Altsasuko gazteen askatasun egarria, Gasteizeraino
Milaka lagun bildu dira Gasteizko erdialdean, Altsasuko gazteen askatasuna eskatzeko eta datoren hilabeteko epaiketa salatzeko. Apirilaren 14an Iruñeara joateko deia egin du Altsasukoak Aske Gasteiz plataformak eta apirilaren 7rako, argazki masiboa deitu. Hala Bideok mobilizazioaren irudi onenak bildu ditu, eta horrekin batera, Adur Ramírez de Alda gaztearen gurasoekin eta Altsasukoak Aske plataformako kideekin izan da Altsasun bertan.
Urtebete eta bost hilabete igaro dira ‘Altsasuko auzia’ izenarekin ezaguna den muntai poliziala hasi zenetik. Apirilak 16 eta 27 bitartean, Nafarroako zortzi gaztek 375 urteko espetxe eskaerari egin beharko diote aurre. Gazte bati, 62 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen diote; 50 urte beste seiri; eta 12 urte eta erdi azkenengo bati.
Kontestu honetan, martxoaren 22an manifestazioa egin dute Gasteizen, oraindik espetxean dauden hiru gazteen askatasuna eskatzeko eta epaiketa salatzeko. Altsasukoak Aske Gasteizek deitutako mobilizazioan milaka lagun bildu dira; izan ere, eragile ezberdinek atxikimendua bidali dute azken asteetan manifestazioa babesteko: Eleak Gasteiz, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, Salhaketa-Araba, Judimendiko Gazte Asanblada, Negeak, STEILAS, Zaramagako Gazte Asanblada…
Pankartaren atzean, eragile ezberdinetako ordezkariak eta Altsasu hitzarekin dozenaka kartel, herriari babesa adierazteko eta auziperatuei eta haien senideei elkartasuna adierazteko.
Eskubide urraketa
Manifestazioaren amaieran, Ekaitz Samaniego preso politikoaren amak eta Gazte Mugimenduko kide batek hartu dute hitza. «Oinarrizko eskubideak urratzen ari dira, hala nola, errugabetasun-presuntzioa, epaile neutral eta inpartzial bat izateko eskubidea edota defentsarako eskubidea» salatu dute, lekukoen frogak, adituen frogak eta froga dokumental ia guztiak deuseztatuak izan direla gogoratzearekin batera.
«Ez da bakarrik Altsasuko gazteen etorkizuna jokoan dagoena, edota beraien senide eta lagunena. Gizartearen eskubide zibil eta politikoak daude jokoan. Gizarte osoaren etorkizuna dago jokoan», ohartarazi dute.
Orain arte emandako elkartasun keinuak izan dituzte gogoan: arlo ezberdinetako profesionalek prozesu judizial hau arbuiatu dute, kirol arloko profesionalek, zuzenbide arlokoek, zinemaren mundukoek, kirolariek, idazleek, bertsolariek, feministek, kazetariek, erretiratuek, sindikatuek… «Gaurkoa ere elkartasun keinu berezia dugu. Mila esker benetan».
Ekitaldia deialdi berri batekin amaitu dute. Datorren apirilaren 14an, Iruñeako manifestazio nazionalera joateko gonbitea luzatu dute. Horretarako, autobus tiketak jarriko dituzte eskuragai.
Elkartasun argazkia
Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko eta apirilaren 14an Iruñara joateko deia zabaltzeko, elkartasun argazkia egingo dute.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!