4.000 lagun eta ehunka espazio publiko aktibatu dira dagoeneko Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren kanpainan
Urriaren hasieran Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Urduñan aurkeztu zuen aurtengo euskararen eguna eskualde osoan elkarrekin aldarrikatzeko “Irten armairutik” dinamika. 14 urtetik gorako herritarrak aktibatzea eta hizkuntz ohiturak aldatzea xede duen kanpainak emaitza ezin hobea izan du antolatzaileen iritziz, “gaur gaurkoz 3.703 herritar eta espazio publikok hartu dute Ahobizi edo Belarriprest izateko konpromisoa, eta izen emateak gora jarraitzen du etengabe”.
Aiaraldea.eus bidez
“30 egun euskaraz Aiaraldean” kanpainari erronka izaera eman zion Euskalgintza Kontseiluak; helburua, 1.000 lagunek “Ahobizi” izateko konpromisoa hartzea, eta 5.000 lagunek, “Belarriprest” izatekoa.
Kontseiluko ordezkarien esanetan, “aurreikusi genuen proportzioa ez da bete, eta askoz jende gehiagok eman du izena Ahobizi izateko”. Halarik ere, emaitza ikusgarria izaten ari dela adierazi dute Kontseilutik, “ia 4.000 lagun aktibatu, hizkuntzaren armairutik atera eta 7 eguneko konpromisoa hartzea ikaragarria da, oso pozik gaude”.
Kanpainak aurrera jarraitzen du, eta izen-ematea oraindik irekita dago. Zentzu horretan, jende gehiagok eskainitako konpromisoa hartzea aurreikusi dute Kontseiluko kideek. Hemen dago horretarako aukera, alegia.
Astebeteko txandak udalerrika
Erronkaren lehen astean (azaroak 3-10) Arrankudiaga, Zollo eta Arakaldoko herritarrek egin zuten txanda, guztira 252 lagunek jantzi zuten soinean txapa eta aldean hartu konpromisoa. Arakaldo eta Arrankudiaga-Zolloren kasuan izen-emate kopurua oso handia izan da, erronkak zehaztutako kopuruetara iritsi dira ia, “14 urtetik gorako populazioaren ehuneko oso handi batek parte hartu du aktibazio ekimen honetan” adierazi dute Kontseiluko ordezkariek.
Lehen astea beteta, erronkak Laudio, Orozko eta Okondora egin zuen salto pasa den ostiralean. Okondoko udalerriak markak hautsi ditu, 159 herritar aktibatzeko helburua izanik, guztira 185 norbanakok hartu dute astebeteko konpromisoa.
Laudioren kasuan udalerriak 3 asteko txandak beteko ditu, azaroaren 10ean hasita abenduaren 1era bitarte. Aipatzekoa da Aretan aktibatu den herritar kopurua eta talde dinamizatzaileak aste honetarako antolatu dituzten jarduerak: egun guztietan antolatu baitituzte Ahobizi eta Belarriprestak aktibatzeko ekintzak.
Laudion, guztira, 1.309 herritarrek eman dute orain arte izena erronkako hiru asteetan parte hartzeko, eta horietako asko aste honetan aktibatu dira. Izena eman duten herritarrek Kultura Etxean jaso ahal izango dute egun hauetan dinamikaren ikur ezinbestekoa den txapa. Orozkon ere 258 herritar ari dira parte hartzen ahobizi eta belarriprest dinamikan.
Ostiral honetan Orozkok eta Okondok txanda amaituko dute, eta erreleboa pasatuko diote Aiara, Artziniega eta Amurrioko herritarrei. Udalerri hauetan ere, izen emateak irekita jarraitzen du, baina “eskuratutako kopuruak ere oso pozgarriak dira” Kontseiluko ordezkarien esanetan: Amurrion 912 herritar aktibatu dira, Aiaran 186 eta Artziniegan momentuz 69.
Urduña izango da azken txanda Laudio eta Amurriorekin batera beteko duen udalerria. Hiriaren kasuan ere, aktibazio ekimenari herritarrek emandako erantzuna “paregabea» izan da; 458 lagunek eman dute izena ahobizi eta belarriprest aritzeko, erronkaren %100a betetzeko zorian dago eta izen-emateak gora jarraitzen du etengabe.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!