TIRA elikadura eta etxebizitza egituren aldeko jaialdia egingo dute martxoaren 19an
Auzoan Bizi eta Herrizoma Elikadura Sareak antolatu dute jaialdia elkarlanean, herri egiturak indartzea helburu. Larunbat honetan izango da Gasteizko Alde Zaharrean: herri bazkaria, jolasak eta Pelax eta Bidelapurrak taldeen kontzertuak izango dira, besteak beste.
TIRA Elikadura eta etxebizitza egituren aldeko jaialdia aurkeztu dute Auzoan Bizi Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza sareak eta Herrizoma Elikadura Sareak, martxoaren 19rako. Elkar ezagutu, auzora ireki eta sostengu ekonomikoa lortzea helburu duen jaialdia izango da, bi kolektiboek elkarlanean antolatua.
Herri bazkariak emango dio jaialdiari hasiera, 14:00etan Gasteizko Alde Zaharreko Auzolana Pilotalekuan. Ondoren, arratsaldean zehar, jolas eta ekimenak egingo dira auzoan zehar. Gauean, 21:00etan, Pelax eta Bidelapurrak taldeen kontzertuak izango dira Gaztetxean, eta DJak amaitzeko. Kontzertuetarako sarrerak Txapelarri tabernan daude salgai, 5 euroan.
Herrizoma eta Auzoan Bizi kolektiboek «elkarlanerako hautua» egin dutela azaldu dute. Izan ere, egungo testuinguruan gure bizi kalitatea kaskartzen ari delako, eta egoera are gehiago larrituko dela aurreikusi daitekeelako, «beharrizanei kolektiboki erantzuteko apustua» egin dute bi kolektiboen artean. Horretarako, egitura autonomo herrikoien aldeko hautua berretsi dute: «Herri egituretan sinisten dugu, elkartasunean oinarrituta funtzionatuko dutenak. Gaur egun, daukagun diru kopuruak arautzen du ze eskubide dauzkazun, izan etxebizitza, elikadura zein bestelako beharrizanak asetzeko. Honen aurrean, egitura hauen bidez gaitasun kolektiboa handituz joango gara behar materialei erantzuteko, eta gutxituz joango da merkatuarekiko daukagun menpekotasuna, pixkanaka baina oinarri sendoekin».
Auzoan Bizi eta Herrizoma Elikadura Sarea, kolektiboki antolatzeko herri egiturak Gasteizko Alde Zaharrean
Duela urtebete inguru sortu ziren Gasteizko Alde Zaharrean Auzoan Bizi Etxebizitza Sarea eta Herrizoma Elikadura Sarea, elikadura zein etxebizitza problematiken aurrean kolektiboki antolatzeko bi egitura berri.
Auzoan Bizi Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza sarea da eta auzokideen etxebizitza problematikei modu kolektiboan erantzutea du helburu: «Etxebizitza problematika sistema kapitalista heteropatriarkalaren oinarrian bizitzaren esparru guztiak merkantilizatzea dago. Gaur egun sufritzen dugun klase ofentsibaren aurrean, pertsona orok eta bereziki langile klaseak, emakume* eta pertsona arrazializatuek etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatzen saiatzen gara». Horretarako autogestioan eta elkar laguntzan oinarritzen dira, asanbladara iristen diren etxebizitza problematikak modu kolektiboan erantzuten, dituzten tresnak erabiliz eta berriak sortzen saiatuz.
Herrizoma Elikadura Sareak, bere aldetik, elikadura beharrak kolektiboki asetzeko pausoak eman ditu azken urtean. Alde batetik, erosketa kolektiboak egiten dituzte: «denon artean erosten ditugu produktuak, gertuko ekoizleekin harremanetan, ekoizpen ekologikoa edo produktu eskuragarriak lortzeko». Eta bestalde, badituzte ekoizpen propioak ere, «pixkanaka handitzen doazenak», eta modu komunalean banatzen dituzte horiek, jabetza kolektibokoak baitira ekoizten dituzten produktu guztiak. «Oraingoz baratza daukagu Errekaleorreko lurretan, garagardoa ekoizten dugu, sendabelarrekin higiene eta osasun produktuak egiten ditugu, perretxikoak, kontserba ezberdinak… Maiatzean aurkeztu zen proiektua eta pertsona ugari batu dira ordutik sarera, handituz doa komunitatea», ospatu dute.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!