Ikasturte berriko parrilla aurkeztu du Hala Bedi Irratiak
Parrillada jaia egin zuten larunbatean Hala Bedi Irratiaren 2021/2022 programazioa ezagutarazteko. Irratiko kideek saio berriak aurkeztu zituzten eta giro ederrean ospatu zuten parrillaren aurkezpena.
Larunbat goizean, Hala Bedi Tabernatik zuzenean egindako emisio berezi batekin eman zuten ezagutzera irratiko kideek hasi berri den ikasturteko programazioa. Eguna DJ eta kontzertu artean eman zuten gero, eta jai giroan eman zioten parrilla berriari ongietorria.
Aurten, eguneroko Suelta la Olla eta Hizpidea magazinez gain, 46 irratsaio propio izango dira entzungai Hala Bediren uhinetan. Euskaraz 17 irratsaio egingo dira, 28 gaztelaniaz eta galizieraz bat.
Hamar saio berri emitituko dira Hala Bedin. Larunbatean eman ziren ezagutzera, martxan jarri dituzten kideen aurkezpenekin. Ohi bezala, sormenak, kulturak eta arteak lekua izango dute programazio berrian: Autotune o barbarieko lagunek 2010eko hamarkadan EEUUn sortutako eta egun mainstream bihurtu den trapa, rapa, musika urbanoa, edo «dena delakoa» izango dute hizpide, hainbat artista, kolektibo zein beef aztertuz. Hemeretzi Hertz izeneko saioan «entzumenaren mugetan» ibiliko dira. Zinemari buruz hitz egingo dute, bestalde, SAMA kolektiboko kideek Lo que el viento se dejó deitu duten saioan.
Errealitate sozial eta politikoaz jarduteko tartea ere izango da uhinetan. Herriaren Hitza programa «ahotsik gabekoen ahotsa» izateko sortu dute, «albistegietan agertu ohi ez diren horiena», errepresaliatuena, jubilatuena, gazte edo langabeena; baina, baita eszena kulturalean eragiten ari diren horiena ere. Un mundo nuevo edo Mundu berrian aldatzen ari den mundu garaikideaz arituko dira, magia, artea, espiritualitatea eta zientzia jorratuz, eta «mundu berria» sortzeko ematen ari diren proposamenez ere informatuko dute. «Ikasleek ikasleentzako» sortutako Berbetan! saioan gai sozialak eta historikoak izango dira ardatz, betiere, gazte eta ikasleen problematiketan sakonduz eta kezka propioei helduz.
«Harresiak uhinka zulatzeko» ahalegina ere egingo da irratitik, Kafe ex-preso programan. Zaballako kartzelan preso daudenei zuzendutako irratsaioa izango da, elkartasuna adierazteko, senideak hurbiltzeko, mezuak elkarbanatzeko eta kanpoko zein barruko errealitatea zabaltzeko.
Izango dira saio ezohikoagoak ere. Asuntos Interiores da horietako bat, elkarrizketa pertsonal eta informalekin irratia egiten dutenak aurkezteko espazioa. Astero, irratiko partaide edo irratsaio bat pasatuko da estudiotik, hori sakonean ezagutzeko. Bestalde, Bizikleta Estatikoan, giro informalean beraien bizitzan agertzen diren gai existentzialei buruz jardungo dute bi lagunek igande gauetan.
Umorea ez da faltako saio berrien artean, Katu ta xepia, «umore show absurdoa» deitu dutenaren eskutik.
Hori guztia gutxi balitz, aurreko urteetako irratsaioak eta Euskal Herriko beste irrati batzuetan ekoitzitako 10 irratsaio izango dira entzungai Hala Bediko uhinetan, Arrosa Sareko partaide baita irratia. Arrosa Sareak ekoizitako Zebrabidea magazina ere entzun ahal izango da, Hala Bedin bertan grabatua.
Hala Bedi Irratia Hala Bedi Bat kate elebidunean (107.4 FM Gasteiz eta Lautadan / 107.7 FM Arabar-Errioxan) eta Hala Bedi Bi euskara hutsezko katean (95.6 FM Gasteiz eta Lautadan) emititzen da. Online ere entzun daiteke emisioa, halabedi.eus helbidean.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!