2. atala: Azken krisialditik (2007-08) ondorioak ateratzen (GPS)
"Nork ordainduko du datorren krisia?" galderari erantzun bila dabil GPS eta horretarako hiru atalez osatutako iritzi testua prestatu dute. Aurreko atalean krisi kapitalisten funtzionamendua aztertu zuten. Oraingo honetan azken krisian egindako akatsetatik irakaspenak ateratzen saiatuko dira
Aurreko krisiak eztanda egin zuen finantza sistema osoa eta puztutako burbuila behera etorri zirenean. Sistemaren gainbeheraren aurrean, gobernu ezberdinek zorpetzera jo zuten era masiboan, horrela gerora inposatu nahi zituzten aldaketa estrategikoak errazago bideratu ahal izateko. Izan ere, zor publikoaren «ordainketa» eta hortik eratorritako interesak, berriro ere, herri bakoitzaren ongizate eta beharren aurretik jarri ziren. Esan beharra dago eskuratutako zorra, egoera horretara eraman gintuen sistemaren oinarri ahulak diruz hornitzeko baino, ez zela erabili.
Atera dezakegun ondorio nagusia hurrengo da: 70eko hamarkadan kapitalak neoliberalismoa bultzatu eta sendotzeko aprobetxatu bazuen, oraingo honetan aprobetxatu duela ekonomia norabide horretan are gehiago orientatzeko, bederen posiblea bada; negozio-nitxo berriak bilatuz eta aurkituz. Horretarako, Estatuaren eta Kapitalaren arteko harremana ber-formulatu behar izan da, bi norabidetan gutxienez: Baga, Estatuaren menpekotasuna eta subiranotasunaren galera, era nabarmenago batean, eta biga herrialdearen kudeaketari dagokionez politikoaren presentzia murriztea, betiere alderdi teknikoaren alde.
Laburki aztertuko dugu estuaren bilakaera. Horretarako aipatu beharra dugu abiapuntutzat hartzen dugula Estatuak nolabaiteko autonomiarekin maniobratzen duela, neutraltasunaren itxura mantentzen saiatzeko, eta beraren definizio eta funtzioak klase-borrokaren bilakaeraren araberakoak direla. Bilakaera honetan ikusiko dugunez, aurretik egiten ari zirenaren jarraipena eta sakontzea besterik ez da (eta hemen ikusgarrienak baino ez ditugu jorratuko):
Pribatizazioa eta merkantilizazioa. Asmoa ondasunak eta zerbitzuak merkantzia bihurtzea da, prozesua mailakatua izan da eta publikoa ez dela eraginkorra pentsatuaraziz gauzatu da; lehenik eta behin enpresa publiko «ez-estrategikoak», gero zerbitzu publikoak, ondoren eskubide sozialak, erakunde eta administrazioetatik igaroz, azkenik armada eta segurtasuneraino iristeko. Hori guztia, metaketarako eremu berriak irekitzeko «beharragatik» eta nahiagatik egin da. Aipagarria da hemen, Koronabirusaren krisi berriak agerian utzi duela zer gertatzen den funtsezko sektore eta lanak pribatizatzen direnean. 3. adinekoen egoitzak adibidetzat hartuta, ehunka horietako bat, errentagarritasun ekonomikoa osasunaren eta bizitzaren aurretik jartzearen emaitzak argiki ikusten ari gara.
Eskulana handitzea. Globalizazioaren ondorioz, lan-merkatua mundu osoan zabaldu da eta horrek langileen arteko «lehia» areagotzen du. Egoera horretan, atzera egin dute lan-baldintzek, ezinezkoa baita ekintza batasuna. Gazteok ondorioak lehen eskutik ezagutzen ditugu: langabezia, malgutasuna, behin-behinekotasuna, etengabeko prestakuntza…
Estatuaren papera. Aberastasuna birbanatzeko politikak, sinpleki enpresa pribatuari diru injekzioak egiteko eragiketak bihurtu dira. Aldi berean, prozesu hauei aurre egitea eragoztea bilakatu da funtsezko zeregina. Horretarako, eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen ditu, eta biztanleriaren gaineko kontrola eta zelatatzea gero eta estuagoa eta sofistikatuagoa delarik.
Desdemokratizazioa. Aro global honetan, erabakiak hartzeko markoak herriaren «kontroletik» gero eta urrunago kokatzen dituzte. Nazio-estatuen funtsezko elementuak eremu pribatuetara transferitzen dituzte, beraz. Espazio opakuak, abstraktuak eta inolako herri-kontrolik ez dutenak dira gobernuek hartu beharreko norabidea ezartzen dituztenak. Aztertzekoa da prozesu hau, Burgesiak Frantziako Iraultza irabazi ondoren abian jarri zen funtzionamendua ere zalantzan jartzen hasia baita. Hau da, botere legegileak (parlamentuak) eta judizialak indarra/legitimitatea galtzen hasiak direla ondorioztatu dezakegu, beraz.
Gainetik bada ere, hauek dira azken krisi handiak utzi dizkigun ondorio eta gidalerroak. Pentsalari liberalek esaten dute ez garela oraindik atera edota ateratzear geundela, baina klase-ikuspegi batetik begiratuz gero, badakigu ezinezkoa dela irtetea. Zapalduontzako krisia bere baitan, sistema bera da.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!