35 urte bete ditu Hala Bedik, erronka berriei ekiteko prest
35 urte pasa dira Hala Bedik uhinak okupatzeari ekin zion abuztuko egun hartatik. 1983an jaio zen Hala Bedi irratia, helburu argi batekin: ahotsik ez zutenei ahotsa ematea, komunikatzeko modu ezberdin baten alde lan egitea. Asko aldatu da dena denbora honetan zehar. Asko aldatu da jendartea, bizimodua oro har. Eta handia da gaur egungo Hala Bedi irratiaren eta hasiera hartakoaren arteko aldea: uhinak okupatzetik, sarea okupatzera, mikrofonoak eta argazki zein bideo kamarak uztartu…
Hala ere, badira bere horretan mantentzen diren beste ezaugarri asko. Irrati bat baino gehiago garela esaten dute halabeditarrek, gainontzeko irratiengandik bereizten dituzte ezaugarriak dituztelako oinarri. Autogestioak, asanblada bidezko funtzionamenduak, kultura-artekotasuna eta aniztasuna baloretzat hartzeak, komunikazio hurbil eta parte hartzaileak, inongo interes ekonomiko zein politikoren menpe ez egoteak eta urte hauetan guztietan herri mugimenduaren tresna izateak egiten du libre proiektu hau, besteengandik ezberdin.
Horregatik definitzen du bere burua, hain zuzen ere, hedabide libretzat, Hala Bedi herri mugimenduaren ekimenez sortu baitzen 1983ko abuztuan. Jai giroan murgildurik zegoen hiriburu artifizial honetan bertan. Zegoenarekin konforme ez eta zerbait aldatu nahi zuten haiek denek eman zioten hasiera letra txikiz idatzitako historia handi honi. Hertzainak, Potato eta La Polla Records bezalako taldeek kaleak aztoratzen zituzten garaiak ziren. Mugimendu autonomoa, punkiak eta bestelakoak biltzen ziren orduko Gasteizko kaleetan. Eltze hartan hasi ziren prestatzen oraindik orain bizirik dirauten mugimendu eta ekimen asko.
Gauzak beste modu batera egitea posible dela frogatzen saiatu da Hala Bedi ibilitako bidean zehar. Batzuetan gehiago asmatuz eta beste batzuetan gutxiago. Eta garrantzitsuagoa dena, beti ezintasun eta hanka sartzeetatik ikasiz. Lan boluntarioari esker handituz eta haziz joan da Hala Bedi, eta bidea ez da erraza izan. Oztopo askori egin behar izan zaio aurre, behin baino gehiagotan saiatu dira mikrofono hauek isilarazten. Baina ez dute lortu. Urte batzuk beranduago, eta gogoeta sakon baten ondorioz, nahi zuenak nahi zuena esateko irrati bat izatetik proiektu komunikatibo sendo eta heldu bat izatera ailegatu da Hala Bedi.
Hiriko kolektibo ezberdinen parte-hartzea sustatzea eta teknologia berrien aldeko apustua behar-beharrezkoak izan ziren horretarako. Programazio finko bat lortzea, komunikatzeko eta lan egiteko modu bat definitzea lortu zen ekaitz osteko urte haietan. Helburu zehatzak jarri ziren abian eta horretarako bitartekoak bilatu. Baina honetan ez dago bakarrik Hala Bedi; Euskal Herriko beste txoko batzuetara ailegatzeko Arrosa Sareko beste irrati libre batzuk dituzte bidelagun, beste hainbat proiektu komunikatiboren elkar-laguntzarekin batera. Eta horrela, apurka-apurka eta mugak onartuz, euskara hutsezko bigarren emisio bat martxan jarri berritan ailegatu da gaur egunera arte Hala Bedi. Indartsu eta gogotsu.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!