Haustura edo inpostura
Gaur 44 urte betetzen dira frankismoaren legatuaren jarraipena legeztatu zutenetik. 4 hamarkada luze, dena lotuta eta ondo lotuta utzi zutenetik. Baina ea mende laurden bat ere, Hego Euskal Herriak iruzur honi ezetz esan zionetik eta hausturaren hautuan kokatu zenetik.
Ezetz hau isla izan zuen bozkaketaren emaitzetan, non erdiak baino gehiagok ez zuen bozkarik eman. Hauetako batzuk, agian, EAJ-PNVren proposamena jarraituz; beste batzuk, seguraski, arrotza egingo zitzaieleko prozedura elektoral hura. Bozkatu zutenen artean, gutxiengoak esan zion ezetz, baina datu guztiak batuta, hiru biztanletatik euskal herritar batek soilik eman zion baiezkoa gizon frankista eta damutuen artean idatzitako tratatuari.
Hala ere, haustura jarrera bat ez da adierazten hauteskunde batzuetan abstentzioaren aldeko apustua hartzen edota ezetz bozkatzen bakarrik. Trikimailu horrekin bat egin ez genuela berresten duenak urteetan herri honetan egon den borroka izan da eta honen eraginez jendartean sortu edota mantendu izan den izaera kolektiboa.
Zoritxarrez, azken hamarkadetan, arrazoi anitzengatik, jendartean gailendutako nortasun hau desagertzeko arriskuan dago. Galera hau ez da suertatu egun batetik bestera, eta ez da izan gertakizun zehatz baten ondorio zuzena. Jarrera apurtzaile horren eraikuntza kolektiboa, eta bere iraupena urteetan zehar, prozesu luze eta historiko baten emaitza izan zen bezala, oraingoan, kontrako norabidean ibiltzen ari garen bidea ez da egun batetik bestera errepidez aldatu garelako eman, kanpo eta barne faktorez bultzatutako tendentzia luzea izan da hau.
Kanpo aldagaiak soilik gugandik jarduten baldintzatzen saiatu gaitezke, kontrakoaren ekintzetarako prestatzen, edota bere ekimenak ahalik eta gehien baliogabetzen edota moldatzera behartzen. Aldiz, gure barne kontraesanak, gatazkak edota gabeziak garaiz ez detektatzeak eta hauetarako neurriak ez hartzeak amildegira eraman ahal gaitu.
Abenduaren 6 honetan, eta mega-akuedukto izango den astean, Euskal Herriko langileriaren gehiengoa oporretan, deskantsuan edota aisialdian pentsatzen ari da. Batzuen begietarako nostalgikoak direnak soilik mobilizatuko dira egun hauetan haustura postura batetik, gutxiengo onargarria eta ez baldintzatzailea izanik. Instituzionalizatutako indar politikoek ez dute status quoarekin apurtuko eta gehienez, itxurakerian oinarritzen diren adierazpenak egingo dituzte. Ikasleok, langileok… jai eguna izango dugu eta espainiar estatuko edozein tokian bezala arituko dugu.
Hausturatik inposturarako jarrera suizida honekin mozteko, euskal langile mugimendua bere orokortasunean berrosatu behar dugu. Eta honetarako, 70. hamarkadan bezala, estatu espainol eta frantsesak ezartzen diguten sistema kapitalista zapaltzailearekin apurtzearen alde gaudenon arteko batasuna ezinbestekoa da, kaleetan, auzoetan eta herrietan; baina baita ere, Herriaren erreferente eta aitzindari politikoa gorpuztuko duen antolakunde politikoan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!