Hogei urte badira zerbait
Carlos Spagnuolo handiak tangoaren ateak ireki zizkigun Hala Bedi irratiko La Tanguería irratsaioan, eta tango haietako batetik ikasi genuen hogei urte ez direla ezer. Niri, ordea, duela bi hamarkadako efemerideak gogora ekartzeak zahar samartuta sentiarazten nau, orduantxe gertatu baitziren nire bizitzako pasarte epikoenetako batzuk.
Pasa den astean gogorarazi zidaten hogei urte pasa direla derrigorrezko zerbitzu militarra bertan behera gelditu zenetik. Gazteenei akaso arrotz samarra irudituko zaie, baina izan zen garai bat non mutilok, hamazortzi urte betetakoan, urtebetez bahitzen gintuzten armada espainiarrean bortzaz zerbitzatzeko. Erromantiko gutxi batzuek gerora milakarena bilakatuko zen desobedientzia zibileko ariketa bati ekin eta soldaduzka joateari uko egin zioten. Hasierakoek kartzelaz ordaindu zuten atrebentzia. Ehun intsumisotik gora ere izan ziren batera, besteak beste, Iruñeako presondegian. Hala ere, gutxi batzuek abiatutako ekintza kolektibo hori urteen poderioz masa mugimendu bilakatu zen. Hainbesteko babes soziala jaso zuen intsumisio mugimendu harek ezen batzuk harekin bat egin genuenerako sistema gainezka eginda zebilen soldadutza errefuxatzen genuen gazte guztiok kartzelaratu ezinik. Huraxe izan zen gure momentua eta sistemaren aurkako gizarte osoaren garaipena.
Lucio Urtubia ekintzaile anarkista naparra zena, irratira egindako bisita batean, kexu agertu zen gaur egun ez zegoelako berak 70eko hamarkadan abian jarritako bankaren aurkako ekintza bide zuzenari helduko zionik. Nik, orduan, erantzun nion hori; City Bankeko bidaia txekeak eskuz faltsutuz munduko banka kolokan jartzea, alegia; bere garaian baino ezin zela egin, gaur egun dauden gizarte kontrol baliabideak direla medio, ezinezkoa litzatekeela.
Eta nago gaur egun duela hogei urteko intsumisio mugimenduaren moduko desobedientzia zibileko estrategia masibo bat ere ezinezkoa litzatekeela. Beste garai batzuk ziren. Legebiltzarreko hesietara lepotik lotu, kaleak baimenik gabe hartu, zubi altuenetik zintzilikatu, gobernu militarrera pintura jaurti edota alkatearen bulegoko besaulkira kateatzen ginen eta ordainean makilkada batzuk jaso eta kontatzeko istorio epiko bat eramaten genuen etxera. Prentsari deitu eta kazetariak bidaltzen zituzten ekintzen berri jasotzera, eta gero kontatu egiten zituzten… gero, baina, zigor kode berria ezarriko zuten, eta harekin batera isunak, eta kaleak erabiltzeko debekua, eta desobedientzia mugimenduaren ukazioa hedabide hegemonikoetan… eta joku esparrua aldatu egin ziguten. Zer ez ote liguketen leporatuko gaur egun duela hogei urteko ekintza zuzen horietako bat burutuko bagenu!
Huraxe izan zen gure momentua. Eta momentu horretan baino ez zuen zentzurik izan borroka harek. Ez zen bidaia txekeak faltsutzeko garaia, horrek ez zukeen funtzionatuko, eta nago orain ere ez dela duela bi hamarkadako borroka estrategiak funtzionarazteko garaia. Garai bateko errezetek ez dute beste baterako balio. Geure burua eta borroka berrasmatzeko garaia delakoan nago. Mundua hankaz gora jarriko duen aire fresko bolada bat behar dugu. Izan ere, hogei urte ez dira ezer, baina badira zerbait.
Koldo Alzola
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!