaidan egoeraraino iritsita, garaipen pertsonal hori ezin zidan inork kendu.
Maeztun egokitu zitzaidan kantatzea, lehenengo kanporaketa, eta miresten ditudan beste kantari jator batzuekin. Adibidez, Izar Mendiguren bertsolaria beti izan da nire begikoa, eta norekin eta berarekin kantatu nuen lehenengo aldiz ofizioka txapelketa batean. Hasierako agurra, zortziko nagusia, zortziko txikia, puntu-erantzuna, bakarka, bukaerako agurra, puntuazioak… eginda!! Oro har, kontent, oso esperientzia polita. Urduri eta sufritzen pittin bat, baina gozamena. Hori, lortuta! Bizitzan eta nire prozesuan beste pauso txiki bat emanda. Eta uste dut, saio duina eginda, lortu nuela bigarren helburua ere betetzea: gauza polit batzuk eta hankasartze dezente batzuk (puntu-erantzuna ahazteko modukoa). Hobeto egin nezakeen… baina okerrago ere bai! Beraz, konforme neure buruarekin. Gainera, saioaren ondoren batzuek komentatu zidaten transmititu egiten dudala abesten. Hori bai piropoa!
Pauso txiki bat ta iristeko
eginda hainbat ahalegin
beraz, lagundu didazuenak
zorretan nago zuekin.
Ondo ikastea ta pasatzea
besterik ez dut atsegin,
baina barruko bertigotik nik
ez dakit nola alde egin,
ondo edo gaizki jarraituko dut
bertsotan ekin ta ekin;
hasi nahi nuke eta bukatu
gaur irribarre batekin.
Irribarre handi batekin hasi nuen saioa eta hala bukatu nuen. Eta irribarre handiago batekin bukatu nuen kanporaketako prozesua. Egia esan, saioa bukatu ondoren aukera gutxi ikusten nituen txapelketarako billetea lortzeko, baina beste saioak joan, saioak etorri, aukeraren batekin iritsi nintzen azken unera arte. Azken saioa bukatuta, gai-jartzailea hasi zen sailkapen zerrenda irakurtzen… Lehengo bost plaza, hasieratik erabakita… Gero, saioen irabazleak, eta gero, puntuazioaren arabera… eta hemezortzigarren postua… Manu Bendala! Beraz, sailkatuta! Poza eta bertigoa aldi berean. Justu-justu eta zerrenda ixten, baina norbaitek itxi behar zuen, ezta?
Otsailean hasiko da Arabako Bertsolari Txapelketa eta han egongo naiz ni, umil eta gogotsu. Berriro pretentsio handirik gabe, baina berriro konplexurik gabe, prest barruan daramadana ateratzen saiatzeko, prest gozatzeko eta barrutik abentura hau bizitzeko. Helburu bera: gozatzea, eta buruan hitz bera: “duintasuna”.
Familia eta guzti etorriko da Sevillatik kantatuko dudan saioa ikustera; ama, aita, anaia eta koinata. Bizitzen ari naizen abentura eta ametsa publiko artean sentitzeko, nahiz eta ezer ez harrapatu. Ba al dago hori baino txapel handiagorik? Haiei oholtza gainetik kantatzeko izango dudan aukeraz pentsatze hutsak oilo-ipurdia jartzen dit. Bertsoak emandako beste opari erraldoi bat.
“Su horren bueltan dantzan” jarrai dezagun…
Prozesu eta abentura hauek hasi berriak dira, baina intentsitate handiz bizi ditut. Euskarak egin zuen moduan, bertsoa ere bizitzaren ardatz bihurtu da; bidelagun egin da eta kostatuko litzaidake pentsatzea zer edo nolakoa izango nintzen gaur egun orain dela urte batzuk bera agertu ezean.
Alde batetik, bizitzaren bidean laguntzen nau, bai hemen, bai Andaluzian. Sorlekura joaten naizen bakoitzean, esaterako, hilerrira joaten naiz amonari bertsoak kantatzera. Ezin dut jakin non arituko den, eta mundu honetan euskaraz tutik entzun ez zuen arren, orain zerbait iristen zaiola pentsatzea gustatzen zait. Gainera, orain hango familia eta lagunak jada ohituta daude bertsoak entzuten, gutxienez nire ahotik eta itzulpenarekin bidalita.
Beste alde batetik, Euskal Herrira eta hizkuntzara lotzen nau bertsoak. Orain dela gutxi, zergatik gustatzen zaidan hainbeste konturatu nintzen. Urteak dira euskalduna sentitzen naizela eta euskalduna naizela esaten dudala. Urteak dira euskaraz bizitzea erabaki nuela eta euskaraz bizi naizela. Baina argi dago, nahiz eta euskaraz bizi eta pentsatu, nire barruko egitura erdalduna dela. Bertsotan da mementoa non erabat euskalduna sentitzen naizen, unea non sormena erabat euskaraz sortzen zaidan, kolokan jarri gabe. Horregatik, euskararekin estu lotzen nauela diot. Nola ez dut, bada, bertsoa maiteko?
Orain, su bihurtu zen txispak handitzen eta nire arima berotzen jarrai dezala.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!