Entzun Hala Bedi Bi irratiaren estreinaldiko emisioa
Abenduaren 28an dardara sentitu zen Gasteizen, 88.8 FMan Hala Bedi Bi entzutearekin batera. Euskara hutsezko irrati libreak lehen urratsak eman zituen, noiz eta Hala Bedik 30 urte bete dituenean.
Irrati berriaren estreinaldiaren aitzakian zuzeneko emisioa egin zen, Aiztogile kalearen ataritik. 12etako kanpaiarekin hasi eta ordu betez luzatu zen irrati-aurkezpena. Dozenaka gasteiztar bildu ziren mikrofonoen inguruan, eta haiei ere eman zitzaien ahotsa emisioan zehar. Inuzente eguna probestuz, guardia zibilen bisita antzeztuak berotu zuen Alde Zaharra. Hala Bedi Biren emisioa tarte batez etetea ere lortu zuten. Alferrik baina. 2014arekin Hala Bedi Bik 88.8an segitzen du. Urte askotarako!
Jarraian duzu Hala Bedi Biren aurkezpen testua eta azpian saioa osorik:
Nork esango zuen, 30 urte eta gero…
Nork esango zuen kapital artifizialean…
Nork esango zuen inozente egun batez, hau gertatu behar zenik.
Zaila baita etorkizuna orainaldiko talaiatik aurre ikustea. Historia ibilian idazten delako. Noizean behin estropezu eginez, baina Ibilian. Eta gaur, hemen, historia idazten ari gara. Uhinetan gorpuzten den historia. Irrati bati lotutakoa. Kale, kantoi eta sukaldeko berotan gogoratuko dugun historia. Historia xumea agian, baina gure historia. Umetako inozentzia hari eutsiz idazten ari garena. Euskaraz eta euskaratik idatziko dena, inon idaztekotan.
1983ko abuztu hartan, walkie talkie-ak eskuan hartuta, zeledonen jaitsiera bertatik bertara kontatzera abiatu eta poliziak atxilo eraman zituen gazte ero haiek ere, ez zuketen inoiz horrelakorik imajinatuko. Gerora, Hala Bediko estudioetatik pasa diren milaka pertsonek ere ez. Baina hemen gaude. Hemen gaude, beste batzuk bidea egiten asmatu dutelako. Oztopo, itxiera eta zailtasun guztien gainetik, gauzak beste modu batera egitea posible dela frogatzeko gai izan garelako. Behin dozena bat neraberen amets izandako hura errealitate bihurtzeko bezain burugogorrak izaten jarraitzen dugulako oraindik.
Hiru hamarkadatan zehar, gauzak asko aldatu dira gure inguruan. Geu ere aldatuko ginen noski. Eta aldatzen jakin dugulako, seguru asko, jarraitzen dugu aurrera. Momentuan momentuko apustuak egiten ausartu garelako, irrati bat baino zeozer gehiago garela ulertu dugulako. Hitz asko joan badira airean ere, badugulako zer kontatua. Ahotsik gabekoen ahots izaten jarraitzen dugulako oraindik. Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez baieztatu dezakegulako hemen gaudela, eta hemen egongo garela.
Joan zen 80.hamarkada. Geratzen da oraindik nostalgikoren bat edo beste bazterrotan. Orduko gazteen azalak ere ximurtu dira honezkero, garagardoz tenkatutako gangarren tokia gominaz altxatutako tupeek bete dute, analogikoak galdutako lekua bete du digitalak, pantailaz inguraturik bizi gara baina irratiak betiko txokoa okupatuz jarraitzen du gure etxeetan.
Gu ere betiko tokian gaude, oinarri berean mugitzen gara. Asanblada eta autogestio ditugu identitate ikur nagusiak orain ere. Hankak lokatzetan mantenduz, ari gara ematen pausoak aurrera. Gure dialari erreparatu eta ez garelako inon aurkitzen. Diruak agintzen ez duen erritmoan egin nahi dugu dantzan. Botere nahiaren gainetik, herriari luzatu nahi dizkiogulako gure mikrofonoak. Gainontzeko irratietan, ahotsik ez daukaten horiei guztiei.
