Aiaraldeko enpleguaren defentsan konpromisoak hartzea exijitu diote Tubacexeko langileek Eusko Jaurlaritzari
Bilbon mobilizatu ziren atzo Tubacexeko langileak. Eusko Jaurlaritzaren atarira eraman dute protesta, bertan prentsaurrekoa eskaini baitu Enpresa Batzordeak. Enplegua bermatzeko neurriak exijitu zizkieten erakunde publikoei. through Aiaraldea.eus
Greba mugagabearen 78. eguna zuten atzokoa Tubacexeko beharginek, eta aldarrikapenak Bilbora eraman zituzten. Manifestazioa egin zuten EITBren eraikinetik abiatuta Gran Via kaleko Eusko Jaurlaritzaren bulegoetaraino. Bertan, agerraldia eskaini zuen Enpresa Batzordeak.
Mezu zuzena helarazi zioten Eusko Jaurlaritzari eta Arantxa Tapia sailburuari: Aiaraldeko enplegua bermatzeko neurriak abiatzea. Bide beretik, dei egin zieten ere Aiaraldeko alkateei eta Arabako Ahaldun Nagusiari, Tubacexek eskualdean dituen lantegien etorkizuna defenda dezaten.
“Ez dago kaleratu eta kaleratu gabeko langileen arteko desberdintasunik, talde bakarra gara gure etorkizunaren alde borrokan” adierazi zuten enpresa batzordeko ordezkariek Eusko Jaurlaritzaren aurrean egindako agerraldian. Batasun irudia helarazi zuten. “Tubacexen ez dago inor soberan!” esanez amaitu zuten hitzartea Edu Ibernia eta Joseba Terreros ordezkariek.
Ertzaintzaren jokabidea
Ertzaintzak greba mugagabean izan duen “neurrigabeko” jokaera salatu du Enpresa Batzordeak. Hain zuzen ere, eztabaida piztu da manifestarien eta polizien artean, mobilizazioko une batean Brigada Mugikorreko agenteak Sabino Arana etorbidean furgoi polizialetik jaitsi zirenean. Beharginek “probokaziotzat” jo zuten Ertzaintzaren gehiegizko presentzia.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!