Ekin diote denboraldi berriari Hala Bedi irratiko magazinek
Arazo teknikoak gorabehera, hasi dute denboraldia goizetako euskarazko Hizpidea magazinak eta gaztelaniazko Suelta La Ollak; baita Arrosa Sarearen Zebrabidea arratsaldeko magazinak ere.
Espero baino astebete beranduago hasi dute denboraldia aurten Hala Bediko magazinek. Matxura teknikoak izan ditu irratiak eta horiek konpondu bitartean etenda egon da emisioa. Azkenean, streaming bidezko (online) emisioa berreskuratu eta lehen saioa egin zuten atzo, astelehena, irailak 19.
Tamalez, FM bidezko emisioa ez dago martxan oraindik, antenaren matxura bat dela eta. Ez daitezela, baina, entzuleak larritu. Laster izango da Hala Bedi uhinetan bueltan, magazin eta irratsaio zahar eta berriekin.
Hizpidea, aurreko edizioetan bezala, goizero emitituko da astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 10:00etara. Albisteen errepasoarekin hasiko da magazina, Arabako, Euskal Herriko eta munduko berriak emanez; eta, ondoren, iritzi, elkarrizketa eta kolaborazioen tarteari emango zaio bide.
Gaurkotasuneko gaiez jardun eta eztabaidatzeko tertuliak ere egingo dituzte, hiru aldiz astean. Aitziber Perez de Karkamo, Asier Etxenike, Iratxe Alvarez, Ruben Sanchez, Arantza Gutierrez eta Aitor Castañeda tertuliano beteranoei batuko zaizkie aurten Ainhoa Etxaide eta Zigor Garro.
Kolaborazioak ere ezagunak dira batzuk: nazioarteko eta geopolitikako kolaborazioek iaz bezala jarraituko dute, baita zientzia, zuzenbide eta analisi politikoko tarteek ere, batzuk aipatzearren. Espazioa mantenduko den arren, kolaboratzaile berriak izango dituzte memoria, ekologia, euskara eta maskulinitate eredueri eskainitako tarteek.
Alta, bada nobedaderik. Aurten estreinakoz tartea eskainiko zaie filosofiari eta antropologiari, Unai Apaolazak errepublikanismoaz jardungo du, Jakin-eko lau kide izango dira hilean behin aldizkariaren eduki interesgarrienak azaltzen, eta Gema Lasartek “Haizeak sesioan” atala gidatuko du.
Suelta La Olla magazina ere, Bilboko 97 irratiarekin elkarlanean egiten dena, ohiko ordutegiarekin entzungo da irratian: 10:00etatik 13:30etara. Aurreko edizioetako atalekin antolatuko dute irratsaioa: korrespontsalia internazionalena, transfeminismoa, zientzia eta pentsamendu kritikoa, agroekologia, prestazio sozialak, eskubide laboralak. Atal kulturalak ere bai: musikari, serieei, zinemari eta literaturari eskainiak.
Gaurkotasuneko gaiei edota sakoneko begirada merezi dutenei buruzko elkarrizketak ere egingo dituzte saioan, eta iritzi emaileen eskotillak ere izango dira.
Aurten, nobedade gisa, psikologia eta osasun mentalari begirada kritikotik helduko dion atala ari dira prestatzen.
Hala Bedi irratiaz gain, 97, Uhinak, Txapa, Eztanda, Garraxi, Arraio, Zintzilik, KKinzona irratietan izango dira entzungai, beraz, dagoeneko, Hala Bedi irratiaren magazinen edizio berriak.
Arratsaldeko euskarazko magazinak ere ekin dio bere bideari: Arrosa Sareak ekoizten duen Zebrabidea ere emititzen hasi zen astelehenean, hilak 19.
Parte hartzeko aukera zabalik
Magazin hauetan, Hala Bediko irratsaioetan, programazio komisioan, Hala Bideon, erredakzioan eta sare sozialetan… irratian hamaika modutan parte hartzeko aukera dago oraindik. Idatzi besterik ez da egin behar, info@halabedi.eus helbidera.
Gainera, ohi bezala, udazkenean aurkeztuko du Hala Bedik ikasturte berriko parrilla eta irratsaio bat egitea buruan dutenek aukera dute Hala Bediko programazio lantaldearekin harremanetan jartzeko programazioa@halabedi.eus-era idatzita.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!