Eta 30 urte eta gero, hau dena, euskaraz egiteko ordua ailegatu dela pentsatzen dugulako jarri dugu martxan emisio berri hau. Garai bateko Gasteiz erdalduna ere, euskaldunagoa delako gaur. Hemen bizi, lan egin eta ikasten duten euskaldunek merezi dutelako bestelako euskarazko irrati bat. Askok uste dutenaren kontra, hiri honetan euskaldunak noizbait ikastera etorritako haiek denak baino gehiago direlako. Hala delako, Hala bedi!
Gaur, orduan bezala, adierazpen askatasunari leihoak irekitzera gatoz, ahotsik ez dutenei mikrofonoa jartzera. Isilarazi nahi izan gaituzten arren oso burugogorrak garelako, oso astunak agian, eta harro gaude horretaz. Arabako zein Euskal Herriko herri mugimenduei, musikariei eta, oro har, eskaintzen diguten horrekin konforme ez dauden guztiei zabaltzen dizkiegu egunero gure estudioetako ateak. Horretarako sortu ginen eta horretarako jaiotzen gara egunero, zuk irratia piztearekin batera.
Pasa dira bi urte Hala Bedik euskara hutsezko bigarren emisio bat martxan jartzeko asmoa zuela iragarri zuenetik. 2012ko otsailean jakin genuen Eusko Jaurlaritza irrati lizentzia berriak banatzeko lehiaketa martxan jartzekotan zela. Ez genuen denbora asko behar izan konturatzeko lehiaketa horrek ez zituela irrati libreak kontuan hartuko. Gogor kritikatu genuen orduko gobernuaren erabakia. Pastela, beste behin, betikoen artean banatzeko asmoa agerikoa zelako. Hala ere, irrati komertzialei bideratutako lehiaketara aurkeztea erabaki genuen. Arrazoia sinplea zen horretarako, guk dialean gure lekua aldarrikatu nahi genuen eta aldi berean, lehiaketa horrek euskarazko gutxienekorik ezartzen ez zuela ikusirik, Gasteizen banatzeko ziren lizentzia guztiak erdarazko irratientzat izango zirela aurreikusten genuen. Zentzu horretan, dialaren aniztasuna bermatzeko gure erantzukizun sozialtzat hartu genuen euskarazko proiektu bat martxan jartzea. Gasteizen gu ginelako, arrazoi asko direla medio, euskarazko irrati berri bat sortzeko erraztasun gehien geneukanak.
Bagenekien, halaber, ez zela erraza izango. Lan handia suposatzen zuen guretzat emisio berri bat martxan jartzeak eta horregatik utzi genuen argi hasieratik, proiektu honek bere bidea egiteko jendearen parte hartzea ezinbestekoa izango zela; dela bazkide eginez, dela irratian bertan parte hartuz. Eta horretan gabiltza.
Lehiaketa hura bertan behera geratu bazen ere, gu gure aldetik, emandako hitza betetzera goaz; lizentziarekin edo gabe. Aurrerantzean, Gasteizen, euskara hutsezko irrati libre berri bat entzun ahal izango baitugu: FMko 88.8 frekuentzian. Oztopo guztien gainetik, gure agintari politikoen ardura falta salatuz, ibilian-ibilian, 30 urte bete berri dituen honetan, Hala Bedik bere bigarren ahotsa uhinetaratuko du.
Horrela ba, gauzek ezin baitzuten beste era batera izan, abenduaren 28an, inozente egunez, kaletik bertatik eta 1983ko abuztu hura gogoan, Hala Bedi Biren lehen emisioa errealitate bihurtzen ari gara. Bertatik bertara ikusi nahi duen guztiarentzat, hemen gaude, eguerdiko hamabietan hasi eta ordu bata arte luzatuko den irratsaio hau egiten, Kutxiko sarreran bertan.
Ahotsik gabekoen inperioa hedatuz doa, baiki. Euskara hutsezko irrati libre bat jaio da gaur Gasteizen. Orain arteko bideari leial, hurbileko irrati bat eskaintzea dugu helburu, nagusiki musikala izango den bigarren emisio honekin. Hasiera batean behintzat, musika eta gai ezberdinen inguruko mikro-irratsaioak izango direlako Hala Bediren bigarren ahotsa osatuko dutenak. Eta denborarekin egitasmo berriak gehituz joango zaizkio emisioari.
Oztopoak oztopo, legeak lege, guk gure bidea egiten jarraitzen dugulako. Kolpez kolpe eta atsedenik gabe, saiatzeak berak bakarrik merezi duelako ahalegina.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!