Izua AHTren zero kilometroan
2009ko urtarrilaren 17an, Arabako Urbina kontzeju txikia tiro eremu bihurtu zen. Ertzaintza gogor oldartu zitzaien AHT-ren kontrako manifestariei: dozenaka lagun zauritu eta beste hainbat Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi nahi izan zituen. Desobedientzia zibila kriminalizatzeko kapitulu hura Eusko Jaurlaritzako Barne Saileko liburu beltzean geratuko da betiko.
Argia.eus bidez | Urko Apaolaza
Surrealismoak hartutako koadroa zirudien: Poliziaren helikoptero bat patata soroen eta jendearen buruen gainetik metro eskasetara etengabe igarotzen zen abiada bizian, aurpegia estalitako ertzainak alde batetik bestera korrika, borra eskuan herritarren atzetik mendian barrena, ehizan baleude, eta pilotakaden erritmo konstantea bizkortasunez entzuten zen. Oihuak, negarrak, arnasestuak eta zauriak. AHTren kontrako banderolak ez baleude pentsatuko genuke 1977. urtea zela hura, Iruñea ondoko Arazuriko zelaia, eta Askatasunaren Ibilaldiaren amaieran errepresio polizialetik ihesi zebiltzala hor bildutakoak.
Baina ez, Urbinan gertatu zen, XXI. mendean. Abiadura Handiko Trenaren kontrako mugimenduak manifestazioa antolatu zuen egun hartan, AHT Gelditu! Elkarlanaren eskutik, “erakusteko mobilizazioaren bidez gelditu daitekeela proiektua”. Deialdiari erantzunez 4.000 lagunetik gora bildu zen Arabako txoko horretan, asko autobusetan joanak Guardia Zibilaren kontrolak gandituz. Aukeratutako tokia ez zen badaezpadakoa, hiru urte lehenago Urbinan hasi zituzten Euskal Y deiturikoa eraikitzeko lanak eta haren kontrako protesta gune nagusietako bat bihurtu zen denborarekin. Urbinarrek herri kontsulta batean ezezko borobila eman zioten “burdinazko alfonbrari”: erroldatutako 125 pertsonatik 109 kontra azaldu ziren.
Manifestazioa plazatik abiatu zen eta amaitu ondoren ehunka lagun Urbina eta Erretana arteko obretara hurbildu ziren euren kabuz, eserialdi sinboliko baketsu batekin trenbidea –oraindik lubeta bat besterik ez zena– “okupatzera”. Ertzainek itsumustuan eraso egin zieten ezpondan beherago zeudenei, eta behin egoera lasaitu zenean, askok ahaztuko ez duten hiru kilometroko pertsekuzioa hasi zuten herriraino, jende ugari jo, zauritu eta atzemanez. Zortzi pertsona atxilotu zituzten. Segada hitza hemen ez dago soberan.
Enpresa handien kontrolpean dauden hedabide batzuen biharamuneko isiltasuna agerikoa zen, bestetzuek agentzien informazioa argitaratu zuten soilik, Barne sailak emandako datua nabarmenduz: manifestariek harriak bota zituztela eta sei agente zeudela zaurituta. Aitzitik, AHT Gelditu! koordinadoraren eta beste hainbat talde eta irrati libreren webguneetan herritar biktimen testigantzak gelditu zaizkigu gordeta, eta Eguzki Bideoek editaturiko irudiak ere ikus ditzakegu Youtuben, “Eskuak gora! eskuak gora!”, entzuten da emakume baten ahotik, jendea agentez jositako tunel baterantz sartzera derrigortuta dagoenean. Ondoren tiro hotsak. Mugimendu sozialak ez ditzan etorkizunean botereak baldintzatu, beharrezkoa da haien historia “barrutik” lantzea eta horretarako daude ahozko iturriak: “Oroimen kolektiboa subjektibitate horiek osaturiko espazio politikoan zertzen da”, azaldu izan du Laura Benadiba historialariak.
