“100 urte, bakarrik ezin da!”: partida ez da bukatu Hala Bedi, Gaztetxea, Errekaleor, Auzolana eta Sumendirentzako
Urte borobila izango da 2023a autogestioa eta asanblada ardatz dituzten Gasteizko ibilbide luzeko bost eragilerentzako, urterruenez jositako urtea. Hala Bedi irratiak 40 urte beteko ditu, Gasteizko Gaztetxeak 35, Auzolana Pilotalekuak 15, Errekaleorrek 10 urte eta Sumendik 7.
Elkarrekin beteko dituzten urteen kopurua ehun urtetik gorakoa dela eta, elkartasunaren aldeko lelo batekin aurkeztu dute urtemuga horien guztien hari izango den dinamika: «100 urte. Bakarrik ezin da».
Lema horren azpian lehen ekimena egin zuten inauterietan, otsailaren 18an: elkarrekin mozorratu eta urtebetetzeen urteari hasiera eman zioten.
Orain, dinamika osoa aurkeztu dute jendaurrean: “Dinamika aurkezten dugu gaur urte hauetan guztietan elkartu gaituzten ideia eta lan egiteko moduei indarra emateko, hala nola asanblearismoari, autogestioari eta okupazioari. Horretarako, hainbat ekintza eta dinamika burutuko ditugu urtean zehar”, esan dute.
Datorren urriaren 21era arte, hamaika ekimen eta jaialdi egingo dituztela iragarri dute.
100 urte, bakarrik ezin da!
1983an sortu zen Hala Bedi irratia, eta 40 urte egingo ditu aurten. “Zentsura, errepresio eta legalitatearen kasillak erraz gaindituz komunikazio librearen eremuan erori da. Ahotsik ez dutenen bozgorailu bihurtu da jolasa hasi bezain pronto”, urteurrenen jolasean.
Gaztetxeak 35 beteko ditu, “okupazioa, asanblada eta autogestioaren karta inork bezala erabiltzen daki eta hori izango da bere arma jolasean zehar”. 1988tik izan den bezala.
Auzolana Pilotalekuak ere, 15. urtemuga duen honetan, “Gasteizen inoiz egin den talde argazki erraldoia eginez lizuna gainetik kendu eta indarberritua ateratzea lortu du; eta “Mila gorriz! Baietz auzoa defendatu!”, oihukatu du”.
2013an hasi zuen jolasa Errekaleor Auzo Askeak eta “okupazioaren karta maisuki erabilita hilzorian zegoen auzo bat biziberritu du”.
Bukatzeko, SUmendi espazioa, gazteena, “geroz eta zahartuago dagoen auzoa gazte berritzen ari da bere txanda guztietan”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!