Arabako Arkeologia Objektuak VI: La Hoyako kutxatxoak, eszisio bidez apainduak
-
Jaione Agirre: Arabako Arkeologia Objektuak VI: La Hoyako kutxatxoak, eszisio bidez apainduak00:03:07
La Hoya herrixka (Guardian) Arabako aztarnategi ezagunenetako eta garrantzitsuenetako bat da. Brontze Arotik hasita II. Burdin Arora arteko aztarnak ditu batik bat, eta azken hau da bere garairik ezagunena.
Herrixka honetaz gauza asko esan litezke, besteak beste, eraso bat jasan zuelako, eta horregatik bere bizimodua nolakoa zen fosilduta geratu zelako hein handi batean, nahiz zatiren bat berregin eta bizileku izaten jarraitu. Herrixka hau garatuta zegoen, bere urbanismoak eta bertan topatutako nekazaritza, artisautza eta merkataritza aztarnek adierazten duten moduan.
II. Burdin Aroan, K.a. II-I. mendeetan, nekazaritza ondo zabaldu zela, tornoz egindako zeramika oso fina zerbiltela, gorpuak erraustu egiten zituztela eta eliteko kideak hatu aberatsekin hilobiratzen zituztela dakigu.
Etxeen barne egitura ere ikusi ahal izan da, sarrerako lana egiten duen zati batekin, sua zegoen gela nagusiarekin eta biltegi moduko batekin. Era berean, berezia da La Hoya, lur lauean eraiki zelako, garai hartan herrixka gehienak mendi muinoetan kokatutako kastro gotortuak ziren arren (gaur egun Guardia hiribildua dagoen lekuan bezala edo Dulantziko Henaion dagoen bezala edo Karankako Los Castros de Lastran bezala).
Gainera, Mesetako beste leku batzuetan ere agertu diren kutxa txiki batzuk agertu dira, laukizuzenak eta lau hankadunak eta eszisio bidez apaindura geometrikoa dutenak (Euskal Herriko egurrezko kutxek duten dekorazioa gogorarazten digutenak). Buztin laukien bidez eginak eta gero fresko zeudela egindakoa da dekorazioa, zatiak erauziz. Ondoren egosi egiten ziren, oxigenoa erruz sartzen zen labeetan eta hortik haien kolore gorrixka.
Oso pieza bereziak dira eta ez dakigu beren erabilera zehatza zein zen: batzuk diote hildakoen errautsak gordetzeko ontziak izan zitezkeela, bolumenezko neurriak (lakaria bezala) zirela ere esan izan da, erritualetarako ontziak zirela, etab., pentsa, gatzontziak zirela ere esan izan dela!
Jaione Agirre
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!