[ARGAZKI GALERIA] EAEko zerbitzu publikoetako langileek greba egin dute, zerbitzuak indartu eta baldintzak bertan erabakitzeko
Sindikatuek esan dute jarraipen zabala izan duela grebak. Alderdi politikoei eskatu diete "bertoko aurrekontuetan lehenetsi ditzatela langileen aldarrikapenak eta herritarren beharrak"; eta EAEko administrazioei zerbitzu publikoak eta langileen soldata eta enplegua berton adosteko.
ELA, LAB, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek deitu dute greba, urriaren 25ean egin zuten bezala, “zerbitzu publikoen alde, soldatak eta enplegua hemen adostu“ lelopean. Abenduaren 19ko greba deialdiaren “jarraipena oso zabala” izaten ari dela esan dute, baita hiriburuetan deitutako mobilizazioetakoa ere.
Honakoa adierazi dute deitzaileek: “Urriko greba ondoren aurrerapauso txikiak eman dira, hala nola, hainbat esparruetan mahai negoziatzaileak deitu dira, eta EAJk PSOErekin inbestidura akordioan jasotzen da euskal langileen enplegua eta soldata hemen erabakitzeko aukera. Greben eta mobilizazioen jarraipen zabalak lortu du hamarkada baino gehiagotik itxita zeuden bideak zabaltzea. Baina, aurrerapauso horiek ez dira nahikoak, eta erakusten dute borondate politikoarekin, ezinezkoa eta ilegala zena, posiblea eta legala bilakatzen dela”.
Gauzak horrela, sindikatuek, gaurkoan, eskaera bikoitza egin dutela adierazi dute. Batetik, ostegunean, abenduaren 21ean, EAEko aurrekontuen bozketan “langileen aldarrikapenak eta herritarren beharrak lehenesteko” eskatu dute. Bestetik, euskal alderdi politikoei eskatu diete bozkak baliatu ditzatela “Madrilen negoziatuko diren aurrekontuetan ez dadin betorik ezarri hemen zerbitzu publikoak, enplegua eta soldatak adosteko”.
Hezkuntza-zentroetan, garraio publikoan eta administrazioan handia izan da grebaren jarraipena. Osakidetzan 100%-eko zerbitzu minimoak ezarri dituzten hainbat zentrotan. Gasteizen ia guztiz gelditu da jarduera Koldo Mitxelena eskolan. Aranbizkarra, Landaberde, edo Mariturri bezalako haur eskoletan langileen %70ak egin du greba. Udalei dagokionez, Agurain, Laudio eta Amurrion izan du Araban jarraipen zabalena. Garraio publikoan ere langile askok egin dute lanuztearekin bat. Gasteizko Tuvisako langileek (greba eta lanuzteak egiten ari dira) zerbitzu minimoak bete dituzte soilik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!