Juan Calvo Ertzaintzaren komisarian hila. 30 urtez ezkutatutakoa, argitara: torturaren frogak
1993ko abuztuaren 20an, goizaldeko 5:00ak aldera, Santiago Ospitaleko larrialdietako osasun langileen talde bat Juan Calvo biziberritzen saiatu zen, alferrik: Arkauteko komisariatik hilotz irten zen bilbotarra. Medikuetako batek egindakoa aurpegiratu zien haserre poliziei, suminduta. Etxera heltzean, gogoratzen zuen guztia jaso zuen bi orriko idatzi batean, gertatua ahaztu ez zedin. Gero, ondorioen beldur, ezkutuan gorde zuen. ARGIAren eskuetan jarri du orain. through Argia.eus | Zigor Olabarria Oleaga
Medikuak emandako txostena eta ospitaleko beste langile batek eskainitako elkarrizketa, zinez gordinak biak, motore izan dira informazio berria bilatu eta Juan Calvo kasuan argi pixka bat egiten saiatzeko. Lortu ditugun material eta testigantza berrien artean dago forentseak Calvoren gorpuari eginiko autopsia ofiziala.
Medikuaren txostenak akatsen batzuk zituen diagnostikoan, azterketa pausaturik egiteko aukerarik ezaren ondorio (horregatik hartu dugu autopsia ofiziala oinarri marrazki anatomikoak osatzeko). Baina zuzen jaso zituen punturik esanguratsuenak: Calvoren gorpuak gasa botatzen zuela medikuei “eztula, narritadura-konjuntibitisa, zorabioak eta disnea” eraginez; kolpez, hematomaz eta zauriz lepo zegoela; lotuta egon izanaren arrastoak zituela eskumuturretan… Baina idatziak bestelako datu deigarririk ere ematen du.
Medikuak ertzainei esan zien Guardiako Epailea eta forentsea deitzeko, ospitalera hurbildu zitezen. Azkenean, berak deitu zuen 092ra
Txosten horri esker dakigu medikuak ertzainei eskatu ziela Guardiako Epailea eta forentsea deitzeko ospitalera bertaratu zitezen, begien aurrean zuenaren larritasunaz oharturik. Baina, beti ere medikuak txostenean jaso zuenaren arabera, “inork ez zuenez seinalerik ematen”, 092ra deitu zuen bere ekimenez, eta Udaltzaingoaren patruila bat agertzea lortu zuen. Agertu ziren epailea eta forentsea azkenik, eta medikuak aipatu zionean ertzainek ez ziotela deitu, honek erantzun zion bi dei jaso zituela: lehena, heriotza “natural” baten berri ematen; bigarrena, bere presentzia galdeginez. Nork egin zuen lehenbiziko deia Calvoren heriotza “natural” gisa deskribatuz? Ertzaintza ez den beste inork egin zezakeen?
Lan esperientzia luzea duen forentse profesional bati eskatu dio ARGIAk 30 urtez ezkutuan egon den medikuaren txostena eta autopsia ofiziala baloratzeko. Txostenari dagokionez, oro har zuzena eta zehatza dela adierazi du. Argitu du birikek zuten ur kantitate nabarmena edemaren ondorioa dela (ur hori dela eta, medikuaren txostenak jasotzen zuen heriotzaren kausa izan zitekeela Calvo «uretan murgildu» izana).
Azkenik, nabarmendu du ez dela ohikoa medikuek heriotza baten aurrean tamainako jarrera “proaktiboa” izatea (epailea eta forentsea bertaratu arazteaz gain, Calvoren ahotik irteten zen likidoaren laginak hartu zituzten analisirako), eta jarrera hori “positiboa” dela adierazi du.
Heriotza baten mapa
ARGIAren lantaldeak osatu dituen marrazki anatomikoak eta bideoa aztertzea da modurik egokiena ulertzeko Gasteizko Auzitegiko Institutu Anatomikoko Mercedes Sines Lafuente forentsearen autopsiaren edukia. Edonola dela, Calvoren gorpuak zituen: buruan bi ebaki, bat garezurreraino zabaltzen dena eta garunean odol-isuri txikia sortu zuena; barrabiletan “hematoma handiak”; biriketako edema akutua; eskumuturretan lotuta egon izanaren arrastoak; eta gorputz osoan gutxienez 47 kolpe (borrakadak, ustez), hemeretzi hematoma eta hamasei azaleko urradura, tamaina eta larritasun ezberdinetakoak.
Calvoren heriotza “biolentoa” izan zela dio autopsiak, kausa aipatu biriketako edema izan zela, eta Ertzaintzak erabiltzen zuen CS gasak sortua
Calvoren heriotza “biolentoa” izan zela dio autopsiak, kausa aipatu biriketako edema izan zela, eta Ertzaintzak erabiltzen zuen CS gasak sortua. Forentsearen arabera, ikuspegi “hertsiki mediku batetik” ezinezkoa da zehaztasunez ezartzea heriotza izan ote zen “istripu” baten ondorio, “suizida”, edo “hiltzailea”.
ARGIAk kontsultatu duen forentsearen esanetan, Sines forentseak egin zuen autopsia “kalitate onekoa” da: azterketa xehetasun handikoa izateaz gain, lagin ugari hartzen dira laborategietan analisia egiteko. Kolpeek oro har ez dute lesio garrantzitsurik sortzen, buruko atzeko ebakidura kolpe “esanguratsu” baten ondorioa behar du izan; barrabiletako hematomak ziurrenik kolpe bidez sortu ziren. Hiltzeko moduari dagokionez, medikuntza forentseak ez du baztertzen zenbait alditan dokumentatu den konbinazio bat gertatu izana, hiru faktorerena: gasa + polizien immobilizazioa + Calvoren “eldarnio asaldatua”.
Homizidioa
Erabateko desadostasuna du, azkenik, heriotzaren etiologiaz autopsiak egiten duen interpretazio irekiaz: bere esanetan, “zalantzarik gabe” heriotzaren kausa ez zen izan “istripua”, ezta “suizida” ere; Calvoren heriotza “hirugarren pertsonen esku hartzearen ondorioa” da, hortaz, “hiltzailea”. Komisarian hil zutela Calvo, alegia.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!