“Okerrena autopista azpiko tunelera iritsi ginenean izan zen, han polizia gehiago baikenuen zain –dio lekukoetako batek–. Korrika egiteaz akituta, egarri nintzen eta oso urduri nengoen ertzainen jarrera zein zen ikusten nuelako (…). Beldurgarria izan zen, jendea garrasika ari zen esanez jadanik ez geundela zelaian; borrakadez gain pilotekin kargatu zuten eta tiroek soinu handia ateratzen zuten”. Pertsona ugari zauritu zuten bi metrora jaurtitako pilotekin.
Urbinako herrian ere egoera latzak bizi izan zituzten: ertzainak kontzeju-etxe edo bolatokian sartu eta han babestuta zeuden hainbat lagun atzeman zuten ausaz; anbulantzian zeuden zaurituei ere bilurrak jarri zizkieten eta autobusetan zihoazenak banan-banan erregistratu. “Sekula ez nuen halako basakeriarik ikusi. Saiatu naiz dena kontatzen azkar batean, baina ez naiz bestelako detailetan sartu –auhendatzen da beste lekuko bat–: jipoiak lurrera eroritako jendeari, biraoak… Nik jasotako kolpeak eta intimidazioa ez ziren salbuespena izan”.
Kriminalizazioaren hasiera
Javier Balzak gidatutako Barne sailak Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman nahi izan zituen zortzi atxilotuak, baina Santiago Pedraz epailea inhibitu egin zen, esanez ez zegoela “terrorismo deliturik”. Xehetasun hori ez zen oharkabean pasa eta AHTren kontrako mugimenduak kriminalizazio saiakera salatu zuen: “Desobedientzia zibil jendetsuaren aurrean lezio bat eman nahi izan dute”.
Mobilizazioak gorenean zeuden, urtebete lehenago 15.000 lagun bildu ziren Arrasaten trenbidearen kontra
Zenbait mediotan aspaldi ari ziren azpiegitura horren kontrako ekintzak ETAren mehatxuekin lotu nahian. 2008an Inaxio Uria AHT eraikitzen ari ziren enpresa-elkarteetako baten burua hil zuen talde armatuak –2009ko urtarrilaren 21ean komunikatua kaleratu zuen zerga iraultzailea ez ordaintzeagatik eta AHT eraikitzeko zuen arduragatik hil zuela esanez–. Horren ostean “estrategia terroristaren” pean kokatu zuten trenbidearen kontrako oposizio oro: ekologistak ere “ETA zibilaren” parte ziren orain. Urbinako auzibideak Madrileraino eramanez, Jaurlaritzak teoria horrekin bat egin zuen.
Mobilizazioak gorenean zeuden une horretan. Urtebete lehenago 15.000 lagun bildu ziren Arrasaten trenbidearen kontra eta herrietan egunero egiten ziren elkarretaratze eta ekintza ikusgarriak, orain galdeketa bat, orain espropiazio akten kontrako protesta bat. Baina mugimendu hori guztia ez zen ezerezetik sortu, urteak zeramatzan ernetzen.
25 urteko mugimendu anitza
AHTren Aurkako Asanblada 1993an sortu zen. Ordurako, Jose Maria Elosegi ingeniariak asmatutako trazatuaren aurreproiektua bazebilen hainbat erakunde eta alderditako bulegoetan, jira eta bira. Kalteturik izango ziren udalerrien ezjakintasuna handia zen ordea; 1994an Iurreta eta Adunako udalak izan ziren alegazioak jartzen lehenengotakoak, datu eske. 90eko eta 2000ko hamarkadetako AHTren kontrako pegatina umoretsutan suma daiteke, mugimendu ekologista hura bat zetorrela arnas luzeko beste korronte anti-desarrolistekin: “Hemen datoz desarrollistak Euzkadi azkatzera” (sic) dio haietako batek, “Euzkal pastela. Guztiok ordaindu eta betikoek jan!”, besteak… Kontserbazionismora mugatu gabe, aldatu beharreko sistema oso batekin lotzen zuten AHTren proiektua.
