Sistema honen negazionista naiz eta harro nago
Sorgina, feminazi, lodia, itsusia, ezmaitatua, emagaldua… emakumeok oso ondo dakigu dagokigun tokitik ateratzeak ondorio larriak dituela. Garai batean sutan erretzen gintuzten, besteetan harrikatu eta gaur egun ere, askotarikoa da emakumeok pairatzen dugun biolentzia fisikoa. Baina hau baino sotilagoa da izen hauek erabiltzen lortzen dena. Horrela izendatzen dituztenak, ez dira emakume ontzat hartzen eta beraz ez dira eredugarriak. Honen bitartez, demonizatzen gaituzte eta eredu hauen inguruko aurkakotasuna sortzen dute.
Aski ezaguna da ere iraultzaileen kontrako propaganda. Burgesia izutu behar zuen komunismoaren mamua, jendartea izutzeko erabili du burgesiak berak. Komunismoarekin gosea, militarizazioa, heriotza etorriko dela zabaltzen. Kapitalismoak mende guzti honetan hori guztia eragin ez balu bezala. Anarkistei ezarritako jarrera biolentoa aski ezaguna da ere. Anarkista gisa izendatu dute kriminalizatu nahi izan duten norbanako edota kolektibo asko. Berriz ere, proiektu politiko iraultzaile hauen inguruko beldurra sortzen, proiektu hauen bideragarritasuna ezeztatu nahian.
Marika, kamionera, marikita, bollera, tortillera, desbideratua… asko dira heterosexualitatearen arauarekin apurtu dutenak iraintzeko asmatutako ezizenak. Batzuk, berreskuratuak izan dira eta gaur egun aldarrikatzen dira. Baina, oinarrian pertsona hauek gutxiesteko nahia dago. Urteetan, eta toki askotan oraindik ere, gaixoak izango balira bezala tratatu izan dituzte. Psikiatrikoetan giltzaperatu, akatu edo beraien desira edota hautu sexuala debekatu egin dute. Generoa urratu egin dutenak horrela edo okerrago tratatu izan ditu Historiak. Beraien aukera eredu bihurtu ez dadin, benetan normatik besteratuak bezala hartuak izan dira.
Baina ezberdinaren gaineko zapuzte hau, beste tokitik etorritakoak pairatu izan du ere. Garai batzuetan, pertsonatzat ez ziren hartzen bere gaineko kontrola justifikatzeko, esklabutza bideratzeko. Gaur egun, gurean, migratua edo arrazializatuarengan gaitz guztien errua uzten da, modu honetan, kapitalismoak sortzen duen gorrotoaren oinarria izkutatzen du eta bere aurka antolatu ahalko zen langileriaren barnean banaketak sortzen ditu. Gure bizitza kontrolatzen dutenen aurrean matxinatu beharrean, zuriok gure ezintasuna ezberdina denarekin ordaintzen dugu. Gizonak emakumearekin ordaintzen duen bezala.
Biolentoak versus demokratrak, euskal gatazkan zeintzuk ginen gaiztoak ondo definitzeko erabili ohi zen dikotomia. Ikusi ez dudan Patria serie horrek ondo islatzen du errealitatea aurkezteko modu hau. Horrela, pixkanaka, edo arinegi agian, Herri baten erresistentzia desitxuratu zuten eta kalean zenbait jarrera politiko defendatzea are zailagoa bihurtu zuten. Ikusten dugunez gaur egun, aldebiko biolentzia izatetik alde bakarrekoa izatera pasatu denean ere, biolentoak, momentuz betikoek izaten jarraituko dugu. Bide honetatik independentzia eta sozialismoaren proiektu politikoari eusteko bidea zailagoa egiten dute.
Egungo errealitatean, diskurtso hegemonikotik ateratzen diren irakurketa ezberdin guztiak barnebiltzeko eta politikoki ukatzeko sortu den terminoa Negazionista da. Paria bat bezala irudikatzen dituzte azterketa nagusia osorik edo tarteka arbuiatzen duten guztiak. Modu honetan bestelako jarrerako tokirik ez dute uzten, analisi bakar bat baliatzen dute eta berez honen aurrean aritzeko modu bakarra, beraien arauak, beraien kontrola, beraien sistema.
Itxaso Viñe
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!