Beste eraso homofobo bat Gasteizen
Gazte batek sare sozialen bidez salatu du "marikoi zikina" deitu eta ukabilkada bat jo ziotela larunbatean Gasteizen. Azken hiruhilekoan Araban erregistratutako hamabigarren eraso LGTBI+fobikoa dela azaldu du Ikusgunek.
Gasteizko gazte batek sare sozialetan salatu du larunbatean Gasteizen jasan zuen eraso homofoboa. “Marikoi zikina” deitu eta ukabilkada jo zion mutil batek, eta lurrera bota zuen.
Ikusgunek, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak, erasoa erregistratu duela jakinarazi du. Azken honekin, 12 dira azken hiruhilekoan Araban erregistratu diren eraso LGTBI+fobikoak: sei eraso, lau gorroto-diskurtso kasu, eta sexu-orientazio edota genero-identitateak motibatutako diskriminazio kasu bi.
LGTBI+fobiaren aurkako jaialdia Zabalganan
Duela astebete zabaldu zen mutil talde batek hamabi urteko neska bat jazarri zuela Zabalgana auzoko skate parkean, ostadarraren koloreko poltsa zeramalako. Erantzuna emateko, auzoko bizilagunek eta Ikusgunek LGTBI+fobiaren aurkako jaialdia antolatu dute biharko, irailak 9, Zabalganako skate parkean bertan. Arratsaldeko 18:00etan hasita, patinajea, margoketa eta musika izango dira, besteak beste. Materiala ere izango da salgai eta etekinekin LGTBI+fobiaren aurkako ekimenak sustako dira.
#LGTBI+fobiarik zabalganan EZ pic.twitter.com/0kjqwUonOx
— Zabalgana Batuz (@ZabalganaBatuz) September 5, 2021
Erasotuei buruzko datuak
Azken eraso horiek inplikatutako pertsonen sare sozialen bidez ezagutu dira. Hala ere, Ikusgunek ohar baten bidez gogorarazi die komunikabideei haien irizpidea dela erasotuen kontakturik eta horiei buruzko informaziorik inoiz ez ematea. Izan ere, Emakunderen gida jarraituz, ez dute “biktimak nor diren zuzenean edo zeharka jakiten laguntzen duen daturik emango (adingabeak badira, bereziki)” eta “interes orokorrekoak diren datuak baino ez dira emango”.
🗒️Komunikabide ezberdinak eraso LGTBI+fobikoen biktimen kontaktuak eskatzen ari dizkiguzue. Ikusguneren irizpidea da inoiz ez dugula informazio hori emango. Emakunderen gida uzten dizuegu lagungarri izango delakoanhttps://t.co/O41yGFl7cz pic.twitter.com/JqetS4zyXj
— Ikusgune (@ikusgune) September 8, 2021
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!