Milurtekoa hastearekin AHT Gelditu! Elkarlanaren sorrerak balio izan zuen gutxieneko koordinazio bat eramateko, baina mugimenduak jarraitu zuen batez ere eskualde eta herrietan txertatuta. 2004an “tren sozialaren” alternatiba aurkeztu zuten, besteak beste ELA, LAB eta EHNE sindikatuek babestuta. Bide posibilista horrek ezinegona sortu zuen AHT Gelditu! koordinadoran zeuden hainbat talderen artean, kontraesanean zegoelako trenbidea –eta ordezkatzen zuena– bai ala bai gelditzearen ordurarteko ideiarekin: “Batek galdetzen du zein den AHTrekin egin nahi den real politik hori”, zioen AHTren Aurkako Asanbladako kide batek.
Urbina, erresistentzia gune
Errealitatea, ordea, AHT bera bihurtu zen, 2006an lanak hasi zirenean. Mamu ikusezin besterik ez zena, benetako porlan eta burdin haragitu zen –“Alarma gorria!” irakur daiteke pegatina batean, Itsasondon zundaketak hastear zirelako–. Lehen esleipenak Legutio eta Urbina artean egin zituen Espainiako Sustapen Ministerioak. Nola erantzun aztertzeko batzarra egin zuen AHT Gelditu!-k Legution: proiektua “ahalik eta gehien moteltzea” eta modu horretan “borroka ideologikoa” egitea garrantzitsu iritzi zioten.
Hala, Urbina AHTren kontrako “erresistentzia gune” egin zuten, eta besteak beste kanpaldiak antolatu zituzten bertan. Toki askotan ekintza zuzenerako deia zabaldu zen. “Amalurraren etsaiei boikota eta sabotaia!”, dio eranskailuetako batean eguzki antinuklear mitikoak. Zinez, lortu zen obren martxa moteltzea, hiru urtetan apenas egin baitzuten aurrera. Baina Urbinako segadaren ondoren, Euskal Y-ak bultzada izugarria izan zuen: Eusko Trenbide Sareak bere esku zeuden 17 zatietatik 10 esleitu zituen 2009 eta 2010 artean.
Ordutik aurrera ere hainbat protesta ikusgarri egin ziren, esaterako Itsasondon AHT igaro behar zen meatzeetan lau aktibista ezkutatu ziren 2010eko uztailean –zortzi urte geroago epaitu eta isuna jarri diete–. Mugitu! mugimendu desobedienteak, berriz, fluoreszeinaz tindatu zuen hainbat ibai herritarren arreta sortzeko. Baina desmobilizazioa nabaria zen Euskal Y-ak igaro behar zuen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herrietan –Nafarroan, aldiz, ordutik hona berpiztu egin dira tren lasterraren korridorearen aurkako ekimenak; eta Lapurdin proiektua geldirik dago–. 2012an AHTren Kontrako Asanblada desegiteko arrazoietako bat izan zen “tokian tokiko suntsipenak sortutako etsipena”.
Masa mugimendua desaktibatzea
Urbinako atxilotuak hiru egunez izan zituzten inkomunikatuta. Toki askotan elkarretaratzeak egin ziren haien askatasuna eskatzeko eta Ertzaintzaren jarrera arbuiatzeko. Hainbat atxiloturen senideek polizia-etxean jasotako tratua eta informazio falta ere salatu zituzten publikoki.
Eraikuntzaren establishmentak lortu zuen, kriminalizazioaren bidez, AHT-ren kontrako borroka ez bilakatzea masa-mugimendu
Hamar urte geroago, Urbinako gertaeren garrantzia eta larritasuna ikuspegi zabalago batekin neurtu daiteke: gomazko piloten erabilera indiskriminatua, kolektibo ekologisten desadostasunak, herritarren desmobilizazioa, erakundeek trenbideko lanak azkartzea abagunea baliatuz, AHT “atzerabiderik” gabekoa zela sentiaraztea jendarteari… Baina batez ere, orain badakigu patata soro haietan eraikuntzaren establishmentak lortu zuela, kriminalizazioaren bidez, AHTren kontrako borroka masa-mugimendu ez bilakatzea.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!