Ezkutukoak agertu
2012-01-22ko saioa. Entzun hemen
http://celosamentegordea.tumblr.com/
Ezkutuan bizi denak azala ahazten du. Ezkutaturik egon ondoren azaleratzen denak ere azala ahazten du. Azala ahaztea, burutik ezabatzea, litzateke, benetakoaren bila dabilenaren lorpenik handiena.
I)
Ezkutukoa azalera dakarrenak, egia erakusten du: benetan zer den adierazten du, azalaren azpikoari ematen dio argia.
Ezkutukoa azaleratu gabe, azalpean zer dagoen irudikatzen duenak, argitzaletako irudi bat sortzen du, ez egia ez gezurra, lainotutako argazki bat.
Azalpera sartzen denak, bere burua ezkutatzen duenak, aldiz, gainontzekoek ondo ikusi dezaten nahi du, askotan. Ondo ikusi dezatela zertan ari den, nolakoa den, noraino iritsi nahi duen, nondik datorren.
Ezkutuan bizi denak azala ahazten du. Ezkutaturik egon ondoren azaleratzen denak ere azala ahazten du. Azala ahaztea, burutik ezabatzea, litzateke, benetakoaren bila dabilenaren lorpenik handiena.
II)
Non gordetzen dira ezkutukoen arimak, zein zenbaki idatzi dute haragoko atarietan, nondik heltzen dira honaino hango zaraten oihartzunak, non idatzi zituzten haien izenak, haien aurpegietako gure zauriak, zein aireportutan ari dira zure lorratzen atzetik, norantz egingo du ihes ezkutatzeko ezer eduki ez arren ezkutuan bizitzea erabakitzen duenak, non agertuko zaigu berriro ibaian behera zihoala hondoratzen ikusi genuen enbor hautsia. Zenbat denbora beharko dugu ulertzeko, gehiago dela ezkutuan daramaguna, agerian uzten duguna baino, urrutiago heltzen dela gure ahotsa ezkutatzen garenean agerikoegi gertatzen garenean baino.
III)
Zerbait Garrantzitsua. Gotzon Barandiaran
Aitortu zidan:
Zerbait garrantzitsua
esan gura dut,
aintzat ez nauzuenok
isilarazteko bestekoa,
azkarrenak moteltzeko modukoa,
belarririk gabeko eztabaidan
arrazoiak musututs uztekoa.
Garrantzitsua zaizuen zerbait
esan gura dut,
ezen
zuetako inork ez nau maitatu behar? galdetzean
oihartzunak ihardesten baitit,
ezen
lagunak eta egunak eskutik desagertzen zarete?
itaundu orduko
etxerako tenorea egiten baitzaizue.
Zuentzat garrantzitsua zer den
jakin gura dut,
zerk artegatzen dizuen gogoa,
zenbatekoa den arretaren balioa.
Halakorik baduzu,
gorrak minduko dituen
berbaren jabe bazara,
utzidazu edo mailegatu
astebetez, ez gehiago,
osorik itzuliko dizut.
IV)
Ezkutuan agertzen naizenean, ez diot inori ihes egin nahi, ez naiz ezer gordetzen ari, ez dut minik sentitzen. Kanpoko sabelak babesten nau, haur bat datorkit gogora, haren azaletik elikatzen ditut oraingo desirak, ingurukoen hotsak nabari ditut haren erraietatik nigana heltzen.
Ezkutuan agertzen naizenean, nire baitara biltzen naiz, eskuez heltzen diet zangoei, gorputzaren beroak mantentzen nau esna, eutsi egiten diot arimari indarrez alde egin ez dezan, arnasa sakonki hartuz lotzen ditut gorputz atalak elkarrekin, enborra adarrekin, adarrak sustraietara bilduz.
Ezkutuan agertzen naizenean, gogoan hartzen ditut joandako urteen soberakinak, egun naizenaren altzoan leku bat egiten dut gaztelu irristakorrentzat, marra bat luzatzen da izan eta egin dudanaren artean, galdu eta irabazi ditugunekin osatzen da nire ikusmira begien leihora egiten dudanean.
Ezkutuan agertzen naizenean, ez diot inori ihes egin nahi, ez naiz ezer gordetzen ari, eman beharreko azalpen guztien batura oihu egiteari uzten ez dion isiltasun hau da, ezkutuan agertzen naizenean, ezkutuan agerikoago naizenean.
V)
Kamtxatkan gertatzen da, Errusiako ekialdeko muturrean. 160 sumendi daude bertan, bata bestearen ondoan. Planetako ingurunerik hotzenetako batean, bero-isuri bortitzak.
Bailara bat dago han, urte osoan elurrez zuritutako landa zabalen erdian. Hegazkinetik begiratuz gero, eta bisutsak begiei deskantsua ematen baldin badie, zauri berde baten gisa ageri da bailara txikia. Ur beroa dago bertan, urte osoan zehar: lurraren erraietatik ateratzen den ur beroaren eraginez giro ia tropikala dago bertan, behelainotan, 0-pean dauden landa zabalen erdian. Ezkutuko zauri berde bat.
