Giro ederra nagusi Kuadrillarteko lehen asteburuan
Aramaioko sobrak eta Zalduondoko Egurra salgai
Giro hotzarekin akabatzeko asmotan berrogei lagun inguru elkartu ziren Aramaioko Zabolako Elkartean ostiralean Aramaioko Sobrak Egurra Salgairekin kantatzen ikusteko. Menu ederra prestatua zegoen jada, eta pixkat berandu baina bizi hasi zen afaria.
Bat-bateko saioa hasi aurretik, Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak haien bertso sorta kantatzeko aukera izan zuten. Hain zuzen ere, fotokopiak banatu zituzten publiko artean eta denek batera kantatu zituzten Aramaioko Sobrak taldearen inguruko bertsoak.
Beñat Burgi gai jartzaileak lagunduta ederki hasi zen saioa. Agur puntuagarrian etxekoak ukelele eta guzti “La cucaracha” doinuan aritu ziren koplaka, Aitor, Martin, Unai, Peru eta Paula. Zalduondokoak, baina, ez ziren kanpoan egonda kikildu eta performance eta guzti agertu ziren. Iker, Markel eta Aitorrek gizakia eta haren aingeru eta deabruarenak antzeztu zituzten.
Saio puntuagarria bukatzerako, jadanik ez zuen irabazteak inporta. Bueno ia ia. Azkenean, arauak medio, Aramaioko Sobrak taldea suertatu zen garaile.
Sumendin potoak eta balaDAk entzun zirenekoak
Urtarrilaren 19an E ligaxkaren baitan Sumendi bete poto eta Gure azken balaDAtaldeak aritu ziren nor baino nor, lehenengoen “etxean”, Gasteizko Sumendi espazio autogestionatuan. Ainhoa, Beñat, Peru, Julen eta Gorka batetik, eta Zigor, Unai eta Aitor bestetik, berogailurik egon ezean, kantuz giroa berotzeko prest.
31 kide bildu ziren Sumendi bete potokoek prestatutako afari goxoa medio mahaiaren bueltan. Kafea eta kopa eskuan, Judimendiko “enmarronatuek” eman zioten saioari hasiera bertso sorta batekin: “ez dakigu bertsotan baina pasioa jartzen dugu Sumendi espazioan”.
Ikusleen ahoetan irribarreak marraztuta, Sumendi bete potokoek hainbat doinuren mix batekin ekin zioten, efektu berezi eta guzti, “beraien kantuz ta tragoz erupzioa hasiko zela” ohartaraziz. Bueltan, Gure azken balaDAko zaldirik gabeko bakeroek “beraien balazera” gelditzera desafiatu zituzten Sumendikoak. Hau dena hiru epaileen begirada adiaren pean eta argazki hotsak tarteko, hainbat memoria txartel gastatuko baitzituen seguru argazkilariak.
Lau kideko gai jartzaile taldearen esanetan Israel eta Palestinakoak izan ziren bertsolariak, Peruk “erakuts diezaiegun danei/gu gara adibidea” esan eta Zigorrek “etorkizuna gure eskutan balego” dena hobeto legokeela berretsiz. Jai Batzordeko kideak ere izan ziren, kontzertuekin ezbaian, Unairen arabera “rantxerak ere euskal kultura” ziren arren, Beñaten ondorio batekin: “musikarekin egin daiteke hezkuntza/nahiago dugu jarri guk orduan Huntza”. “Patriarkatuari gola” sartzeaz aritu zen Ainhoa, eta kartzelakoan pisukideak izan ostean, musikariek jotako Aita Semeakdoinuarekin uterotik ateratzear zeuden hirukien paperean sartu ziren. Gorkak lehena atera nahi zuen barrutik, “hiruetatik nauzue eta/daukana buru handiena” argudiatuz, ez ordea Julenek, “bederatzi hilabetetan ez duzue lekurik utzi” egotzi baitzien bi anaiei. Gure azken balaDAkoek saioan tranpak zeudelakoan bota zuten azken bertsoaldi puntuagarria, “gai jartzaileen kamisetekin” susmotan Aitor, umorez.
Hotzak hotz, giro ezin hobean Sumendi bete poto taldeak lortu zuen saioaren garaipena. Batzuentzako jendaurrean lehen aldia izanagatik ere, Ainhoak esan bezala, “bertso saio berezia, denon artean josia” izan zen, ondoren Judimendiko tabernetan jarraitu zuena.
Mendialdea eta Aramaioko Ibabeko Bertaren bilobak
Mendialdean ekin diogu aurtengo Kuadrila Arteko Bertso Txapelketari. Ataurin izan genuen zita, pasa den ostiralean. Bertan Mendialdeko bertso eskola (Mendialdeko mitxarroak), Aramaioko taldearen aurka-elkarrekin aritu ginen.
