“Josi ta josi” -Patxi Goenaga-
Datorren igandean ospatuko da Gasteizko Zabalgana auzoan Euskal Eskola Publikoaren eguna. Bere 26. edizioa izango du. Azkenekoz, duela 18 urte egin zen Gasteizen.
‘Josi ta josi’ lelopean, aniztasuna eta honek dakarren aberastasuna azpimarratu nahi dituzte. Jai honen sustatzaileen arabera, Euskal Eskola Publikoak gizarte hau osatzen dugunon arteko elkarbizitza eta kohesioaren alde ari direla aldarrikatu nahi dute eraikitzen duela azpimarratu nahi dute aurtengo edizioan.
Iritzi-tarte xume honetatik, neu ere zerbait esatera ausartu naiz, jai egun hori hortxe, aurrez-aurre daukagun honetan.
Euskal eskola publikoaren jaia da. Eta hiru hitz horietan mami dezente biltzen da.
Euskararen jaia
Euskal horrek ‘euskalduna’ izan nahi du. Hemen ere, gauza guztietan bezala, mailak daude eta euskalduntasun hori zenbaterainokoa den batzuek, gero eta gutxiagok nik uste, zalantzan jartzen dute. Euskaldunok, euskal herritarrok ahalegin handiarekin, eraikitzen ari garen hori euskal eskola dela ez dugu zalantzan jarriko. Nik ez behintzat. Eskola honi esker, heziketa burututakoan euskal herritarrok euskaldun izateko eskubidea gauzatua ikus dezakegu, euskaradun izateko eskubidea. Ez da ehunetik ehunean lortzen oraindik, baina hein handi batean bai. Eta zenbait tokitan familiek eta gainerako beste zenbait eragilek gehiago lagunduko balute, hobeto joango lirateke gauzak. Nolanahi ere, aurtengo jaiaren antolatzaileek diotenez, euskarak berak ere kohesioa eta integrazio iturri izan behar dute gure gizarte honetan. Horretaz konturatu behar genuke.
Bestalde, festa hau aprobetxatu beharko genuke aitortza egiteko euskara herritar guztion eskura jartzen saiatzen diren hainbat jenderi, indartze horretan partaide izan ziren maisu-maistrei. Irakasleen euskalduntzean egin den ahalegina eta lortu diren emaitzak ikusgarriak dira estatistikek agerian jartzen duten bezala.
Nire adineko jendeak zer aukera genuen euskaraz ikasteko sasoian? Garai hartan, eskola ‘nazionala’ zen publikoa. Zorionez, euskara bere txokoa bilatzen joan zen, diktadorearen ezkutuan. Hura agintera, Jainkoaren graziaz iritsi bazen ere, (a zer nolako grazia!) joan zen zulora eta euskarak nolako indarra hartu duen geroztik eskola publikoan. Lehenbiziko andereño eta maisu klandestinoen ondoren, zenbat irakasle beren buruak prestatzen, euskaraz ikasten etab. zenbat lan eta izerdi! Eta gurasoak ere. Hauek ere aitortza merezi dute. Eta euskal eskola publikoaren jaiak ere horretarako izan behar du.
Eskola.
Eskolaren papera zein izan den, zein den eta zein izan behar duen ere gogoeta egitea ez legoke gaizki. Gizarteak badu zer egina, familiak ere bai. Formazioa instrukzioa baino zerbait gehiago da. Hortaz, eskola gizarteratu honen eguna ospatzea bidezkoa da. ‘Josi ta josi’ leloaren bidez zabaldu nahi den mezua da aniztasunetik eta honek dakarren aberastasunetik abiatu eta elkarbizitzan oinarritutako gizarte kohesionatu baterantz bide egitea, elkarrekiko errespetua, tolerantzia eta askatasuna oinarri dituzten balioak landuz.
Eta publikoa. Batzuek, praktikan, uste bide dute publikoa dena ez dela inorena. Ez, ez da horrela. Publikoa guztiona da eta denona den zerbait guztion artean jagon behar dugu, laguntza eman eta maitatu. Aginte publikoek, herritarron borondatearen interpretatzaile diren heinean, denona den eskola hau bereziki mimatu behar dute. Sasoi honetan lurralde bakoitzean ikastolen festak antolatzen direlarik, ez naiz hemen hasiko euskararen aldeko jai horien premia ukatzen. Eskola publikoak ere baditu bere premiak, bere arazoak eta gabeziak. Holako jaiak geure kontzientziak esnatzeko, ditugun premiak agerian jartzeko, gogoetarako… beharrezkoak dira. Jai honek euskaldun guztiona behar du, maiz aski umezurtz bezala tratatzen baitugu, inorena ez balitz bezala, kaleko ume bezala. Arnasa piska bat eman diezaiogun euskarari eta eskola publikoari. Txalo zaparrada ozena merezi dute orduak eta orduak sartzen eta esperantza guztiak beren aurrengan dituzten aita-ama, andereño, eskola-zuzendari horiei. Gustatuko litzaidake jendetza izugarri bat ikustea Zabalganan. Antolatze lanetan partaide izan diren bolondresek ere merezi dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!