Animaliek ezkutuko leku hartan hartzen dute atseden. Gerta daiteke, animali batzuk ez ateratzea beraien bizitza osoan bailara berde horretatik, zauri berde horretatik. Litekeena da dauden lekuan egonda, ez jakitea pauso bat kanpora emanez gero hotzez hiltzeko arriskua dutela. Litekeena da mundua zauri berde bat dela irudikatzea, eta besterik ezer ere ez.
Ezkutuko lekua dela dirudi, baina ez da horrela. Inon, inoiz baino ageriago daude bailara horretan bizi direnak. Ezkutuan daudela uste, eta kartografo eta biologoen kamerek harrapatzen dituzte, ia egunero.
VI)
Esku batean ala bestean zegoen asmatzeko galdegin zenidan, esateko ahal banuen, esku bat ala bestea, ezkerra ala eskuina, ukabilak bilduta muturren aurrera erakutsiz, asmatzeko ahal banuen, esku bat ala bestea aukeran eskainiz. Erabakia hartzeko arrazoiren baten bila hasi nintzen orduan, erabakigarria izango zen keinuren baten zain geratu nintzaizun begira. Handik segundo gutxira hartua nuen erabakia, zirt ala zart egin beharra neukan, hau ala bestea. Nigandik hurbilen zegoen eskuaren alde egin nuen azkenean. Ez nengoen ziur, irribarre egiten zenidan, urduri nabari nituen barrunbeak mugitzen. Eskua zabaldu eta ahurra erakutsi zenuen gero, etorri zenean bezain huts. Eta horrela errepikatu zenidan gero zeuk ere, irribarrea are luzatuz.
Esku batean ala bestean zegoen galdetu zenidan eta huts egin nuen, baina ordutik, ezin diot neure buruari galdera bera egiteari utzi; gordetzen al zuen beste eskuak zerbait ala hura ere, nik aukeratu nuena bezala, hutsik ote zegoen barrutik?
VII)
Indusketak. Xabi Borda
zerbait galdu bagenu bezala gabiltza
zaurietan lurra harrotzen
indusketak egiten elkarren barnera
ez dago brontzezko estatuarik
urrezko txanponik ezkutuan
arkeologia hits bat da
hezur harri-bihurtuak baino
ez ditu estaltzen hondar honek
ezin naiteke hatz urratuokin beherago heldu
minduegi ditut bi eskuok
eta bihotz fosilak non topatuko beldur naiz
VIII)
Batzuetan lurpean gordetzen dut burua. Begiak ixten ditut eta belarriak zabaldu. Mundua entzuten dut azpian mugitzen, zeruan lainoek nola urratzen dioten minutu bat gehiago itsasoaren azalari, nola ari den norbait atzazalekin marra bat zizelatzen komuneko ispiluaren gainean. Arnasa hartzen dut lurpeko harrien bitarteetatik. Ezkutuan, uzten didaten hutsunea aprobetxatzen dut. Pentsatzen dut ene herriaz, ene familiaz, ene jendeaz, ez direla oharkabean pasatzen diren lainoak baino inportanteagoak momentu horretan ene gogoan. Oihu egiten dut barrurantz, ozen zabaltzen da ene zantzoa han behean, munduaren norabidea aldatzeko besteko indarrez egiten dut oihu lurpean, erantzunen bat jasotzeko bestaldetik, agerian dena ageriago uzteko urrats bat ene gogotik harantzago.
IX)
Azkenik ikusgarri bihurtu dira gure koadroak, izotz garaietako lantegietako animalia gorriak. Ezkutuan zegoena agertu da, gordeta zegoena agertu dugu. Alde egin dute guardek, pinu-sail ilunen artean alde egin dute korrika zaindariek. Azkenean agertu egin dugu azalpean geneukana.
Sabeletik ateratakoak ez du azala gogoratzen. Egiaren bila doa. Sabelera bueltatzeko asmorik gabe, egiaren bila doa.
X)
Haragoko lurretan, behinola, ezkutuan zen norbaitekin aurkitzea suertatu zitzaidan. Galdetu nahi izan nion zer zen hain estu gordetzen zuena, zerk eraman zuen hara, ezkutuan bizitzera. Zenbat denbora pasa zuen bakarrik, ezleku hartan katigatuta, noiztik ez zuen ikusten maite zuen jendea, zenbat aldiz akordatzen zen bere herriaz, etxeko leihotik ikusten zen paisaiaz.
Haragoko lurretan, behinola, ezkutuan zeukaten norbaitekin aurkitu nintzenean, galdera hauek egiteko gogoa sartu zitzaidan, erantzunak ordea agerikoegiak ziren ordurako eta eguraldiaz eta futbolaz aritu ginen luzaro.
XI)
Tomas Transtr
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!