Gasteizko jaiak 2019: Herri Mugimenduaren gida praktikoa
Txosnetako nobedadeak, Gaztetxeko egitarau, eraso sexistei aurre egiteko protokolo ezberdinak, mobilizazioak eta bestelakoak bildu ditugu Gasteizko jaietarako gida honetan.
Asteko edozein egun izanda ere, abuztuaren 4an hasten dira ofizialki Gasteizko jaiak, 18:00etan Zeledonen panpinak Zalduondo-Gasteiz ibilbidea amaitzen duen unean. Une horretan, Gorka Ortíz de Urbinak, Zeledonen paperean, Andra Mari Zuriaren plaza zeharkatu, zapi gorria jantzi eta parranda lehertzen da hiriburuan. Hala ere badaude ohituren gainetik pasa eta abuztuaren 4a iritsi arte itxoin ezin dutenak: Gasteizko Txosnek ostiralean irekiko dituzte ateak, abuztuaren 2an.
Erasoei aurre egiteko telefonoak
Aurreko urteetan bezala, Gasteizko Mugimendu Feministak eraso sexistei aurre egiteko protokoloa aurkeztu du. Protokolo honek hiru helburu izango ditu: kontzientziazioa lantzea, hainbat neurri martxan jartzea eta emakumeak jaietan subjektu aktibo bilakatu autodefentsa feminista baliatuz.
Erasoak salatzeko telefono-zenbakia 688 74 44 11 da eta eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri. Bestalde, erasoren bat baldin badago, erasoak publikoki salatzeko elkarretaratzea bat deituko dute erasoaren hurrengo egunean. Hala ere, deialdia ez da egoera guztietan emango, kasuz-kasu baizik.
Gainera, Heterosexismoaren Aurkako Lumagorri taldeak ere telefono bat jarri du eskura eraso LGTBI+fobikoak salatzeko: 633 309 653.
Eta legez kanpoko egoera batean aurkitzen bazara CEAR-ekin harremanetan jartzeko deia egin dute, 945 26 68 05 telefonoan.
Gasteizko Txosnak, abuztuaren 2tik aurrera
Aurtengo edizioan zortzi gauez egongo da irekita Txosnagunea, Gasteizko Kanpusean. Nobedadeen artean, bi dira aipatzekoak: Gasteizko Herri Mugimenduaren pasaportea eta aniztasun funtzionalari erantzuteko gune egokitua. Guztira zazpi txosna eta hiru karpa egongo dira eta kontzenrtuen artean The Baboon Show, Su ta Gar, Esne Beltza, KOP edo Gorpuzkingz dira aipatzekoak.
Bestalde, gunean egongo den karpetako bat Gazte Karpa da. Gazte Mugimenduaren karpak ere egitarau zabala antolatu du eta Gazte Eguna abuztuaren 7an izango da.
Ikusi Gasteizko Txosnetako egitaraua egunez-egun hemen.
Hala Bedi ere, txosnagunean presente
Abuztuaren 2tik 9ra Hala Bedik ere, ohitura den legez, txosna jarriko du Gasteizko Kanpusean. Aurtengoan, Gazte Karparen ondoan egokitu zaio lekua Arabako irrati libreari.
Aurtengo nobedadeetako bat txosna honetan egongo den eskaintza gastronomikoa izango da: etxeko-pizzak 7 euroren truke eskuragai. Lau mota ezberdin egongo dira: bolognesa, lau gazta, begeta eta beganoa. Horretaz gain, larunbatean (abuztuaren 3an) eta igandean (abuztuaren 4an) parrilla jarriko du Hala Bedik produktu ezberdinekin.
Gasteizko Gaztetxea
Muinoko etxeak ere ateak irekiko ditu abuztuaren 4tik 8ra; jaietako azken egunean, 9an, atseden hartuko dute.
Egunero kontzertu edo emanaldi ezberdinak egongo dira Gaztetxean. Aipatzekoak dira, adibidez, F.R.A.C. edo Radio Revolución taldeen kontzertuak. Horretaz gain, ohitura den legez, egun potenteena abuztuaren 4a izango da: txupinazoa bota bezain laster jaia lehertuko da Gaztetxean DJ ezberdinez lagunduta.
GEU, Aihotz Plazan
Zortzigarren urtez, GEU elkartearen txosnak Aihotz plaza girotuko du: hilaren 2an zabalduko ditu ateak. Aurten, Gasteizko auzo ezberdinetako euskara taldeak omenduko dituzte, «euskararen alde egindako lana eskertzeko».
Mobilizazioak
Abuztuaren 5ean, astelehenean, zentratuko dira jaietako mobilizazio gehienak, izan ere, egun horretan Elkartasun Eguna ospatuko dute.
15:00etan Herri Bazkaria egongo da Landatxo polikiroldegian; 20:00etan kalejira Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta eta 21:00etan brindisa txosnetan. 5ak Gasteizen dinamikaren baitan, jaietako ekitaldia 21:30ean izango da Gasteizko Txosnetako eszenatoki nagusian.
Sare Herritarrak, bestalde, Gasteizko jaiak ofizialki hasi baino egun batzuk lehenago manifestazioa egingo du abuztuaren 3an 19:00etan Korapiloak askatzeko unea da. Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da hau.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!