21 30ean ekin genion afariari, 35 lagun batu ginen eta giro bikainean afaldu genuen arroz entsalada, oilasko gisatua eta limoizko musa. Kafe eta digestiboak zerbitzatu ordurako hasi ginen kantuan. Lehenik, Mendialdeko gazteek bertso sorta abestu zuten. Beti ere etxeko bertsolariak animatuz eta aramaioarrak zirikatzeko gogoz. Ostean, Zuriñe gai jartzaileak ariketen berri eman eta agur kolektiboak entzuteko parada izan zuten bertaratuek. Aramaioko butanitoek, laranja kolorez jantzirik, gu ta gutarrak taldearen doinua bertsionatu zuten, Mendialdekook berriz, kopla eta jota doinuz ekin genion. 8Ko handian Andere eta Julen aritu ziren kantuan, Katanuniako gatazka izan zuten hizpide. Jarraian 8ko txikian lehen aldiz jendaurrean Eli eta Manex aritu ziren. Saio bikaina osatu zuten biek. Bai horixe! 4 oinekin berriz, Txiki eta Xabi Igoa entzun genituen kantuan eta amaiera emanda Ane eta Manex. Pixkanaka berotzen zioan saioa eta puntu erantzuten Julen eta Xabik majo asmatu zuten 3na punturi zukua ateratzen. Kartzelako lanean, puntuka egin beharreko saioan, onddo bila doazen mendizaleen lekuan jardun zuten kantuan, atzean lamin (gorria) agertu zitzaiela. Azkenik, bertso puntuatuekin amaitzeko, kopla doinuan eta Mirenen gitarraren laguntzaz bi saio umoretsu eta eder entzun genituen. Agurretan berriz, egun berean bertso eskolako kide diren Garazi eta Enekoren haur jaio berriari abestu zioten Mendialdeko bertsolariek. Hau kasualitatea hau! Honetaz gain, saio bikainaren gorabeherak eta lehen aldiz kantuan aritu eta primeran egin zuten bertsolariek ere aipamen berezia izan zuten, txalo zaparrada indartsua jasotzeaz gain.
Azkenik puntuetan 12 eta 4 galdu zuten etxekoak, galdu edo irabazi, azken batean bertsoa eta bertso zaletasuna atera baitzen nabarmenki garaile Atauriko saioan. Aupa gu!!!
Bapateroak eta Arabar Errioxa
Pilotalekuko bazterrak doinuz bete zituzten Bertzilika taldeko bertsolari gazteek. Haiek ireki zuten saioa eta haien bertsoekin Bapateroak aurkeztu zizkiguten.
Guztia martxan zegoen. Lexurik, saioko gai jartzaileak, aurkezpenak egin eta segituan lehen faseari eman zitzaion hasiera, hau da, agurrei. Bapateroek instrumentuak, mozorroak eta baita dantza ere baliatu zituzten taldea aurkezteko. Txandrio, hala ere, ez zen atzean geratu, haiek ere gitarraren melodiarekin batera abestu baitzuten.
Bigarren atalean, Aroa eta Orlando ibili ziren aurrez-aurre Anariren musikaren inguruan eztabaidatzen eta ondoren bi taldeetako unai hurbildu ziren mikrofonora. Hauek zortziko txikiari helduz kantatu zuten.
Gero, oinen txanda heldu zen. Batetik Bapateroek, bestetik txandriok ez zituzten bereziki hitz laukote errazak aukeratu . Bai Mikelek eta bai Ikerrek denbora behar izan zuten bertsoa formulatzeko, baina, itxaronaldiak pena merezi izan zuen.
Laugarren fasean Iker eta Maddalen aritu ziren proposaturiko bukaerei forma ematen eta Xabier eta Orlandori egokitu zitzaien hurrengo fasean galderak botatzea.
Kartzela zazpigarren fasearen eskutik agertu zen. Bi taldeek bidaiatu zuten denboran, hiru hirukien antzera. Batzuekin Berlinera joan ginen eta besteek Egipto eta dinosaurioen arora eraman gintuzten.
Puntuak eskuratzeko azken aukera trikitixa eta panderoaren doinuarekin lagunduta burutu zen. Aita-semeak doinuarekin bi taldeek hiru kopla bota zituzten.
Amaitzeko bi taldeek agurra egin zuten batera eta saioari amaiera emateko Lexurik talde garailearen izena aditzera eman zuen: Txandrio.
Kakiturri eta Errekaleor birizik
Ehari-Kakiturriko bertso eskolak antolaturik, Arabako kuadrila arteko 2018 txapelketarako zita jarri zuten Ehariko Kakiturri elkartean pasa den larunbatean, urtarrilaren 20an, Kakiturrik eta Errekaleor Bizirik kuadrilak.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!