Merkatuak ixteko Osasun Sailaren aginduaren kontrako ekimenak ugaritzen ari dira
Asteazkenean iragarri zuen Lakuak nekazari eta ekoizleen merkatuak ixteko agindua, supermerkatu eta saltoki handiek jai egunetan irekitzeko eskumena bereganatu duten bitartean. Hautsak harrotu ditu erabakiak eta gaur bertan, apirilak 11, atzera egin du Eusko Jaurlaritzak. Ugariak izan dira, ordea, nekazari eta ekoizleen alde altxatutako ahotsak eta eragileak, bai eta hauen produktuen salmenta bermatzen jarraitzeko martxan jarritako ekimenak.
“Ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko ardura ez da soilik baserritarrena, gizarte osoarena baizik. Hala uste dugu elikadura burujabetzaren alde lanean dihardugunok. Mundua aldatzeko lanabes boteretsua da elikadura, gu guztiok urteko 365 egunetan egunean 3 aldiz egiten dugun aukera da.”
Bide Berriak. Elikadura burujabetza Euskal Herrian (EHNE Bizkaia 2014)
Apirilaren 8an nekazari eta ekoizleen merkatuak ixteko agindua sartu zen indarrean Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ebatzita. Bitartean, supermerkatuek eta saltoki gune handiek irekita jarraitzen dute, are gehiago, horien artean badago haien ordutegia handitu duena eta jaiegun hauetan irekitzen ari dena. Agindua indarrean sartu baino aste bat lehenago EJk nekazariei eta ekoizleei haien produktuak supermerkatu zehatz batzuetan merkaturatzeko proposamena helarazten zien, hau da, gonbidatzen zituen lehen sektorearen duintasuna etengabe erasotzen duen paradigman sartzea. Aginduaren aurkako erantzunak, kontrako iritziak eta ekimenak ugaritu dira azken egun eta asteetan. Gasteizen aste honetan itxi da plaza, baina Euskal Herriko beste lekuetan itxi izan dituzte lehenago. Nekazal sindikatuak eta taldeak, zein kontsumitzaile asko kontra azaldu dira. Zergatik berriro ere ekoizle txikiak “zigortu” eta saltoki handiak lehenetsi? Ahots askok salatu izan dute merkatu eta plazen eskumena udalena dela, ez Osasun Sailarena. Eta horregatik erabaki dute hainbat Udalek (Oñatik, Azpeitiak, Zarautzek, Bergarak, Ordiziak eta Ondarruk) plazak irakita mantentzea. Berriak argitaratu du gaur eguerdian Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako sailburuak jakinarazi duela, Jaurlaritzak atzera egingo duela eta azokak baimenduko dituela.
Martxoaren amaieran, Estatu mailako 150 erakunde baino gehiagok sinatu eta bidali zuten eskaera urgentea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari. Eskaeran plazak zabalik mantentzea, tokiko ekoizpenaren alde egitea eta lehenengo sektorekoentzako neurri fiskalak ezartzea eskatu zuten. Horrekin batera #SOSNekazariak kanpaina abiatu dute sare sozialetan. Aste honetan, EHkolektiboak 200 eragilek sinatu duen manifestua aurkeztu du sareetan. Bertan nekazarien merkatuak berriro irekitzea exijitzen du, merkatuak diren zerbitzu publikoaren eskumena udalena dela azpimarratzen du eta EAJren ezkutuko helburuak salatzen ditu. Bestalde, Gipuzkoako EHNEk sinadura bilketa helburu berdinarekin jarri du martxan, hots, azokak irekita mantentzeko ehlburuarekin.
Merkatuen irekiera exijitzeko martxan jarri diren kanpaina ezberdinez gain, bitartean produktu lokalaren salerosketa bermatzeko dinamikak ere abiatu dira Euskal Herriko hainbat lekutan. Ipar Euskal Herrian Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartea, Biharko Lurraren Elkarteak, Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta ELB sindikatua batu dira Lekuko Drive, produktuen eskaera eta banaketa sistema antolatzen duen ekimena martxan jartzeko. Antzeko erreminta martxan jartzen ari dira Euskal Herri osorako Ehkolektiboak bultzatutako Baserriko Plaza plataforman. Esan bezala, lehen sektoreko produktuak modu zuzenean salerosteko moduak ugaritu dira. Horien bilketa polita Bilboko 97 irratiko Lur eta Murmur irratsaioko kideek osatu zuten azken saioan.
Araba mailan ere ekimenak jarri dira martxan ekoizleen eta nekazarien duintasuna zein elikadura arduratsua eta osasuntsua bermatzeko. Bionekazaritzan batzen diren ekoizleak Baserriko Plazan parte hartuko dute. Gasteizen, hala ere, Abastoseko Merkatuan goiko solairuan ostegun eta larunbatetan haien produktu ekologikoak saltzen dituztenek postua mantentzen dute. Baita Abastos barruko UAGA sindikatuaren postua ere. Aiaraldean, Aiaraldea Ekintzen Faktoriak Ekonomatua denda birtuala abiatu du, maila lokalean tokiko elikagai ekologikoak eskaintzeko. Ekimen kolektiboez gain, Gasteizko Santa Barbara plazan ostegun eta larunbatetan postua jartzen zuten hainbat ekoizle mezuak zabaltzen ari dira sare sozialetan haien produktuak eskaintzen.
BIDE BERRIAK – V.O Castellano from soberaniaalimentaria on Vimeo.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!