1977ko Aberri Eguna, “Estatua eraso eta iraintzeagatik” debekaturiko azkena
Argia.eus bidez / Urko Apaolaza
Gaurko egunez, 1977ko apirilaren 10ean, egin zen Euskal Herrian Franco diktadorea hil osteko azken Aberri Egun “ilegala”. Gasteizen eta beste hainbat tokitan istilu bortitzak izan ziren zenbaitek “borroka egun” izenpetutako hartan. Urtebete geroago, duela 40, ia alderdi guztiak elkarrekin –baina ez bat eginda– atera ziren kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Larrun mendian, espainiar gobernuak lehen aldiz baimenduta.
Ordura arte polizia frankistak gogor zapaldutako ospakizuna izan zen Pazko igandekoa, 1968ko Donostiakoa eta 1976ko Iruñekoa izan daitezke errepresio basati horren erakusgarri. Aberri Egunak kutsu aldarrikatzaile antifrankista erabatekoa zuen hartuta, eta langile borrokaren egun mugarri bat ere bazen nolabait.
Baina “Trantsizioa” deitu izan den Espainiako operazio politikoa martxan zegoen jadanik 1977an. EAJk , ESBk, PSOEk eta PCEk Gasteizen deialdi bateratu “baketsu eta sinbolo politikorik gabea” egiteko eskaera luzatu zioten Rodolfo Martin Villa gobernazio ministroari –egun frankismoaren krimenen kontrako kereilan auzipetua–. Honek, Madrilera deitu zituen alderdiotako ordezkariak ustez Aberri Egun legezkoa adosteko, baina ezustekoa hartu zuten.
Egun horietan gertaturikoa Jonathan Martínezek kontatu du Twitterreko hari ilustratu batean: “Debekua jakinarazi zien, PCEko ordezkariari ez zion bulegora sartzen ere utzi” dio txioetako batean.
Orduko prentsan idatzita dagoenez “biolentzia” –bai, orduan ere Estatuak erabilitako komodin ohikoena zen hitz hori– eta ordena publikoaren alterazioa izan ziren Martin Villak emandako arrazoietako bat Aberri Eguna debekatzeko. Euskal ordezkariek agintari espainiarrari egotzi zioten Euskal Herriko errealitatearekiko ezjakintasun erabatekoa izatea eta debekuak jarrerak erradikalizatu besterik ez zituela egingo azaldu zioten.
Arratsalde horretan Gobernazio Ministerioak oharra kaleratu zuen debekua ofizial eginez eta aditzera emanez alderdi deitzaileek manifestazio “baketsu eta ordenatua” agindu bazuten ere, “beste erakunde batzuek zabaldutako propagandak dei egiten du argi eta garbi Estatua, bere Ikur Nazionala, Indar Armatuak eta Ordena Publikoa eraso eta iraintzera”.
Hortik aurrera, deialdiek beste norabide bat hartu zuten indar politikoaren arabera: “Gasteizko deialdi bateratuari jarritako debekuaren aurrean –azaldu du Martínezek sarean–, EAJk bere oinarriak ekitaldi toleratu batera deitzen ditu Loiolako Santutegian. Deialdi txikiak egingo dira hainbat herritan eta indar komunista zenbaitek Durangon manifestazioa egingo dute, baina euskal ezkertiarren gehiengoak Gasteizko deialdia mantenduko du”.
Guardia Zibilak Aberri Egunaren bezperan, apirilaren 9an, Gasteizko sarrera-irteerak harturik zituen, ez zuelako inolaz ere jendetza biltzerik nahi. Hiri hartan zauriak bizi-bizi zeuden –oraindik ere irekita daude– urtebete lehenago martxoaren 3an Estatuak langileen kontra egindako sarraskiarekin. Hala ere, kontrolak eta elurra gaindituz jende askok lortu zuen hirian sartzea, baina poliziak pertsegituak izango dira: ke-potoak, suhiltzaileak, hainbat atxilotu, zaurituak…
Manel Armengol fotokazetari katalan ezaguna han izan zen eta segidako argazki esanguratsuok egin zituen, Martínezek bere txio-harira ekarrita: “Atzeko kazetariak polizia sekretak ziren eta kazetari guztiak atxilotu gintuzten”, dio argazkilariak.
1978an autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko ekitaldi bateratua egin zuten alderdi guztiek –PSOE eta PCE barne–, lau hamarkadaren ostean lehen aldiz legala izan zen Aberri Egunean.
Baina 1977ko Gasteizko hura ez zen izan Estatuaren debekua jasan zuen Aberri Eguneko azken ekitaldia izan; geroztik ezker abertzaleak antolatuko ospakizunak birritan jazarri ditu poliziak, 1980kotik hasi –Herri Batasunak eta beste zenbait alderdik Donostian egina– eta gutxienez 2005era arte: jadanik legez kanpo zegoen Batasunak Iruñean deiturikoa sakabanatu zuen Espainiako Poliziak, pilotakada eta borren bidez.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!